ARRAUNAK EGIN ZUEN LOTURA; ORAIN JARRAIPENA DU TXIRRINDULARITZAN
11 urterekin hasi ziren arraunean Santurtzin Jon Carazo eta Ander Zabala. 2012an Espainiako Txapelketa irabazi zuten biko aulki mugikorrean. Aurten txirrindularitzara egin dute salto. Carazo LIDL Trekeko sukaldaria da, eta Zabala, berriz, Laboral Kutxa eta Euskaltel Euskadiko prestatzaile fisikoa.
Arraunak batu zituen 11 urterekin Jon Carazo (Barakaldo, 1990) eta Ander Zabala (Santurtzi, 1992), baina orain txirrindularitzako talde teknikoetan lan egiten dute, ziklisten pedal kolpea hobetu nahian. Zabala Laboral Kutxako eta Euskaltel Euskadiko prestatzaile fisikoa da, baita Urdaibaikoa ere, eta Carazo LIDL Trek taldeko sukaldaria da. Azken hori Giroan egon da, besteak beste, Elisa Longo Borghinirekin, zeinak lasterketa irabazi duen. Orain, Tourrean dabil buru-belarri.
Hamaika urterekin hasi ziren arraunean, Santurtziko Arraun Elkartean. Carazo kirolzalea zen eta, ondoan bizi zenez, arraunean hasi zen. Zabalari, aldiz, familiatik datorkio zaletasuna. German Barquin du birraitona, Zierbenan Espainiako Txapelketa irabazi zuen lehen traineruko patroia, eta aitak, Ignazio Zabalak, Kontxako Bandera bat irabazi du Kaikurekin.
Aulki mugikorrean eta finkoan aritzen ziren. Senior mailara arte ez zuten batera arraun egin. 18 urte zituztela aulki mugikorraren aldeko apustua egin, eta Espainiako Txapelketetan lehiatzen hasi ziren. Hala, 2012an Espainiako Txapelketa irabazi zuten biko aulki mugikorrean. Orduan “Sotera”-n zeuden biak, baina klubarekin izan zituzten arazo batzuengatik -klubak trainerua nahi zuen, ez aulki mugikorra- Oriora aldatu ziren. Bertan aulki mugikorrean jarduteko aukera izan zuten.
Orduan, 18 urterekin, Carazo Sevillara bizitzera joan zen, Espainiako selekzioarekin; hamar urte egin zituen. Zabalak, berriz, Euskal Herria eta Sevilla tartekatzen zituen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari baitzen Gasteizen: «Joan-etorri ibiltzen nintzen, hiru aste Sevillan eta bat etxean. Horrela, ikasketak amaitu arte». Zabala 2014an joan zen Sevillara bizitzera. Ez ziren batera aritzen, Zabala pisu arinean zebilelako, eta Carazo pisu librean.
Barakaldarrak esan du Espainiako Txapelketako aulki mugikorreko modalitate guztietan urrea lortu duela, binakakoan izan ezik. Zabala 23 urtez azpiko Munduko Txapelduna izan zen launaka, eta 2016an Rioko Olinpiar Jokoetara joatear egon zen. Suitzan izan zuen bigarren aukeran ez zuten lortu aulki mugikorreko laukoan Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzea. Orduan Santurtzira itzuli zen tostako arrauna egitera. Arraunlaria ez ezik, prestatzaile fisikoa ere izan zen. «Iker Zabalari deitu zioten entrenatzaile izateko, eta ni prestatzaile. Han hasi zen gure ibilbidea». 2017tik 2021era “Sotera”-n egon zen Zabala. Eta hortik, Bermeora.
ALDAKETA URTEA
Zabalak ez bezala, Carazok aulki mugikorra eta finkoa tartekatu ditu Orion azken lau urteetan: «Sevillan gauzak nahi ez genuen bezala joaten hasi ziren, urte asko ziren, eta aldaketa bat egiteko momentua zen. Espainiako Selekzioan ez gintuzten tratatzen profesionalak bagina bezala, eta ahotsa altxatu genuenok ondorioak izan genituen. Jon Salsamendik dena oso erraz jarri zidan, eta trainerua probatzeko momentua iritsi zela uste nuen». 28 urterekin Sevillatik etxera itzuli zen.
Carazori beti gustatu izan zaio aulki mugikorra, eta oraindik ere lehiatzen da. «Niretzat plazera da». Zabalak, ordea, biak ditu gustuko, eta harentzat aulki mugikorra «deskubrimendu bat» izan da.
Carazoren eta Zabalaren azken denboraldia arraunean desberdina izan da. Santurtzikoak iaz Kontxako Bandera eta Eusko Label Liga irabazi zituen Urdaibairekin. Barakaldokoak, berriz, ez zuen urte samurra izan Orion. «Kirol arloari dagokionez, urte gogorra izan da. Denok pentsatzen genuen taldeak bazuela gaitasuna hobeto aritzeko, gauzak ez ziren atera, baina ez nekien azken urtea izango zenik».
