GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA | Bakarkako igoera

Markus Pucherrek «Ragni» bidean eginikoarekin, aho bete hortz

Alpinista austriarrak, bigarrenez, Cerro Torreko mendebal aurpegian dagoen marra bakarka igo du. Aurrekoa igoera iragan abenduaren 27an egin zuen, eta, haren aldean, oso baldintza gogorretan eskalatu du oraingoan; hots, ekaitza astintzen ari zen bitartean.


Ez dago dudarik: Markus Pucherrek aho bete hortz utzi du alpinisten kolektiboa. Eta oro har, alpinismoaren jarraitzaile guztiok. Ez da ezustekoa izan; besteak beste, protagonista honek duen maila ondo baino hobeto ezagutzen dugulako, baina pasa den abenduaren 27an Cerro Torreko «Ragni» edo «Ferrari» bidean sinatu zuena letra larriz azpimarratzeko modukoa da.

Beste behin, austriarrak argi asko utzi du bakarkako jardueretan espezialista dela. 2013ko urtarrilean izotza nagusi den marra hori bakarrik eskalatu zuen. Orain, bigarren aldiz, gauza bera egin du. Agian, irakurleren batek galde lezake bigarren igoera horrek zergatik ote duen hainbesteko garrantzia. Bada, lehenarekin alderatuta, oso baldintza gaiztoetan eskalatu duelako. Ekaitza gainean zuen, baina, hala ere, austriarrak aurrera jarraitu eta gailurra zapaldu zuen. Jaitsiera ere epikoa izan zen. Datu adierazgarri bat baino ez hori erakusteko: egun seinalatu horretan Cerro Torreko mendi multzoan Pucher eta beste sokadaren bat eskalatzen ari ziren, baina Pucher soilik izan zen gai mendizerra horretako erpin bat igotzeko.

2013ko igoerari esker, alpinista honek oso ondo ezagutzen zuen italiarren bidea. Eskalada egun horretan eguraldi bikaina zen, eta «Ragni» bidean makina bat alpinista igotzen ari ziren. Tartean, Pucher. Bakarka eskalatzen ari zenez, oso erritmo ona hartu zuen. Sokada asko aurreratu zituen, eta 3 ordu eta 15 minutu soilik behar izan zituen Esperanza lepotik (hots, bibaketik) gailurra lortzeko.

Baina, aipatu dugunez, duela hiru asteko jarduna berezia izan zen oso. Cerro Torren oso eguraldi gaiztoa zen. Alabaina, Pucherrek aurrera jarraitzea erabaki zuen. Nahiz eta ekaitz batek harrapatu, gailurrera iritsi zen.

Jaitsiera ere latza

Pucherren abentura goizeko seietan hasi zen. Filo Rossotik irten zen, eta ordu batzuk lehenago eroritako elurretan lan eskerga egin behar izan zuen urratsa zabaltzen Esperanza lepora heltzeko. Behe lainoak mendi osoa hartu zuen, eta, beraz, ikuspena oso txikia zen. Lepoan lehen zigarroa erretzen ari zela ohartu zen pare bat eskalatzaile jaisten ari zirela oso eguraldi makurra zelako.

Elmoren oinarrian, berriz, koba txiki bat aurkitu eta aterpea hartu zuen. Leku horretan erre zuen bigarren zigarroa. Pucherrek adierazi duenez, horrek nolabaiteko normaltasun sentsazioa ematen dio. Elmo gainditu ondoren, protagonistak elurrez estalita zeuden mistoko sekzioak gainditu behar izan zituen. Oso ezkerrera egin zuen, eta M6 zailtasuneko tarte bat eskalatu zuen.

Headwallean ere elurrak izotz gogorra estaltzen zuen, eta protagonistaren erritmoa asko mantsotu zen. Ikuspen oso txikiarekin, headwalla eskalatu eta gailurrera iristeko dagoen elurrezko perretxikoaren aurrean jarri zen. Lehen perretxikoa oso tentea zen. Tunel batera iritsi eta haren amaieran hirugarren zigarroa erre zuen. Azken luzea aurrean zuen, baina ez zekien nondik joan. Egoera aztertzen ari zen bitartean, half-pipe moduko tarte bat ikusi, hara abiatu eta tontorra zapaldu zuen; hain justu, arratsaldeko zazpietan eta ekaitz bortitz batean harrapatua.

Baina austriarrak abenturaren lehen zatia «soilik» bukatu zuen. Bigarrena, jaitsierarena, zain zuen. Gaua gainean zuen, ez zuen ia ezer ikusten, baina 7 milimetroko soka batekin eta izotzezko hiru torlojurekin rapelatzen hasi zen. Eroriko bat izan zuen, baina onik atera zen. 1.300 metroko amildegitik erortzeko oso gertu geratu zen!

Ondoren, Esperanza lepotik oso gertu, bidean erratu zen. Berriro igo zen bide egokia hartzeko. Baina bat-batean izotzezko plaka bat puskatu eta berriro onik atera zen.

Glaziarrera iritsi zenerako gaueko hamaikak ziren, eta bere kopetako argiak beste 30 minutu iraun zuen. Argirik gabe eta iluntasunean artesi batean «aterpe» hartu zuen. Hotz ikaragarria egiten zuenez, bost ordu pasa zituen ariketak egiten.

Egunsentiarekin batera, artesitik irten, eta goizeko zazpietan Filo Rossora iritsi zen. Guztira, 25 orduko jarduna izan zen.

El Chaltenera heldutakoan, Pucherrek zera adierazi zuen: «Bide hori igotzea ez zen nire lehentasuna. Oso gogorra izan da, baina erretiratzeko asmoa ez zen nire burutik pasa ere egin».

Cerro San Lorenzoko hego zutoinean hamalau luze berri zabaldu dituzte

Cerro San Lorenzo Patagoniako urrutiko lekuan dago. Hala ere, bisita bakan batzuk jasotzen ditu. Horietako bat Rob Smith eta Colin Haleyk osatutako sokadarena izan da. Alpinistok mendi horretan igo gabe zegoen hego zutoinean saio bat egin, eta 14 luze berri zabaldu dituzte.

Hiru egun behar izan zituzten kanpaleku nagusira iristeko. Ingurumari horretan guztira hiru aste igaro zituzten, eta hauxe esan du Haleyk: «Ez genuen inor ikusi. Kontuan hartu behar da ere egunero ekaitza izan genuela».

Eguraldi leiho on bat iritsi zenean, bi alpinistok martxan jarri ziren. Eskalatu nahi zuten bidean bero egiten zuenez, biharamunean, eguraldi kaskarragoarekin, orratz batean saiatzea erabaki zuten. Hasteko, elur pendiz batzuk gainditu ondoren, paretaren oinarrira heldu ziren. Smithek eta Haleyk mistoko tarte askorekin egin zuten topo eta arrokan ere kranpoiekin eskalatu zuten. Orratzari «Aguja Antipasto» deitu diote azkenean, eta bide berriari «Romance explosion» (5.10 R, M5 R). Andoni ARABAOLAZA