GARA Euskal Herriko egunkaria

Ipar Korea, Ukrainaren inbasioan buru-belarri

Piongiang-ek legezkotzat jo du Ukrainara Errusiaren alde tropak bidaltzea eta Moskuk laguntza hori izateko eskubidea defendatu du. Kievek asteburu honetan iristekoak direla ohartarazi du.

Ukrainako soldadu bat, babes bila. (AFP)

Ukrainak ohartarazi duenez, Ipar Koreako soldaduak berehala iritsiko dira frontera, Errusiako tropekin batera; Vladimir Putin Errusiako presidenteak, berriz, kide den herrialde baten militarren laguntza jasotzeko eskubidea duela defendatu du, eta urrats hori nazioarteko zuzenbidera egokituko dela ziurtatu du Piongiangek.

«Ipar Koreako lehen soldaduak urriaren 27an edo 28an Errusian zehar hedatzea espero da», esan zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Oleksandr Sirski Ukrainako Indar Armatuen komandante buruarekin bildu ondoren.

Bezperan, aldiz, Ukrainako inteligentzia militarrak (GUR) esan zuen Ipar Koreako “lehen unitateak” lehen aldiz ikusi zituztela asteazken honetan Errusiako Kursk eskualdeko “borroka guneetan”, Errusiako ekialdean instrukzioa jaso ostean.

Gaiari buruz galdetuta, Vladimir Putin Errusiako presidenteak defendatu zuen Moskuk eta Piongiangek bi herrialdeek sinatutako elkartze estrategikoko itunaren 4. artikulua, elkarri laguntza militarra emateari buruzkoa, nola aplikatu erabakitzeko «eskubidea» dutela. «Erabaki subiranoa» izango dela azpimarratu zuen Putinek.

Ipar Koreako erregimena ere mintzatu da lehen aldiz. Kim Jong-gyu Atzerri ministrordeak ez zuen berria gezurtatu, eta egia balitz Ukrainaren inbasioan parte hartzeak «nazioarteko arau juridikoak» beteko lituzkeela ziurtatu zuen.

Kieven ustez, eta Washingtonen eta Seulen informazioen ildotik, Errusiako Armada Ipar Koreako 12.000 soldadurekin indartuko da, horien artean 500 ofizial eta hiru jeneral izango direla.

AEBEN BETOA

Hilabeteetan saiatu ondoren, Ukrainak ez du lortu Washingtonek AEBetako misilak Errusian kokatutako helburu militarren aurka erabiltzeko betoa kentzea eta Etxe Zuriak irtenbide alternatibo baten aldeko apustua egin du.

Astelehenean Kievera egindako bidaian, Lloyd Austin Pentagonoko buruak laguntza militarrerako bi pakete gehiago iragarri zizkion Ukrainari. Lehenengoak, 400 milioi dolarrekoak, Ukrainako Armada munizioarekin, ekipamendu militarrarekin eta armamentuarekin indartzea ahalbidetuko du.

Bigarrena, berriz, berrikuntza da AEBek Ukrainari laguntza militarra emateko politikan. Austinek agindu zuen 800 milioi dolarreko inbertsio berria egingo duela Ukrainako industria militarrean, Kievek droneen bidez irismen luzeko armamentuaren ekoizpena areagotu dezan, Errusiaren atzegoardiaren sakonean jotzeko.

Berez, Atacms misilekin Errusiari sakonean erasotzeko eskubiderik ez du Kievek.

PUTINEN OHARTARAZPENA

Gauzak horrela, Putinek argi eta garbi adierazi zuenez, Ukrainako gatazkaren emaitza edozein dela ere, «Errusiaren aldekoa izan behar du».

«Emaitza edozein dela ere, Errusiaren aldekoa izan behar du; argi eta garbi diot, lotsarik gabe. Eta, gainera, gudu-zelaiko errealitateetatik abiatu behar du», esan zuen.

Hortik aurrera, «arrazoizko konpromisoak hartzeko prest gaude», esan zuen, baina «ez dago funtsezko negoziaziorik; kontrako alderdiak uko egiten dio horri».