15 AGO. 2024 EIBAR Proiektu berriak ilusioari eutsi nahi dio, helburuari izen berezia jarri barik Hiru denboralditan jarraian igoerak atzamarren artetik ihes egin ondoren, Eibarrek kontuak estutu eta taldea gaztetu du. Berriz ere Joseba Etxeberriaren gidaritzapean, armaginek goian egoteko gogoa dute baina betebeharraren presioa arinduko dute. Gazte «gosedunaren» profila lehenetsi du Eibarrek taldea egiteko orduan. (SD EIBAR) Amaia U. LASAGABASTER Denboraldiarekin batera, garai berri bati ekingo dio Eibarrek larunbatean, ekainean hartutako kolpeak amaiera eman baitzion klubak Lehen mailara itzultzeko diseinatutako hiru urteko proiektuari. Lehen ondorioa kontuetan gertatu da. Ekonomia osasuntsua bada ere, horrelaxe jarraitzeko asmoarekin zenbakiak berregin dituzte agintari armaginek, diru sarreren murrizketa nabarmenari aurre egitearren. Atal guztietan igarriko da eta, jakina, taldearen konfigurazioa dago tartean. Kasu batzuetan Eibarrek hala nahi izan duelako eta besteetan klubaren borondateaz bestera -klausulen ordainketak bere alde ona izan badu ere, azken finean dirua ekarri duelako-, 15 dira guztira alde egin duten jokalariak. Horien artean dira kamiseta armaginarekin ibilbide luzea izan dutenak eta azken hiru urte hauetako proiektuan pisu handia izan duten futbolariak. Joseba Etxeberria eta bere talde teknikoaz gainera, zortzi dira -gutxiago, seguruenik, merkatua ixten denerako- Ipuruan jarraituko duten futbolariak, gaztetutako proiektuaren parte izateko. 13 fitxaketen artean jokalari eskarmentudunak ere badauden arren (Puertas, zesiotik itzuli den Chema...), profil orokorra gertuago dago Eibarrek bere historian erabili ohi duenetik: elitean lehiatzeko gai direla erakutsi nahi duten gazteak. Hain ohikoa izan ez den harrobiaren ekarpena gehi dakioke, Madariagaren, Arrillagaren eta, agian, Ericen aldetik. Gazteekin eroso sentitzen dela eta beraien bertuteak bilatzen dakiela erakutsi duen entrenatzaile baten gidaritzapean lan egiteko zortea izango dute. Beraien lehen «zerbitzua» dagoeneko eskaintzen ari dira. «Ilusioz eta gosez beteta etorri dira. Eta horrek denoi bultzada emango digu», adierazi du Anaitz Arbillak, ekarpen animikoaz gain, «kalitatea eta lehiakortasuna ere» emango dutela nabarmenduz. Heldu berrien indarrarekin zauriak osatuz, ilusioa aurreko urteotan bezain altua mantenduko da. Eibartarrek, berriz, ez diote helburuari izen berezirik jarriko. «Ez dugu errealitatea ez den beste ezer salduko. Goiko postuetan egotea da helburua», esan du kapitainak. Igoera hitzak, agertzekotan, denboraldiaren azken txanpara arte itxaron beharko du. Baita betebeharrak sortzen duen presioa ere. ALDAKETAKKasu batzuetan Eibarrek hala nahi izan duelako eta besteetan klubaren borondateaz bestera, 15 dira guztira udan alde egin duten jokalariak. Etorritako hamahiruen artean, lau zesioetatik itzuli dira. Gainera, harrobiaren ekarpena inoiz baino handiagoa izan daiteke, Madariaga, Arrillaga eta Eric gazteen eskutik.