Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Amatasuna(k)

Fikzioan amatasunaren gaiari loturiko kontakizun errealistak, zintzoak eta benetakoak topatzea zaila da oraindik ere. Zorionez, gauzak apurka aldatzen ari dira: aurten, esaterako, modu nahiko egokian ari da gaia jorratzen, errealitate (ia) guztiak kontuan hartuta.

Hasteko, “Mamífera”; «ez dut ama izan nahi» dioten emakumeen errealitatea erakusten du. Errealismoz eta zintzotasun handiz, emakumeen gorputzean eta buruan gertatzen diren aldaketak eta horiek sortzen dituzten emozio oso konplexuak aztertzen ditu.

Lea Fehner-en “Sages-femmes” ere adibide egokia iruditzen zait; emaginen egunerokoaren eta horien lanbideak dakarren presio neurrigabearen erretratu adierazgarria da.

Lerro hauek idaztera bultzatu nauena “Salve María” filma izan da. Egun batzuk igaro dira ikusi nuenetik eta ezin dut burutik kendu. Thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatzen den lan honetan, amatasunaren alderik ilunenean murgilduko gara. Sorkuntzaren eta amatasunaren arteko hausnarketa da, baina infantizidioaren gai beldurgarria erdigunean kokatuko du zuzendariak.

Hiru proposamen hauek aurten estreinatu dira; espero dezagun datozen hilabete eta urteetan gaia fideltasunez eta errealismoz jorratzen jarraitzea, eta, batez ere, existitzen diren errealitate guztiak aintzat hartzea.