31 AGO. 2024 KOLABORAZIOA Baionako epaileei gutuna Gorka ROCA TORRE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kidea Baionako auzitegi judizialeko epaile andere-jaunak, agur. Euskarak frantses Estatuko agintariengandik pairatzen duen tratamendu bidegabea salatzeko euskaltzale batzuek egin ginituen ekintza batzuetan esku hartzeagatik martxoan Baionan epaitu ninduzuen. Epaiketa hasieran, euskaraz deklaratu nahi nuela adierazi nizuen. Prokuradorea horren aurka agertu zen, haren iritziz frantsesez ongi hitz egiten nuelako, euskaraz deklaratzen banuen epaiketa itzulpenagatik luzatuko zelako eta frantses Konstituzioaren arabera euskaraz deklaratzea debekatu behar zitzaidalako. Epaile nagusiak euskaraz deklaratzea ukatu zidan. Orduan, euskaraz zergatik deklaratu nahi nuen frantsesez azaltzen hasi nintzaion. Berehala hitza moztu zidan eta ez zidan utzi azalpenak emaiten. Epailearen jarrera bidegabe horrek epaiketa bera bidegabea zela hasieratik agerian uzten zuen. Hain zuzen, nola epaitzen ahal ditu epaile batek euskarak pairatzen duen tratamendu bidegabea salatzeko euskaltzaleek egindako ekintzak zuzentasunez, epaile horrek euskarari tratamendu bidegabea emaiten badio? Euskal Herriko frantsesaren aferan, epaileak epaile eta arazo zirezte. Horiek hola, epaiketa bidegabe horretan ez esku hartzea erabaki nuen eta epaitegitik atera nintzen. Epaileak mintzatzen utzi baninduen, onetsi zituen prokuradorearen iritziak ez zirela justifikazio zuzenak adieraziko nion. Hain zuzen, euskaraz gain frantsesa menderatzeak ez du euskaraz deklaratzea debekatzea zilegi egiten. Frantsesez eta gaztelaniaz usu hitz egiten dut, bi hizkuntza hauek biziki maite ditut, baina euskaldunok Euskal Herrian euskaraz bizitzeko zilegitasuna badugu. Euskaraz deklaratzeak epaiketa itzulpenagatik luzatuko lukeela? Euskara ulertzen ez dutenek lukete epaiketa luzatuko! Euskara ulertzen ez duzuen prokuradore eta epaileak, euskara ikasten laguntzen ahal zaituztegu. Frantses Konstituzioak euskaldunoi euskaraz deklaratzea debekatzen baldin badigu, Konstituzio bidegabea, gizatasunik gabekoa eta hizkuntza hiltzailea da, eta epaileek desobeditu behar diozue. Epaitegitik atera nintzen, beraz, eta epaiketa segitu zinuten, zilegitasunik gabe, epaiketa batean akusatuak deklaratzeko aukera ukan behar baitu, eta aukera hori ukatu zenidaten. Salaketa ekintzak zergatik burutu ginituen azaltzea ukatu zenidaten. Eta bidegabeki gogorki kondenatu ninduzuen: hilabete bat presondegi atzerapenarekin eta 500 euroko isuna. Ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatzeko, joan den maiatzaren 17an bost euskaltzalek Baionako Suprefeturaren kanpoko horman «Geldi euskara zapaltzea» idatzi ginuen. 2022 eta 2023an, euskarari lehentasuna emaitea eskatzeko, hainbat euskaltzalek Nafarroa Behereko hamaika herritan bide seinale erdaldunak kendu eta Portugaleteko Bizkaia Zubiaren ondora eraman ginituen. Unescok zubi hori Gizateriaren Ondare Kultural izendatu zuen. Ekintzaile euskaltzaleek euskara, munduko gainerako hizkuntza guziekin, gizateriaren ondare kulturala dela adierazi ginuen; frantziar eta espainiar Estatuetako agintariek euskara zapaltzen dutela eta egoera horren aitzinean Unesco mutu egoiten dela salatu ginuen ere. Ekintza hauetan esku hartzeagatik, irailaren 10ean Baionan epaituko nauzue. Epaiketa honetan ere euskaraz deklaratzeko asmoa dut. Hizkuntzen aniztasunaren edertasunarentzat eta justizia euskararentzat gauzatzeko, euskaraz deklaratzen utz iezadazue. Epaile andere-jaunak, har itzazue nire agur zintzoak. Behorlegin, 2024ko agorrilaren 27an.