GAUR8
Gaur X urte

Duela 75 urte egin zuen bere lehen agerraldi publikoa Duguna dantza taldeak

Duguna edo Iruñeko Udal Dantza Taldea 1949an sortu zen eta gaurko egunez atera zen kalera lehenengoz, San Zernin festan. Ikurrina sinbolotzat zuela eta, 1986an Udalak taldea desegin zuen eta handik bi urtera Duguna Folklore Taldea jaio zen bere testigua hartuta. 75. urteurrena ospatu dute aurten.

Dugunako dantzariak, 2023ko San Fermin Txikiton.
Dugunako dantzariak, 2023ko San Fermin Txikiton. (Iñigo URIZ | FOKU)

Duguna Folklore Taldeak 75 urte bete ditu aurten. Gaurko egunez atera zen kalera aurrenekoz, 1949ko azaroaren 29an. Hasieran gizonak bakarrik zeuden taldean, baina hurrengo urterako emakumeak ere sartu ziren. Taldekideek Pedro Lozano de Sotesek eta Francis Bartolozzik diseinatutako jantzi ofizial bat eramaten zuten soinean, Euskal Herriko jantzi desberdinen elementuak biltzen zituena: Erronkariko jakak, Otsagabiako galtzak, Luzaideko apaingarriak eta Zuberoako txapinak, besteak beste.

Francisco Arraras Soto taldeko zuzendariak (1949-1953) 45 dantzako katalogoa osatu zuen, marka paregabea. Halaber, 17 aldiz dantzatu zuten atzerrian, garai hartako zailtasunak gaindituz. Bereziki Italian lortu zuten arrakasta. Sei bira egin zituzten han eta Pio XII.a aita santuaren bedeinkapena ere jaso zuten.

‘Duguna’ antzerki ikuskizun folklorikoa sortu zuten Iruñeko Orfeoiko Javier Bello Portu konpositorearen eta Santa Cecilia orkestraren artean, baleta, herri dantzak eta antzerkia uztartuta. Iruñea, Bilbo, Donostia eta Baionako antzokiak bete zituzten lau urtez jarraian, 1952tik 1956ra, kritika ezin hobeak jasoz.

1960ko hamarkadan, AEBetara egin zuten bidaia, Iruñeko Erraldoien Konpartsarekin batera. Ezaguna da erraldoien bikote beltza ez zutela eraman ahal izan, arraza-diskriminazioa zela eta.

Hurrengo hamarkadan, sariak eskuratu zituzten Sizilia, Gales eta Ingalaterran.

Franco hil ondoren, elkarteak ikurrina hartu zuen identitate sinbolo gisa eta horrek arazoak ekarri zizkion Udalarekin. Azkenean Udalak taldea desagerrarazi zuen eta honek erantzun ugari eta Dugunaren aldeko elkartasun ekitaldiak ekarri zituen. Hala sortu zen, bere lekukoa hartuz, 1988. urtean Duguna Folklore Taldea.