Gaurko egunez Florentino Goikoetxea mugalaria hil zen, 1980an
Florentino Goikoetxea mugalaria 1980eko uztailaren 27an hil zen, gaurko egunez duela 43 urte. Bigarren Mundu Gerran erresistentziako kide izan zen eta aliatuen 227 hegazkinlariri lagundu zien Pirinioetako muga zeharkatzen. Hernanin jaio zen 1898ko martxoaren 14an.
Gaurko egunez duela 43 urte zendu zen Ziburun Florentino Goikoetxea mugalaria, 1980eko uztailaren 27an. Mugalari bezala Bigarren Mundu Gerrako aliatuei Pirinioak zeharkatzen lagundu zien, 227 hegazkinlariri zehazki.
Hernanin jaioa, zerratoki batean lan egin zuen gaztetan, baita Urumean dragatze lanak egiten ere. Kontrabandista gisa ere aritu zen eta 37ko Gerra zela eta Ipar Euskal Herrira joan behar izan zen bizitzera, Ziburura hain zuzen.
Naziek okupatutako Europan lurrera botatako hegazkinlari aliatuei Erresuma Batura ihes egitera laguntzen zien Comete sarearekin lan egin zuen. Andree de Jongh belgikar erresistentziako erizainak sortu zuen eta bera jarri zen harremanetan Florentinorekin. Horrela, hernaniarrak hegazkinlariak Ziburu eta Donibane Lohizunen jaso eta Urruñatik igaroz Bidasoa ibaia zeharkatzen zuten. Itzultzerako bidean erresistentziako korreoa eta dokumentuak eramaten zituen.
1944an soldadu alemaniarrek lau balaz zauritu zuten eta atxilotua izan baino lehen, korreoa ezkutatu zuen. Baionako klinikan zaintzapean zegoela, hura askatzeko operazioa antolatu zen eta okupazioa amaitu arte Biarritzen ezkutatuta bizi izan zen Florentino.
1965ean frantziar herritartasuna lortu zuen eta 1977an Ohorezko Legioko zaldun izendatua izan zen. Erresuma Batuan George Domina eman zioten. Buckinghamen egindako ekitaldian bere lanbidea zein zen galdetu ziotenean, «inportazio eta esportazioaren negozioan» ibili zela esan zuen ingelesez.