22 NOV. 2024 AZKEN PUNTUA Nolakoa dator negua? Iker IBARLUZEA Meteorologoa Azken aldian askotan egin didaten galdera da hau. Nola ote dator negua? Ba, ezin jakin esaten. Meteorologian bost egunetik aurrera iragarpenak egitea zelai erditik gola sartzen saiatzea bezalakoa da. Tarteka asmatuko duzu, baina oso gutxitan. Beraz, pentsa zer den hiru hilabetetan egingo duenaren inguruan iragarpen bat egitea. Aurreko urteekin alderatuta, hori bai, aldaketaren bat sumatu dut udazken honetan. Aurtengo udazkena epel antzera doala eta momentuz hotzaldi nabarmenik ez dela izan. Aurreko urte gehienetan azaro aldera, izan hasieran, erdi aldean edo amaieran, hotzaldi nabarmenen bat izan da, non tenperatura oso hotzak eta elurra maila baxuetan izan den, Iruñean edo Gasteizen, kasurako. Ondoren, ordea, neguak ez du bere aurpegi ezagunena erakutsi, eta ez gatz eta ez berakatz joan da. Aurten hego haizea nagusi izaten ari da gehienean, eta tenperaturak ohikoak baino epelagoak doaz, egun solte batzuk salbu. Eguraldia hotzaldiak bere garairako uzten ari ote den seinale, nire ustez. Honekin ez dut esan nahi negua indartsu etorriko denik, baina udazkena udazken portatzen aritzeak halako pista bat ematen duelakoan nago ni. Ea behingoz negu eder bat etortzen den eta elurrak gure bazterrak neurrian zuritzen dituen.