28 AGO. 2024 JOPUNTUA Egia kutunak Kepa KORTA Irakasle eta ikertzailea Indibidualki zein kolektiboki, denok dauzkagu geure egia kutunak; egiazkotzat hartzen ditugun eta nekez baztertuko ditugun usteak, alegia. Filosofian, analitiko esaten zaie horietako batzuei, eta bi mota bereizi: batzuk, tautologiak, bere forma logikoagatik soilik dira egiazko −«Ez da gizon heldu ezkondu gabekorik ezkondua denik», adibidez−. Beste batzuk bere esanahiagatik soilik dira egiazko −«Ez da donadorik ezkondua denik», esate baterako−. Azken adibide honen kasuan, «donado» eta «mutilzahar» sinonimo direla jakinda, perpausaren esanahia ulertzea nahikoa da egiazkoa dela jakiteko. Oro har, egia analitikoak benetan egiazkoak direla egiaztatzeko ez dago logikaz edo hizkuntzaz haragoko munduko gertakari edo egitateetara jo beharrik. Munduarekiko independentea da bere egia eta, gertaerak gertaera, printzipio edo lege nagusitzat hartzeko joera daukagu, errebisio sistematikotik libratzen ditugun egia kutuntzat, bai uste-sistema psikologiko indibidualetan, bai jakintza-sistema kolektiboetan. Filosofiak ezer erakutsi badigu, ordea, erakutsi digu ez dagoela pentsamendurik azterketa eta berrazterketa teoriko eta enpirikotik libre dagoenik. Kutuntasuna, gainera, ez da analitikotasunaren baliokidea. Konbikzioa ez da analitikotasunaren ezaugarria, eta, ustezko analitikotasuna bera ere berraztertu beharreko ezaugarria da. Pertsona intersexualen eta transgeneroen existentziatik hasita, gero eta arrazoi teoriko eta enpiriko gehiago dago esateko «Ez da pertsonarik bietako bat ez denik: gizon ala emakume» ez dela egia analitikoa, ez baita egia. Kontuak nahikoa eragina dauka hainbat eta hainbat pertsonaren identitateari lotutako bazterketan eta sufrimenduan, eztabaida serio, zorrotz eta errespetuzkoa merezi izateko. Kezkagarria da, horregatik, Olinpiar Jokoetako boxeolari batzuen harira, J. K. Rowling idazleak eta Richard Dawkins biologoak, eta haien atzetik beste askok, erabilitako diskurtso dogmatikoa eta iraingarria. Komeni zaie jakitea, bere egia kutunetako batzuk, kutunak bai, baina, egiaz, ez direla analitikoak; ez direlako, akaso, egia. Filosofiak ezer erakutsi badigu, erakutsi digu ez dagoela pentsamendurik azterketa eta berrazterketa teoriko eta enpirikotik libre dagoenik