12 AGO. 2017 Harri-jasotzea Izetatarrek iragarpenak bete dituzte Aian Aita-semeak izan ziren onenak, bigarren sailkatu ziren Izeta III.ari eta Eizagirreri lau jasoaldiko aldea ateraz. Jon LEUNDA Izeta II.ak eta Izeta IV.ak irabazi zuten herenegun Aian jokatu zen San Lorentzo Torneoa. Guztira lau bikote lehiatu ziren jendez bete zen pilotalekuan. Hasteko, 125ko kopa jaso behar zuen bikote bakoitzeko batek. Gero, 113ko kubikoa bikoteko besteak, eta azkenik, txanda librean, 114 kilo pisatzen dituen Aiako harri baldarra. Aurreneko biekin bina minutuko txandak izan zituzten, eta azkenekoarekin launakoak. Izetatarren artean, semea jardun zen koparekin eta 23 jasoaldi lortu zituen. Aitak 18 jasoaldi egin zituen, eta txanda librean 27 jaso zituzten. Denera 68 jasoaldi lortu zituzten. Izeta III.a eta Eizagirre izan ziren bigarren postua eskuratu zutenak. Izeta III.ak 23 jasoaldi eman zizkion kopari, 16 Eizagirrek kubikoari, eta txanda librean 25 lortu zituzten; denera 64 jasoaldi. Irigoienek eta Urrutiak eskuratu zuten hirugarren postua. Urrutiak 18 jasoaldi eman zizkion kopari, Irigoienek 20 kubikoari eta txanda librean 25 lortu zituzten. Denera 63 jasoaldi lortu zituzten. Sailkapena Ostolatzak eta Galarragak itxi zuten. Galarragak 20 jasoaldi eman zizkion kopari, Ostolatzak 16 kubikoari, eta txanda librean, berriz, 22. Denera 58 jasoaldi lortu zituzten. Igeldo Harria Gaur, berriz, Donostiako Trinitate plazan, 19.30ean, izango da Igeldo Harria Txapelketa. Bertan harri-jasotzaile gazte mordo bat ikusteko parada izango da, eta horien artean ezezagunak ere bai. Julen Diaz, Jokin Eizmendi, Gorka Etxeberria, Imanol Illarramedi, Izeta IV.a, Mikel Lopetegi, Sergio Mielgo, Jagoba Otaegi, Xabier Peñagarikano, Beñat Telleria eta Josu Urbieta izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak. Kirolari bakoitzak 134 kiloko Igeldo harria erabili beharko du, oboide itxurakoa, eta bakoitzak lanean aritzeko bost minutuko txandak izango ditu. Jokin Eizmendi izango da gaurkoan garaipena lortzeko faboritoa. Tartean badira plazetan orain arte gehiegi ezagutzen ez direnak, Diaz arabarra, Urbieta gipuzkoarra eta Mielgo Madrildarra, esaterako. Horiek ezagutzeko aukera ere izango da.