GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Etxeberri eta Ducassou indartsu abiatu dira


Etxeberrik eta Ducassouk eskuratu zuten Berezkoen Binakako puntua atzo Donibane Garazin, Bielle eta Ezkurra 40-38 menderatuta. Gaitzeko partida izan zen, eta Garat trinketeko harmailak bete zituzten zaleak pozez zoratzen atera ziren.

Joko ona ikusteaz gain, emozioz beteriko neurketa ere izan zen, eta luzea, gainera, 102 minutu iraun baitzituen. Markagailuan ere gorabeherak izan ziren, eta une batez galtzaileek norgehiagoka eramango zutela ere ematen zuen.

Partidak hiru zati oso ezberdin izan zituen. Hasteko, oreka izan zen nagusi, berdinketa ugarirekin, eta horrelaxe iritsi ziren 14-14ko berdinketara.

Jarraian iritsi zen Bielleren eta Ezkurraren erakustaldia. Sekulako jokoa erakutsi zuten, eta 16-5eko partziala sartu zuten, markagailuan 19-31 jartzeko.

Partida oso aurreratua zegoen, eta gauzak zeuden bezala oso zaila zirudien Etxeberrik eta Ducassouk garaipena eskuratzea, baina horixe pasatu zen.

Berriro ere euren maila ematen hasi ziren, eta horrekin batera iritsi zen Ezkurraren nekea. Gauzak horrela, gero garaipena lortu zuen bikoteak 16-4ko partziala sartu zuen. Lehen aurka egin zieten gauza bera egin zuten orain, eta partida 35-35 berdintzea lortu zuten. Zailena egin zuten, eta neurketako azken txanpara aurkariak baino hobeto iristen ari ziren itxura zuten, eta horrelaxe izan zen, azken kintzeetan ere nagusi izan baitziren.

Saketik lau kintze egin zituen Etxeberrik eta Biellek 8. Jokoan irabazleek 26 tanto egin zituzten, eta 11 galtzaileek. Galdu 19 eta 10 egin zituzten. Markagailuaren mugimendua honela joan zen: 2-0, 2-2, 3-3, 4-4, 11-7, 14-14, 19-31, 23-33, 35-35, 36-36, 37-37, 39-38 eta 40-38.

Elgart eta Bonebeltxe

Bigarren Mailakoan, Elgart eta Bonebeltxe izan ziren nagusi, 76 minutuan pilotan aritu ostean 40 eta 29 irabazi baitzieten Agirreri eta Lazkanori. Partida hamalaugarren kintzera arte joan zen parean, eta gero irabazleak izan ziren nagusi. Bai Elgartek, aurrean, eta bai Bonebeltxek, atzean, agindu egin zuten, eta aurkariei ez zieten aukerarik eman, azkenean nahi baino alde txikiagoa lortu zuten arren. Saketik 7 tanto egin zituen Elgartek eta 5 Agirrek. Jokoan irabazleek 23 tanto egin zituzten, eta 10 galtzaileek. Markagailua honela mugitu zen: 1-10, 1-1, 3-3, 4-4, 6-6, 7-7, 14-14, 23-15, 30-21, 35-28 eta 40-29.