Negar malkoek gauza gehiegi kontatu dute
Harrapatu gaituzte errekorrek, marka ikusgarriek, sekula erreparatu gabeko kirolek; miretsi ditugu Noah Lyles, Femke Bol, Armand Duplantis, Sifan Hassan, Leon Marchand, Katie Ledecky... Gaitzetsi dugu Israelen zuriketa eta enpatizatu dugu Palestinako zortzi kirolariekin, kirola batzuetan emaitza batetik harago doala sinetsi dugulako, Olinpiar Jokoen esentziaren amarruan erori garelako. Polita da, izugarria da mundu mailako kirol ikuskizun hau, lau urtetik behin egiten dena, horrek are handitasun handiagoa ematen diona; kirolzaleek eta kirolzale ez direnek partekatzen dituzten istorioak tendentzia bilakatzen dira. Olinpiar Jokoek badute bere horretan zirrara berezi bat, ez gaitezen engaina demagogia azkarrarekin. Handitasunaren sinonimo da eta gaurko gizartean denok nahi dugu handitasun horren parte izan, ingelesezko “FOMO” sindromea dugulako: zerbait galtzearen beldurra (“fear of missing out”).
Ospatu dugu Pau Echanizen brontzea -euskal ordezkariek bakarkako kirolean erdietsi duten domina bakarra- gure futbol-talde kuttunaren gola balitz bezala, Pau etxekoa balitz bezala, familiakoa... Handitasun horren erdian erakutsitako gertutasunaren seinale, piraguismoak azken lau hitzordu olinpikoetan eman duen arrakastaren segida, Maialen Chourrauten «legatuaren» oinordekoa.
Hurrengo lau urteetan, baina, fokuak itzaliko zaizkie. Usurbilen eraikitzekoa zen ur bizien kanalaren propaganda lau urtetik lau urtera joan da argitara atera eta desagertzen. Txirrindularitzan ere oinarria, harrobia, ari da ahultzen baliabide gabeziengatik, euskal atletismoaren etorkizuna non dagoen bistaratzea ere kosta egiten da...
Los Angeles urrun dago, distantziaz eta denboraz. Hara begira jartzeko esan diegu kirolari gazteenei, lau urte hauetako motxilaren pisua ezagutu gabe. Polita da euskal atletak, beraien txikitasunetik, ekimen handian ikustea, gure ordezkaritza gabe horretan beraiek gure itsasargi izatea, baina lehiatu osteko negar malkoek askotan gauza gehiegi kontatu dute. •