05 SET. 2024 Iaz baino ehun ikasle gehiagorekin egin du eskola sartzea Seaskak Ipar Euskal Herriko ikastolek 4.200 ikasleko langa igaroko dute ikasturte honetan. Seaskako arduradunek eskola sartzearen nondik norakoak eman zituzten atzo Kanbon. Euskal Herriko Ikastolen kurtso hasierako ekitaldia Senperen izanen dela iragarri zuten. Kurtso berriaz aritu ziren Jorajuria eta Layus. (Patxi BELTZAIZ) Maite UBIRIA eta Iker LAGRENADE - KAZETA KANBO Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta Sophie Layus Batzorde Eragileko kideak ikastolen osasun onaren berri eman zuten Kanboko egoitzan. Izan ere, Ipar Euskal Herrian eskola sartzea testuinguru politiko ezegonkorrean egin arren, markak gainditzen segitzen dute. 2023ko kurtsoan baino ehun ikasle gehiagorekin hasi da ikasturtea murgiltze ereduan jarduten duen hezkuntza sailean. Zehazki, 4.285 ikasle bildu ditu Seaskak. Hala ere, kurtsoan zehar 4.400 ikasleren heina gaindituko dutela aitzinatu zuen Jorajuriak. Baionako eskualdean izan den matrikulazio hazkundea nabarmendu zuten Seaskako ordezkariek. Oihana ikastolan iaz baino 50 bat ikasle gehiago errezibitu dituzte, 155 orotara. Polo-Beyris auzoan kokatzen den Hiriondo ikastolak iaz baino 14 ikasle gehiago ditu (85 ikasle orotara), eta Bokalen 32 ikaslerekin abiatu da ikasturtea (9 gehiago). Ikasle berriak jaso dituzte Baxe Nafarroako ikastoletan ere, eta matrikulazio kopuruak atxiki dituzte Xiberoakoek. Halabeharrez, azken urteetan Beskoitzeko herri eskolak bizi izan duen egoerari aipamena egin zioten. Ikasturte hastapenean herriko etxeko agintari berriekin bilkura egin ondotik, baieztatu dute ados izanen direla ikastetxe horren bilakaerarekin. Beskoitzen hiru ikasle gehiagorekin abiatu dute ikasturtea. Orotara, 53 ikaslek euskaraz ikasteko aukera izanen dute. LIZEO BERRIA Sartzeak utzitako zifra nagusiak aletuta, «heldu diren urteetan ikasle gehiagori harrera egiteko gogoeta abiatu beharko dugu, ditugun ikastolak bete-beteak direlako», laburbildu zuen Jorajuriak. 2019an bi urte aitzin sorturiko Bernat Etxepare lizeoa handitzeko beharrari erantzun behar izan zion Seaskak. Ez da aski izan, eta iazko udan prefabrikatuak eman behar izan zituzten. Aurten egoera ez da errazagoa; ikasle kopuruari dagokionez, langa berria gainditu baitu Seaskak. Iaz 471 ikasle bazituzten, aurtengo sartzean 536 izanen dira. Seaskak badu zer ospatua, eta hala eginen du heldu den hilaren 21ean, iaz Senperen ireki zuen Kattalin Elizalde kolegioan. Kolegio horren inaugurazioak Euskal Herri osoko ikastolen sartze ekitaldia ospatzeko aitzakia eskainiko du.