GARA Euskal Herriko egunkaria

Harrokeria


Raising the Flag on Iwo Jima” (Iwo Jiman bandera altxatzen) argazkian AEBetako itsas infanteriako sei soldadu agertzen dira beren herrialdeko bandera Suribachi mendiaren tontorrean goratzen. Iwo Jimako batailan gertatu zen altxaera, Pazifikoko Gerraren azken txanpan. AP agentziako Joe Rosenthalek atera zuen argazkia 1945eko otsailaren 22an eta urte berean Pulitzer saria jaso zuen estatubatuarrentzat II. Mundu Gerraren irudi ikoniko bihurtuko zenak. Baita harrotasun (ala harrokeria?) militarrarena ere. Arlingtongo hilerrian 1775etik hil diren marine estatubatuarrak omentzen dituen oroitarria Rosenthalen argazkian oinarriturik dago.

Mendebaldeko artelan eta irudi ezagunetatik abiatuta sortu ditu Vasco Gargalo portugaldarrak bere bineta ezagunetako zenbait. “Aleponica” (2016) binetan, esaterako, Picassoren “Guernica” (1937) izan zuen abiapuntu Siriako gerraren izugarrikeria salatzeko. Assad, Putin eta Obamaren irudiak ezagut daitezke lurrean hilda agertzen diren gizabanakoen inguruan. Bere azken binetetako batean, berriz, Iwo Jimako bandera altxaeraren argazkia izan du inspirazio iturri. Sei laguneko itsas infanteriako soldadu taldea hilotz meta baten gainean agertzen da Israelen bandera altxatzeko eginahalean. Hitz bakarreko izenburua du binetak: “Genozidioa”.