05 ENE. 2015 Boulder | Ashima Shiraishi 13 urterekin, 8a+ eta 8b bana egun berean Andoni ARABAOLAZA Ashima Shiraishi oso gaztetan hasi zen kirol eskaladako zein blokeko zailtasun handiko jardueretan. Egun, eskalatzaile japoniar honek 13 urte soilik ditu, baina eskalatzaileen kolektiboa zur eta lur utzi du dagoeneko. New Yorken bizi den gaztetxoak 8c+ graduko lau bide eta 8a+ bat flashean egin ditu. Eta blokean, 8a+ eta 8b+ arteko zortzi korapilo askatu ditu, baita 8a bat flash eran ere. 13 urteko eskalatzaile hau oporretan da, eta Eguberrietako jaiak Kaliforniako Bishopeko boulder eremuan egin ditu. Aitortu behar zaio oso fin eskalatu duela. Lehen berriek zioten hainbat 8a eta 8a+ egin zituela. Adibidez, sare sozialetan aditzera eman zuen «A maze of death» (8a+) egin zuela: «Di-da batean egindako blokea izan da. Oso ederra da, eta, esan bezala, oso azkar egin dut». Baina denborarekin jakin dugu 8a-tik gora hainbat bloke sinatzeaz gain, eskalatzaile horrek 8a+ eta 8b graduko bloke bana egun berean poltsikoratu dituela. Shiraishik eskalatu berri dituen bi blokeak «Babeurre» (8a+) eta «Blood Meridian» (8b) dira. Eskalatzaileak adierazi du «Blood Meridian» blokea egiteak asko poztu duela: «8c+ gradua izan dezakeen proiektu baten hasiera da, eta asko gustatu zait».