15 NOV. 2024 Aho batez onartutako Oronozko Lanbide Eskola arriskuan dago Oronozen eraikitzekoa zen Lanbide Heziketako ikastetxe berriaren proiektua gelditu egin du Nafarroako Hezkuntza Sailak, aurrekontuak direla medio. Eskola komunitateak zenbait itxialdi eta ekintza hasi ditu, dei zuzena eginez Hezkuntzari eta Legebiltzarreko agintariei. Berako Toki Ona institutuan egindako elkarretaratze bat, Baztan Bidasoko Lanbide Eskolaren alde. (TOKI ONA) GARA ELIZONDO Elizondo Lanbide Eskolan, eskualdeko bertze ikastetxeetan bezala, ez daude konforme Xareta, Baztan, Malerreka eta Bortziri mailako Lanbide Eskolaren proiektua eta obra atzeratzearekin. Gainera, egitasmoa ez gauzatzeko arriskua ikusten dute. Eskola komunitateak zenbait itxialdi eta ekintza hasi ditu, deialdi zuzena eginez PSNko Carlos Gimenok zuzendutako Nafarroako Hezkuntza Sailari eta Parlamentuko alderdi guztiei. Aspaldi agerian gelditu zen eskualdean Lanbide Heziketako azpiegitura berriak eraikitzeko beharra, eta 2012an hasi zen prozesua. Eskualdeko ikastetxeek (Elizondo, Berako Toki Ona eta Lekaroz), eragile desberdinek, udaletako ordezkariek, Hezkuntza sailak, Parlamentuak eta Gobernuak -garaian Geroa Baiko Uxue Barkos zen lehendakaria- aho batez onartutako proiektua da Oronozko Lanbide Eskolaren eraikuntza. Jada idatzita eta zehaztuta dago, eraikitzea bertzerik ez da gelditzen. Halaxe adierazi zuten Carlos Gimenok eta Tomas Rodriguezek 2023ko otsailean. ZERO EURO Orain, berriz, Europak finkatutako administrazioen gastu sabaia Nafarroako Gobernuak datozen ikasturteetan Hezkuntzan aplikatuko dituen murrizketen oinarri izan da, eta horrek jomugan jarri du Oronozko Lanbide Eskolaren proiektua. Izan ere, aitzineko aurrekontu onartuetan Oronozko LH eskola berria egiteko zegoen diru partida, murrizketen harira, kendu egin dute, zero euroan utziz. Hemendik aitzin gastatzen den dirua eskualdeko Lanbide Heziketa proiektua bideratzeko izatea eskatu zuten Elizondo Lanbide Eskolako langileek atzo plazaratu zuten prentsa oharrean. Alegia, «diru publikoa zentzuz gastatzea eta aspalditik dagoen behar honi behingoz erantzutea». ARRAZOIAK Proiektua aurrera eramateko arrazoi nagusiak oroitu zituzten: zonaldearen berrikuntza eta produktibitatea sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko Lanbide Heziketarako eraikuntza berri honek «berebiziko funtzioa izango du, zonaldearen garapen ekonomikoa oinarri izanik». Segurtasun eta osasun arloan, Hezkuntza departamentuak egindako txostenean adierazten duen gisan, gaur egungo eraikinak ez ditu segurtasun neurriak betetzen hainbat arlotan. Gainera, espazioa falta da, ziklo berriak gehitu direlako eta ikasle kopurua bikoiztu delako. «Gure hizkuntzak behar duen bultzadari so eginez, Lanbide Heziketa euskalduna da, D eredukoa», Nafarroan euskara hutsean irakatsiko duen LHko eskola bakarra. Idatzi honen bidez, proiektu honek behar duen bultzada ematea eskatu zieten Elizondoko Eskolako langileek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari eta Legebiltzarreko agintari guztiei. «MOMENTU ESTRATEGIKOAN GAUDE» Eskolarentzat «momentu estrategikoa» dela nabarmendu zuten: «Hazteko, zerbitzu eguneratua eskaintzeko, lanbide heziketa euskalduna izaten jarraitzeko eta eskualdeko garapenerako, bertan hartzen baitu zentzua halako proiektu batek». Egoera premiazkoa dela ikusirik, eta jakinda halako proiektuek behar duten denbora, ez da atzera egiteko momentua, ezta denbora galtzekoa ere, baieztatu zuten. «Eskolaren proiektua idatzita dagoen heinean, ez dezagun diru gehiago horretan gastatu eta hasi gaitezen eraikitzen behingoz», dei egin zuten langileek. UDAL MOZIOAKXareta, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako udaletan mozioak onartu dituzte, Nafarroako Gobernuari egitasmoarekin aitzinera egiteko eskatuz. Oronozko eskolak alde du eskola, udal eta eragileek euskara hutsean irakatsiko den Nafarroako Lanbide Eskola bakarrarekiko duten atxikimendua; aurka, Hezkuntza sailaren jarrera.