I. ESPARZA - A. IBARRA

Ezpeletako biperraren ekoizleen uzta %40 apalagoa izanen da

Ereiten duenak ez du beti jasotzen. Horren lekuko, Ezpeletako biperra jatorrizko deitura babestuaren (JDB) ekoizleen erakusmahaiak aitzineko urteetan baino hutsago agertu ziren iragan asteburuan, Ezpeletako biperraren bestaren 55. edizioan. Egoera larrian, aitzineko urteekin konparaturik, %30 eta %40 arteko galerak izan litezke, nahiz eta uzta ez den oraindik bukatu eta behin betiko kopuruak otsailerako espero diren.

Urte anitz daramatzate klimaren gorabeherei eta eskulan faltari aurre egiten, baina aurtengoa inoiz izan duten okerrena da. Ohi baino hilabete berantago hasi behar izan zituzten landatzeak, ekainaren hastapenean. Maiatzean prezipitazioak 189,3 milimetrokoak izan ziren Ipar Euskal Herrian, 2023an 84,6 milimetrokoak izan zirenean. Azkenean, ekaina ere euritsua izan zen. Ur kopurua 2023an eroritakoa baino bi aldiz handiagoa zen, eta, erroak uretan, biperrak zailtasunak ditu hazteko.

«Uste da urrezko arrautzadun oiloa dela, baina ez da errealitatea; kalitatezko biperra lortzeko, oren anitz eman behar dira eta eskulana behar da», zehaztu zuen Panpi Olaizola Ezpeletako JDBko lehendakariak. 250 gramoren salneurria 23 eta 25 euro artekoa izan daiteke.