Pilotaren izurri berria
Aurten 20 ordezkapen egin behar izan dira zortzi jardunalditan, iaz 9 izan ziren eta bi 2013 eta 2012an.
Boladak, hotza, zorte txarra eta antzerako argudioak erabili izan dira azken egunetan esku pilota profesionala astindu duen «izurri» berriaren jatorria justifikatu nahi izan denean. Hala ere, Martinez de Irujok Hendaian jokatu aurretik zabaldutako bidetik, azken asteetan Andoni Aretxabaleta eta Beñat Rezusta -hirurek izan dituzte arazoak eskuekin eta Markinakoak ezingo du aste honetan jokatu- materialari begira ere jarri dira.
«Txapelketan pilotak aldatu egin dituzte eta azkenaldian erabiltzen ditugun ilun horiek ez dira onak eskuentzat. Abiadura hartzen dute, eta pixka bat txikiagoak dira... Eskua sartzean beste kolpe bat hartzen da. Ikuskizuna hobetzen dute? Ez dakit, baina eskuarentzat ez dira onak», azaldu du aste honetan bertan Beñat Rezustak, iaz partidarik gehien jokatu zuen pilotariak, «Berria» egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.
Bergarako atzelariak arrazoi puska bat baduela pentsatzera eramaten gaituzte datuek, aurtengo ordezkapen kopuruak ez baitu inolako zerikusirik azken urteetan jazotakoekin. Xalaren kasua oso berezia izan dela onartuta, baina Lekuinekoak ere bosgarren jardunaldian, Mungian, eskuko minarengatik ez zuen jokatu, zortzi jardunaldietan 19 ordezkapen egin behar izan dituzte enpresek. Lekuinekoaz gain, Aimar Olaizolaren biak eta Julen Retegik gripearengatik Bergaran jokatu ez zuenekoa kenduta, beste guztiak eskuko minagatik izan dira eta Aretxabaleta, Merino II.a, Beroiz, Rezusta, Irujo eta Barriola, gaitz honegatik jokatu gabe geratuak dira dagoeneko, hauetariko batzuk behin baino gehiagotan, gainera.
Alde nabarmenak
Gauzak horrela, ordezko aritu den Altuna III.ak, aste honetan ez du jokatuko. Gehien jokatu duen pilotariak adina partida jokatu ditu berak zortzigarren jardunaldi honetara arte (7). Izan ere, bosgarren jardunaldia bereziki txarra izan zen alor honetan eta egondako bost bajak betetzeko, amezketarrak eta Ceciliok bina partida jokatu zituzten, orain arte sekula ikusi gabeko zerbait, Xala. Irujo, Barriola eta Rezusta ordezkatuz.
Konparaketak esanguratsuak dira oso, garai honetan, iaz 9 ordezkapen egon zirelako eta iazko datuek izugarrizko jauzia suposatzen zuten aurreko urteekiko.
2012an ezarri zen gaur egun indarrean dagoen joko sistema, bi itzuliko zazpi partidekin eta lehen zortzi jardunaldietan bi ordezkapen baino ez ziren egin, Saralegi eta Pascual Iker Arretxe eta Zubietaren ordez. 2013an ere kopuru bera izan zen lesioengatik, Jaunarenak bitan ordezkatu zuen Xala, Gonzalezen ordez Ezkurdiak jokatzea enpresen erabakia izan baitzen.