Nahia ez da nahikoa
Ezin esango da duela bi aste Wang Yi Txinako Kanpo Arazoetako ministroak Myanmarrera egin zuen bisita arrakastatsua izan zenik. Seguruenera, berak ere ez zuen halakorik esperoko. Edonola ere, su-etenaren eske joan zen eta, ondorengo hamabost egun hauetan, gatazka gogortu baino ez da egin: ekialdean, Katxin estatuan; mendebaldean, Arakanen....
Agian, emaitza hori aurreikusten zuelako egingo zuen Wangek, gainera, txinatar diplomazian ezohiko samarra den zerbait: gatazkak nola amaitu behar lukeen iradoki zion Min Aun Hlaing jeneral / gobernuburuari. Hauteskunde «inklusiboen» bitartez. Boterea partekatu egin beharko dela esatea bakarrik falta izan zitzaiola esango nuke. Alfer-alferrik, noski. Oraingoz.
Baina bestelako abagune batean Txinarentzat anatema izango litzatekeen «besteren barne-arazoetan esku-sartzetik» hain gertu dagoen horrek erakusten du Myanmarreko gerra zibila «auzoko buruhaustea» izatetik etxeko lana izatera igarotzen ari dela Beijingentzat. Eta, horregatik, Wangen bisitaldiarekin bateratsu, Hegoaldeko Barruti Militar txinatarrak aurrekaririk gabeko maniobrak burutu ditu, artilleria astunarekin eta gerra-hegazkinekin, bi herrialdeen arteko muga-mugan. Suteak nondik ez lukeen aurrera egin behar garbi uzteko.
Nahia ez da nahikoa, ordea. Myanmarreko gerraren egungo fasean argi baino argiago baitago alde guztiek kanpo-mugak kontrolatu nahi dituztela; eta zehazki, Katxin eta Shanek Txinarekiko luze eta, ia osoro, basatia. Logikoa da arrazoi asko eta sendoengatik. Eta zerikusi handia du historiak.
Baina matxino-mugimendu horiek, aldi berean, badituzte beren disidentziak ere, militarrekin bat egin dutenak. Eta etnia txikiagoek ere badituzte beren antolakunde armatuak. Panorama deabrutua da, beraz, edonondik.
Hangrui (Hangzhou-Ruili) autobide faraonikoaren ametsaren nemesis gaiztoa zena hasiera batean, beste fase batera heldu da orain. Ruiliko zubiaren beste aldean, Myanmarreko Muse-n nork agintzen duen jakin behar da.