Arnaitz GORRITI
PILOTA

Eskarmentuari eta Larrazabalen hutsei esker, Bakaikoa B Serieko txapeldun

Nafarrak Lau eta Erdiko hirugarren txapela jantzi zuen final gogor baten ostean. Larrazabalek tantoa menpean hartzen zuen, baina ez zuen errematean asmatu eta sakez hiru falta egin zituen. Opari horien erruz «koroa hirukoitza» lortzeke geratu zen.

Ruben Beloki handiak jantzi zion Lau eta Erdiko B Serieko txapela Joanes Bakaikoari.
Ruben Beloki handiak jantzi zion Lau eta Erdiko B Serieko txapela Joanes Bakaikoari. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Urduritasuna beti izaten da final batean, baina kudeatzen jakin behar da. Nik uste Ikerrentzat [Larrazabal] Lau eta Erdikoa dela deserosoen aritzen den modalitatea. Nik asko sufritu dut eta asko kosta zait, baina opari gutxiago ere egin ditut. Finalak partida bikainak izatea zaila da, baina txapela lortuta oso gustura nago».

Horra Joanes Bakaikoaren hitzak Lau eta Erdiko B Serieko txapela hirugarrenez jantzi ostean -2018an eta 2021ean ere irabazi zuen-. Iker Larrazabalek lana gogotik eginarazi zion pilotari nafarrari, baina honek pilotakada bat gehiago jotzera behartu zuen Amurrioko aurrelaria, eta gaztea Bigarren Mailako «koroa hirukoitza» lortzeke laga zuen. Gustura jaso zuen Ruben Beloki handiak ezarri zion txapela.

Ezin esan Iker Larrazabalek partida eskasa egin zuenik, baina finala aurreneko atsedenaldira iristen hasi zenez geroztik ia eginda izan zituen tantoak alferrik galtzen hasi zen: erremate desegokiak, eskasak, edo Bakaikoa zegoen aldera botatakoak, eta Etxarri Aranatzekoak oparioi ondo heldu zien. Arabarrak gaitasun handiagoko pilotaria dela erakutsi bazuen ere, Bakaikoak etsitzen ez duena dela frogatu zuen beste behin. Bada, horrek eman zion garaipena aurrelari nafarrari, Larrazabalek sakez egin zituen hiru faltak -laburregi bat, luzeegi bi- ahaztu gabe.

Kolpez arabarra gehiago izan arren, nafarra pilotari zailduagoa da eta tanto bizi bezain nekagarriak jokatu zituzten hasierako tanto azkarren ondotik. Ildo horretan, hasiera aldera markagailuan ekimena Larrazabalena izan arren, Bakaikoak itxaropena izateko motiborik bazuen.

Larrazabal 5-8 aurretik jarri zen, baina arabarrak alde are handiagoa ateratzeko bi aukera garbi pasatzen utzi zituen, ezker airez zabalera botata eginda izan zitzakeen tanto bi txokoan oso motel pausatuta Bakaikoari opari eman ostean.

Hala, Bakaikoak 8na berdindu zuen, eta aurreneko atsedenaldira 12-11 aurretik iristea lortu eta gero, sakez hiru tanto sartu zizkion jarraian Larrazabali.

JARRAITUTASUNA GAKO

Erdi zortez erdi nahita, 15-12koa zabaletik zabalera moztuta egin zuen arabarrak, baina hurrengo tantoan erremate garbia txapara joan zitzaion. 16-13koa, aldiz, bi hormakoa jota erdietsi zuen Amurriokoak; takada behar, ordea, eta 17-13koa ezker airea kontrakantxara botata joan zitzaion Larrazabali.

Nolanahi ere, 17-16raino inguratu zen Amurriokoa, baina beste erremate eskas baten ondotik Bakaikoak txokoan luze 18-16koa ezarri zuen.

Ez zion inolako aukerarik eman Bakaikoak Larrazabal gazteari. Eskarmentuari eta sufritzen jakiteari esker lorturiko garaipena eraman zuen etxera.



Altuna eta Jaka, txapelik izango ez duen finala

Zumarragako Beloki pilotalekuan Lau eta Erdiko txapelketaren hirugarren posturako dema jokatuko dute Jokin Altunak eta Erik Jakak gaur arratsaldean. Txapelik ezingo du jantzi irabazleak, eta ez pilotari hauek biek mailarik eta eskarmenturik ez dutelako. Hala, oraindik ere harrituko da bat baino gehiago 2020ko Buruz Buruko Txapelketako finala Lizartzakoak Altunari nola irabazi zion gogoratuta.

Iaz ere ez ziren finalean lehiatu, finalerdietan baino. Orduko hartan 21 tantora arinago iritsi zen Erik Jaka, baina Jokin Altunak ez zuen etsi eta Amezketakoak berak lortu zuen 22 tantoak eginda kaiolako txapelaren bidean jarri zuen garaipena.

«Txapelketa ez da oraindik amaitu eta helburua sentsazio onekin amaitzea da», azpimarratu zuen Altunak neurketa jokatu bezperetan. Jakak, berriz, «finalerdietan falta izan zitzaidan konfiantza puntu hori berreskuratzea» zuen helburu, Peio Etxeberriaren aurkako neurketan «une batetik bestera ni izateari utzi eta nire jokoa egiteari laga niolako».

Txikitatik elkar ezagutzen duten bi aurrelari izanda, akaso Altuna izango da faborito, baina Jakak ederki daki Amezketakoa deseroso nola sentiarazi. Era berean, «benetako» finalek duten presiorik ez dutenez, zorte apur batekin Beloki pilotalekuan elkartzen direnek ikuskizun bikaina ikusiko dute. Jaialdia Dariok eta Rezustak Senar eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko duten partidarekin hasiko da. A. G.