12 NOV. 2024 70 urteko emakume baten eta bilobaren etxegabetzea salatu dute GARA ERANDIO Gaur Astrabudua Erandioko auzoan etxegabetze bat aurreikusita dagoela ohartarazi zuen atzo Kontseilu Sozialistak. Bertan, 70 urteko eta %69ko desgaitasuna duen emakume bat eta haren biloba kaleratu nahi dituzte. Horren aurrean mobilizaziora deitu dute Aldaieta Bideko 7. zenbakian, 09.00etan. «Mailegu enpresa bati 7.000 euroko mailegua eskatu zion 70 urteko emakumea etxea galtzeko arriskuan dago orain; etxerik gabeko familia bat gehiago eta etxebizitza huts bat gehiago espekulatzaileen esku», adierazi zuten ohar baten bidez. Azaldu zutenez, kaltetuari Tu mejor prestamo enpresak «iruzur egin zion duela zotzi urte». Hori dela-eta, orain, «sinatu zituen abusuzko klausulekin eta maileguaren interesak handitzen dituzten klausulekin, enpresak etxearen jabe izan ahalko du, nahiz eta kaltetuak bere aurkako iruzurrarengatik salaketa bat jarri zuen duela sei urte eta prozesu judizial bat ireki zen, gaur egun ere irekita segitzen duena».