19 ENE. 2015 Zortzimilakoak Neguko espedizioa Alex Txikonen B plana: K2-ko asmotik Nanga Parbateko xedera Alpinista lemoarra atzo irten zen Pakistan aldera. Bi pakistandar alboan izango ditu: Muhammad Ali «Sadpara» eta Muhammad Kan. «Kinshoffer» edo «Messner», hirukoteak han erabakiko du igotzeko bidea. Futboleko termino bat erabiltzen badugu, lasai asko aitor genezake Alex Txikonek iragarri digun azken xedearekin jokoz kanpo harrapatu gaituela. Bai, harrigarria da alpinista lemoarrak duen ilusioa, grina eta motibazioa; izan ere, K2-ko asmoan jasotako kolpea gainditu eta beste bati ekingo dio. Hain zuzen ere, Nanga Parbat (8.125 m) neguan igo nahi du. Irakurleak agian gogoan izango du Txikonek Denis Urubko eta Adam Bieleckirekin Chogorira egin nahi zuen neguko espedizioa bertan behera geratu zela, Txinako agintariek baimenik ez zietelako eman. Hirukoteak zortzimilakoaren neguko lehen igoera nahi zuen, lan eskerga egin zuen izaera horretako espedizio bat antolatzeko eta buruhauste galantak izan zituen. Hitz batean esanda, alpinistok kolpe gogorra jaso zuten. Baina, aurreratu dugun legez, Txikonek badu barneko indar berezi bat. Chogorikoarena ahaztu, han eta hemen mugitu eta Nanga Parbatekoa di-da batean antolatu du. Lemoarrak berak behin baino gehiagotan aitortu digunez, mendi garai horietan neguko baldintzetan jardutea gustuko du. Eta Gasherbrum I mendian eginiko bi saioren ondoren, orain beste aukera bat izango du Nanga Parbatekin. Bi pakistandarrekin Euskal alpinista ia isilean irten zen atzo Euskal Herritik. Beste espedizio batzuetan ez bezala, «zaratarik» egin gabe irten da. Protagonistak GARAri adierazi dionez, bere asmoa Diamir isurialdean jardutea izango da: «Baliteke `Kinshoffer' bidea aukeratzea, edo agian `Messner' bidea; han erabakiko dugu, mendiaren baldintzak bertan ikusi ondoren». Neguko espedizio bat izanik, lemoarrak iragarri digu ziur aski luze joko duela: «Aurretik bi hilabete ditut Nanga Parbateko asmoa borobildu ahal izateko». Txikonek bi lagun handi izango ditu alboan; biak ala biak eskarmentu handiko pakistandarrak: Muhammad Ali Sadpara eta Muhammad Kan. Lehenak 14 zortzimilakoetatik 13 igo ditu, eta gainera Nanga Parbat bi aldiz. Bigarrenak, besteak beste, Nanga Parbat eta K2 sinatu ditu. Tontor saioa Lemoarra Pakistan aldera bidaiatzen ari den bitartean, Tomasz Mackiewicz eta Elisabeth Revol gailurrera begira daude. Lerrook itxi ditugunean, sokada hori Messner eta Eisendle alpinistek 2000. urtean saiatutako bidean azken erasoa egiten ari da. Duela hiru egun laugarren kanpalekura (7.000 metrora) heldu ziren. Alabaina, polemikarik bada. Talde horren antolatzaile Daniele Nardik Mackiewicz eta Revol espediziotik egotzi ditu gailurreko saioa egiten ari direlako bera kontuan hartu gabe: «Nire bi kideek hartu duten erabakia ez dator bat espedizioa hasi aurretik hartutako konpromisoekin. Berez, `Mummery' ezproitik saiatu behar ginen, eta saioa hirurok elkarrekin egin behar genuen». ZORTZIMILAKOA. Alex Txikon lemoarra atzo irten zen Euskal Herritik Nanga Parbat (8.125 m) neguan igotzeko asmoarekin. Bi pakistandarrekin Diamir isurialdean jardungo du.