TRAINERUTIK BIZIKLETARA
Iaz, arrauneko denboraldia bukatzen ari zela, Zabalak Aitor Galdos Euskadi Fundazioko managerraren deia jaso zuen. Hasiera batean Laboral Kutxako prestatzaile gisa hasi zen, baina hilabete pasatu ondotik, Euskaltel-Euskadikoa ere izateko esan zioten. Orduan, arrauna utzi egin behar izan zuen, baina prestatzaile fisiko gisa jarraitzen du Bermeon.
Zabalak ez bezala, Carazok arraunean jarraitu du Orion joan den abendura arte. Manuel Rodriguez Orioko medikuaren bitartez lortu zuen bat egitea LIDL Trek taldearekin. «Lagunak ginen, eta LIDL Trek taldeko sukaldaria da. Hark esan zidan leku bat zegoela taldean eta profil interesgarria nuela. Elkarrizketa bat egin nuen taldearekin, abenduan taldearen egonaldi batera joan nintzen, eta orain arte».
Zabalak bezalaxe, Carazok ere tostako arrauna utzi egin behar izan zuen: «Txirrindularitza eta tostako arrauna ezin dira uztartu. Egia da entrenatzea gustatzen zaidala, baina ezin dut hogei pertsonako talde batekin konprometitu».
Carazok Oriora itzuli zenean, gastronomiako gradua ikasi zuen Basque Culinary Centerren. «Sukaldaritza gustatzen zait. Kirolaren munduan bazaude, nutrizioaz nahitaez jakin behar duzu, eta orduan aukera interesgarria iruditu zitzaidan». Horrez gain, LIDL Trekeko sukaldariak adierazi du urte asko zeramatzala pentsatzen nola baliatu zezakeen prestakuntza akademikoa eta hainbeste urtez goi-mailako kirolean ikasitakoa. «Aukera ezin hobea» izan da Carazorentzat, eta bizitzeko modua ez ei du «hainbeste aldatu».
Barakaldarrak Vuelta eta Giroa egin ditu taldearekin, eta orain Tourrean da. Itzuli luzeetan haren egitekoa gosaria eta afaria prestatzea da, taldeko nutrizionistarekin menua adostu eta txirrindulari bakoitzaren beharretara egokitzeko. Zabalak, berriz, lasterketetako datuen analisia egiten du: «Zuzendariekin ikusten dugu zein diren etapako momentu garrantzitsuenak. Hortik etapako txirrindulari guztien informazioa ateratzen dut, gero zuzendariei pasatzeko».
Lehiaketatik kanpo, Zabalaren egitekoa txirrindularien entrenamenduak prestatzea da. Arraunean plan bat egiten da talde guztiarentzat, eta txirrindularien kasuan bakoitzak berea du: «Traineruan entrenamendua berdina da. Txirrindularien kasuan, berriz, nork bere profila du, eta plan espezifikoak egiten ditut».
watt-Ak eta pisua
Jakitun dira arraunean eta txirrindularitzan ez daudela baliabide berberak. «Tostako arrauna Kantauri itsasoan egiten da, eta txirrindularitza mundu guztian. Txirrindularien mailan asko antzematen da; kontuan hartuta Laboral Kutxa eta Euskaltel Euskadi ez direla World Tour mailako taldeak», hausnartu du Zabalak.
Carazok esan du arraunak baliabide «eskasak» dituela. «Ez da berdina sukaldariak egunero jan behar duzuna mahai gainean jartzea, nutrizionista batek gainbegiratuta, etxean bazkaltzea baino».
Txirrindularitzan dena neurtuta dago. Zabalak azaldu du datu gehiago biltzen dituztela txirrindularitzan. «Potentziometroa dugu, test asko egiten ditugu, eta kontrol mediko asko egiten dira». Arraunak, berriz, mugak ditu, Zabalaren ustetan: «Adibidez, badakigu watt-en kontua arraunean ez dagoela hain garatua».
Iritzi bera du Carazok. Gosaria eta afaria prestatzen diete txirrindulariei buffet eran, eta beraiek platera baskula batean jartzen dute, eta badakite elikagai bakoitzeko zenbat gramo behar dituzten. Arraunean hori ezin da neurtu.
Zabalak gaineratu du azken urteetan arraunean pisuari garrantzi «handia» ematen zaiola. «Txirrindularitzan askoz kontrolatuago dago. Pisu baxua bai, baina batez ere errendimendu altua behar da. Arraunean ahalik eta finen egon arren, errendimendua murriztu liteke».
Biei galdetuta ea zer duten beren lanean gustukoen, zalantzarik gabe erantzun dute: kirolariekin egotea.