Yashkuk Sar mendiaren lehen igoera, alpinista estatubatuarrentzat
August Franzen-ek, Cody Winckler-ek eta Dane Steadman-ek, seimilakoaren iparraldeko kontrahormatik igota, «Tiger lily Buttress» bidea (AI5+, M6, A0, 2000 m) sortu zuten. Bost egun behar izan zituzten jarduera hori biribiltzeko.
Yashkuk Sar (6.668 m) ez da mendi ezaguna. Karakorum mendilerroaren (Pakistan) ipar-mendebaldean dago, eta, antza denez, ingurumari horretan dauden mendiek ez dute bisita asko izaten. Bederen, Yashkuk Sar ukitu gabe zegoen; hots, lehen igoeraren zain zegoen.
Hori lortu dutenak hiru alpinista estatubatuar dira: August Franzen, Cody Winckler eta Dane Steadman. Bada, hirukote horrek, irailaren 19tik 23ra eginiko eskaladan, inoiz zapaldu gabeko seimilakoaren tontorra lehen aldiz zapaldu zuen. Iparraldeko kontrahorma zorrotz zein izugarria aukeratu zuten, eta han 2.000 metroko ibilbidea sortu zuten: “Tiger Lily Buttress” (AI5+, M6, A0).
Alpinistoi onartu behar zaie lan ederra egin dutela, batez ere kontuan hartzen badugu urtebete zeramatela helburu hori prestatzen. Bi hilabete iraun zuen espedizio horrek zorte handia izan zuen American Alpine Club-ek emandako bekarekin. Hari esker, plangintza askoz ere zehatzagoa eta Yashkuk Sar-en eskalada bikain bat egiteko aukera izan zuten. Steadman bera izan zen seimilako hori Google Earth-en ikusi zuena. Karakorumen igo gabe zegoen mendi bat eskalatu nahi zuten, 6.000 eta 7.000 metro artekoa, garaieran jarduteko egokia eta zailtasun teknikoak zituena. Yashkuk Sar-ek baldintza horiek betetzen zituen.
Bidaiaren inguruko informazioari dagokionez, Steadmanek aurreratu du kamioi batek urrutiko eskualde batean dagoen Chapursan izeneko haranera eraman zituela: «Kanpaleku nagusia 4.000 metrora zegoen haran idiliko batean antolatu genuen. Oso gogotsu geunden gure helburua ikusteko. Yhaskuk Yaz glaziarrera abiatu ginen euripean, eta parez pare Yashuk Sar I eta II genituen. Kanpaleku aurreratu bat altxatu eta elurrak bisita egin zigun; zoritxarrez, seimilako horiek ikusteko aukera zapuztu zen. Biharamunean, berriz, gure xede nagusiak, Yashkuk I mendiak, ikuspegi beldurgarria erakutsi zigun. Zuriz estalita zegoen!».
Pare bat egun egin zuten girora egokitzen eta seimilako hori aztertzen. Hain zuzen ere, Sakar Sar-en (6.300 m) egon ziren; helburuaren parean. Kontrahormari begira zeudela, izotzezko sekzio batzuk ikusi zituzten; baita kanal batzuk ere. Horiek lotzea erronka handia iruditu zitzaien. Lan horiek bukatu bezain laster, oinarrizko kanpalekura itzuli ziren.
Eguraldi kaskarrak astebete kanpalekutik mugitu gabe egotera behartu zituen. Leiho on bat iritsi zenean, hirukotea martxan jarri zen aklimatazio fasea amaitzeko. Irailaren 19rako pronto ziren ekinaldi bat egiteko. Murruaren oinarrira heldu eta izotzezko zerrenda fin bat ikusi zuten. Oso bertikala zen, eta horrek balizko arrisku objektiboen aurrean (luiziak eta serac-ak) babesa eman zien: «Sekzio hori tentea eta zaila zen, baina argi genuen ibilbide egokiena eta seguruena hartu genuela. Bibaka tarte horren albo batean antolatu eta kanala biharamunerako utzi genuen. Bat-batean alarma piztu zen: murru nagusia langarrarekin estalita zegoen eta ibilbide ‘segurua’ zena elur-jausi batek ezabatu zuen. Ordura arte ikusitako elur-jausi handiena zen! Bezperan tarte horretan eskalatzen izan bagina… Ez dugu pentsatu ere egin nahi».
