07 NOV. 2024 HIZKUNTZ ESKUBIDEA Koska bat gutxiago balio du euskarak Nafarroako lanpostu publikoetan Euskarak ez du punturik emango Nafarroako «eremu ez euskalduneko» oposaketetan, eta kasu batzuetan bakarrik «eremu mistoan», Gobernuaren erabakiz. Atzo onartutako Merezimenduen Dekretua «oldarraldi euskarafoboaren» testuinguruan kokatu zuten Kontseiluak eta Behatokiak, eta ohartarazi «ehunka edo milaka lanpostutan» euskara meritu gisa hartzea debekatuko duela. Aurreko Merezimenduen Dekretuaren aurkako mobilizazioa, Iruñean, 2022. urtean. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA IRUÑEA Nafarroako Gobernuak Merezimenduen Dekretu berria onartu zuen atzo eta, horren arabera, euskara ez da meritu gisa kontuan hartuko «zonalde ez euskalduneko» oposaketa publikoetan, eta «zonalde mistoan», kasu batzuetan soilik. Erabakia «oldarraldi euskarafoboaren» beste adierazpen bat dela gaitzetsi zuen euskalgintzak, haserre. Dekretuak dio euskara, ingelesa, frantsesa zein alemanaren ezagutza oposaketa bakoitzaren ezaugarrien arabera baloratuko dela. Euskarari dagokionez, zenbaitetan meritu gisa kontuan hartu ahal izango da «zonalde mistoa» deritzonean, baina ez orokorrean, lanpostuaren arabera baizik. «Zonalde ez euskaldunean» ez du inoiz puntuaziorik izango. Merezimenduen Dekretu honen berri izan bezain laster, «Nafarroako herritarren berdintasuna eta kohesioa haustea» egotzi zioten Gobernu nafarrari Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. «Arau honek Nafarroako ehunka edo milaka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea debekatuko du», adierazi zuten. Lanpostuetako euskara eskakizunen kontrako erabakiek badute ibilbide bat herrialdean. «2019ko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legeak ezarritako eremu mistoan, ez euskaldunean eta administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ahalbidetzen zuen 103/2017 Foru Dekretuko 31., 35. eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra baliogabetu zituen, ‘diskriminatzaileak’ eta ‘neurriz kanpokoak’ zirela argudiatuz», gogora ekarri zuten euskalgintzako elkarteek. «Horren ondorioz, 2019tik aurrera eremu ‘misto’ eta ‘ez euskalduneko’ ehunka lanpostu publikotarako deialdietan alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak meritu gisa baloratu dira, ez, ordea, euskararen ezagutza, Nafarroako berezko hizkuntza dena», azaldu zuten. Orain, dekretu berriarekin, nafar herritarren eta euskal hiztunen eskubideak alboratu direla esan zuten. Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, atzerapauso oso larria dakar arauak: «Orain arte legeak ezarritako eremu ‘ez euskaldunean’ euskararen ezagutza baloratu ahal izan da lanpostu batzuetarako. Dekretu berriarekin, berriz, hori ere ezabatu da eta Nafarroan ofizialak edo berezkoak ez diren atzerriko hizkuntzak baloratu ahal izan dira». Eremu «mistoari» dagokionez, euskarak %3 eta %6 arteko puntuazioa zuen orain arte. Arau berriarekin, ordea, gutxieneko balorazio orokortu hori ere baztertu dela kritikatu zuen Kontseiluak eta, horrela, «lanpostu jakin batzuetan soilik baloratu ahalko da euskararen ezagutza». Eremu «euskaldunean», azkenik, Foru Dekretuan baliogabetu gabe zeuden neurrietan ere atzera egin da, Kontseiluaren esanetan. «Horrek argi uzten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea, baizik eta euskal hiztunen eskubideak zokoratzen jarraitzeko intentzionalitate osoa duela», salatu zuen. Hortik aurrera ezin da jakin nola jokatu duen Administrazioak, Gobernuak ez baitu argitu nola egingo dituen balorazioak deialdiz deialdi. Horregatik, Kontseiluak «oldarraldi euskarafobo, atzerakoi eta erreakzionarioaren barnean» kokatzen du dekretua. Jokamolde hauek baztertu eta parametroak aldatzeko garaia dela adierazi zuen: «Ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez, mintza gaitezen herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Eta hori gauzatzeko bide bakarra dago: langile elebidunak hartzea». BEHATOKIA: %2 PERFILATUA Behatokiaren aldetik, bertako zuzendari Agurne Gaubekak azaldu zuen kontuan izan behar dela dekretuaren garrantzia. Bere ustez, euskara merezimendu gisa ezartzeak «bultzada garrantzitsua eman diezaioke, Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinek euskaraz lan egin eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gaitasuna hobetu dezaten». Datu argigarri bat eman zuen Gaubekak: «Dekretu berri honek ez du kontuan hartzen egun dagoen egoera bidegabea: 2023ko plantilla organikoan lanpostu publikoen %2 inguru dira soilik euskararen nahitaezko ezagutzaren bat perfilatua duten lanpostuak, eta horietako gehienak legeak ezarritako eremu euskaldunekoak dira. Eremu mistoan ezarritako zerbitzu zentraletan euskara erabiltzeko edo euskaraz zerbitzuak jasotzeko dauden aukera murritzek Nafarroako herritar guztiei eragiten diete». OLDARRALDIAEstatu mailan abian den euskararen aurkako oldarraldiaren testuinguruan dator dekretu berria. Hainbat epairen bidez, erakunde ezberdinek bultzatutako oposaketak legez kanpo uzten ari dira, euskara eskakizunengatik. «Segurtasun juridikoaren beharra» argudiatzen du Nafarroako Gobernuak.