Jaiak, salbuespen dibertigarria... batzuentzat
Marijaiaren txanda da. Atzo iritsi zen Bilboko Aste Nagusira, beti legez beso zabalik. Edo eskuak gora, pistola batek mehatxatuko balu bezala, nahiz eta haren aurpegiak ez duen beldurrik adierazten, dantza eta olgetarako gogoa baino.
Jaiak zenbait egunetako salbuespena omen dira, egunerokoaren etena dibertsio etengabean. Hala ere, eten hori ez da erabatekoa izaten, ezta etena ere hainbatentzat. Esate baterako, jaietan egoterik ez daukatenentzat.
Ez dira etena emakumeentzat eta LGTBI kolektiboarentzat, biztanleriaren erdia baino gehiagorentzat, hain zuzen. Joan den astean Murgoitioren leihotxo honetan esan nuen, eraso matxistei dagokienez, jaien alde ilunak bere mailari eutsi ziola Gasteizen. Ez dakit erasoak iaz baino gehiago edo gutxiago izan diren; edonola ere, maila zital hori jasanezina da betiere. Bada autodefentsa feminista aldarrikatzeak asaldatu egiten duenik; «feminista erradikalen» aldarria dela diote batzuek, «feminaziena» beste batzuek. Ez dut uste eraso horien aldekoak direnik, baina horrelakoak entzunda badirudi emakumeek fenomeno hori jasan beste biderik ez dutela, trumoiak jotzen duenean bezala.
Eta, jai betean ere, nola ahaztu Palestinako sarraski etengabea, azken hamar hilabetean genozidio bihurtua? Noiz dira Gazako jaiak?
Ekainaren erdi aldera izaten da Eid al-Adha, Sakrifizioaren jaia, munduko musulmanek ospatzen dutena. Aurten hainbat gazatarrek ez dute ospatzerik izan: 37.000 hildakoek (dagoeneko 40.000tik gora dira), 10.000 desagertuek, ia 100.000 zaurituek... Inork ez du ospatu, eta ez nortasun agiria eskatuko dieten edo atxilotuko ote dituzten beldurrez. Handik ihes egin behar izateko beldur ere ez dira orain artean heriotzari nekez ihes egin diotenak.