BOST EGUN
Ezusteko larri horrek igoera berriro aztertzera eraman zituen. Helburua bertan behera uzteko zorian egon ziren, baina Steadmanek aukeratutako bidearen ezkerrean mistoko zerrenda batzuk ikusi zituen. Haren gainean, berriz, elurrezko perretxiko zelai ero bat zegoen, Cerro Torrek duenarekin antz handia zuena.
Bibaketik rappelatu eta pixkaka aipatu dugun sekzio horretara hurbildu ziren. Hirugarren bibaka erlaitz estu batean egin zuten: «Hala nola antolatu ginen, baina garrantzitsuena zen denda ondo kokatzea; inoizko ‘festa’ eroena bizi izan genuen. Laugarren eskalada egunean, mistoko zati zailena (M6) gainditzeko gai izan ginen. Soilik elur perretxikoen labirintoan sartu eta ibilbide egokiena bilatzea falta zitzaigun».
Protagonistok onartu dute aurrean zuten tarte hori teknikoki ez zela zaila; bai, ordea, eskalada mantsoa. Borroka handia egin behar izan zuten metro batzuk eskalatzeko. Steadmanek, adibidez, AI5+ mailako luze bat sokaburu igo zuen. Hortik aurrera, zailtasunak arindu egin ziren.
Elur-perretxikoen zelai hori gainditu ondoren, gailurra nahiko gertu zuten. Igoeraren azken bibaka egiteko prest ziren; hain zuzen, haizeak ondo astintzen zuen inbutu batean. Gauean esnatu eta ohartu ziren elurrak estali zituela. Eskaladaren bosgarren eguna gailur eguna izan zuten. Alpinistok diote azken metro horiek igotzea surrealista izan zela. Bazirudien amets baten erdian zeudela; izan ere, ikuspegiak zirraragarriak ziren: «Gau desatsegin hori atzean utzi eta mendebaldeko ertzak iparraldeko tontorraren piramidearen azpian utzi zigun. Ia arazorik gabe eskaladaren lehen etapa bukatu genuen. Gailurreko ikuspegiekin liluratuta geratu ginen. Urrutira, Nanga Parbat (Himalaia) eta Rakhaposhi (Karakorum) ikusten genituen. Iparraldera begira, berriz, Pamirreko mendiak. Eta beste aldean, Afganistan eta Hindu Kush mendilerroa. Elkargune eroa: lau herrialde eta haien mendilerro nagusiak haran batean bat eginik».
Jaitsierari dagokionez, estatubatuarrok esan dute ez zela batere samurra izan. Igoeran bizitako ezusteko larriarengatik, argi zuten ibilbide beretik ez zirela jaitsiko. Beste alternatiba bat adostu zuten. Mendebaldeko korridorean hamar rappel egin zituzten; ondoren, mendebaldeko ertza igo zuten; eta iparraldeko aurpegitik kanpaleku aurreratura heldu ziren.
Steadmanek esan du hamarkada bat zeramala Pakistango iparraldea bisitatzeko asmoarekin. Espedizioak izaniko emaitzari dagokionez, esperientzia ederra izan dela esan du: «Batzuek diote munduko mendiak bisitatuta daudela eta lehen igoerek ia ez dutela lekurik. Baina narratiba horrekin ez gaude ados. Pakistango eremu horrek argi eta garbi utzi digu makina bat mendi eta horma daudela igo gabe. Planifikazio zehatz eta malgu batekin, sormenarekin eta pazientziarekin erakutsi dugu gauza berriak egin daitezkeela. Bide batez, bizi izan dugun esperientzia arrakastatsua ezbehar batek apaldu zuen. Jannu East mendian zendu zen gure kide Mike Gardner gogoan izan dugu. Badakigu garaiera horietan eskalada tekniko batek zer ekar dezakeen. Mikerekin ez dugu zorterik izan, eta onartu behar dugu berri ilun horiekin ez garela inoiz ohitzen».