23 NOV. 2024 Iñaki Perurena poliedrikoaren bizitza liburu batean bildu du Fermin Erbitik Poliedrikoa da Iñaki Perurena. Haurtzaroan hezurretaraino sartua geratu zitzaion «lana, lana eta lana» mantra eta, geldiezin, harri-jasotzaile, antzezle, bertsolari, eskultore, euskal kulturaren dibulgatzaile... identitate ugari batu ditu bere izenpean. Fermin Erbitik horiek guztiak bildu ditu ‘‘Iñaki Perurena. Harria bidelagun’’ liburuan. Iñaki Perurena eta Fermin Erbiti, liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU) AMALUR ARTOLA DONOSTIA Elkarrizketa batetik abiatu da ‘‘Iñaki Perurena. Harria bidelagun’’ liburua, baina ez da elkarrizketa bat bakarrik. Ordu luzetako hitz trukearen emaitza da, Euskal Herriko harri-jasotzaile ezagunenetarikoak bere ibilbide pertsonalaz eta profesionalaz egin duen irakurketa mamitsua da. Ikuspegi hau osatzeko, ibilbide horretan zehar bere ondoan izan dituen sei lagunek egiten duten analisia ere bildu du Fermin Erbitik idatzi eta argia Pamiela etxearekin ikusi duen liburuak. «Nire ustez Euskal Herrian badira elkarrizketa luzea merezi duten pertsonak, eta horietako bat dudarik gabe Iñaki Perurena da. Euskal Herriko harri-jasotzaile ospetsuena izan da, harria jasotzea modernizatu eta kirol bihurtu zuena. Baina baita bertsozalea ere, aktorea, historialaria... Gizon polifazetikoa izan da eta, batez ere, Euskal Herri osoan mirestua eta maitatua, eta hori ez da gauza erraza», adierazi zuen Erbitik berak argitalpenaren aurkezpenean. Perurena hiztun ona dela eta liburua osatzen «gozatu» egin duela aitortu zuen Erbitik, batetik denetariko gaiak jorratu dituelako eta, bestetik, gai sakonetan ere ongi moldatzen den pertsona delako. Liburuaren egituraz den bezainbatean, lehen zatiak irakurlea Perurenaren haurtzarora daramala zehaztu zuen, 17 urte bete eta harriarekin hasi zen unera arte. «Leitzan sortu zen, eta bere etxean lanak zuen lehentasuna. Txikitatik bazuen helburu oso argia, amets bat, harri-jasotzailea izatea. Bitxia da, Leitzan ez zegoelako afiziorik; han pilotariak ziren eta Iñakik harria altxa nahi zuen», esan zuen. Hasieran apustu batzuk egin bazituen ere, berehala bide hori utzi eta bere helburua «harria ondo jasotzea» izan zela nabarmendu zuen, «eta teknika bera ere aldatu zuen horretarako». Horren erakusle da 1987ko mugarria, 300 kilo altxatzera iritsi zen unea. Helduaroko zatian telebistaz, bere aktore paperaz, euskal kulturaz... hainbat alorrez mintzatu da, eta liburua Perurenaren ingurukoen gogoetek osatzen dute. HARRIAREKIN «JOLASTEAREN» PLAZERA Aurkezpenean parte hartu zuen Perurenak berak. Azaldu zuenez, «lana, lana eta lana» izan da haurtzarotik etxean jaso zuen mezua eta, horrek, nekaezin izatera eraman zuen. «Garai hartan gauzak horrela ziren. ‘‘Gizona baldin bazara, familia aurrera atera behar duzu’’, esaten zizuten, eta horretan ibili naiz. Erakustaldi asko egiten nituen, batetik bestera ibiltzen nintzen arratsalde berean. Gaur, ziurrenik, beste era batera egingo nituzke gauzak», gogoeta egin zuen. Gaztetatik harriarekiko «pasioa» sentitu duela nabarmendu zuen, «eta zenbat eta zailtasun gehiago izan, orduan eta gehiago gozatzen nuen. Nire ametsak egia bihurtu dira, harriarekin jolastea izan delako nire bizia», adierazi zuen Perurenak. Erbitirekin izandako elkarrizketengatik eskertuta agertu zen leitzarra, eta batez ere bere haurtzaroko kontakizunak nola bildu dituen nabarmendu zuen: «Liburuari balore bat ematen badiot, da nola marraztu duen haurtzaro hori», esan zuen. Elkarrizketatzaileak bere rola betetzeko modua ere eskertu zuen: «Lan handia egin dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot, batez ere patxadagatik, goxotasunez hartzeagatik, eroso zaudenean ireki egiten zarelako». PASIOAGaztetatik harriarekiko «pasioa» sentitu du Iñaki Perurenak, «eta zenbat eta zailtasun gehiago izan, orduan eta gehiago gozatzen nuen. Nire ametsak egia bihurtu dira, harriarekin jolastea izan delako nire bizia», adierazi zuen.