GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 24 urte Felix Iñurrategi alpinista Gasherbrumen geratu zen betiko

2000. urteko uztailaren 28an, duela 24 urte, Felix Iñurrategi Aretxabaletako alpinista Pakistango iparraldeko Gasherbrum mendian hil zen. Alberto anaia gazteagoarekin mendigoizaleen artean bikote oso ezaguna sortzen zuten.

Felix Iñurrategi. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Duela 24 urte Felix Iñurrategi euskal alpinista betiko geratu zen Pakistango iparraldeko Gasherbrum mendian, 2000. urteko uztailaren 28an. 33 urte zituela zendu zen mendizalea.

1967ko apirilean jaio zen Iñurrategi, Aretxabaletan. Nekazaritza alorreko ingeniaritza ikasketak egin zituen Atarrabian eta nerabezaroan bertsolaritzan trebezia handia erakutsi zuen. ‘Murrukixo Mendizale Elkartea’ zelakoan hasi zen mendira joaten, baita eskaladan aritzen ere, Alberto anaiarekin batera.

1987 eta 1988 urteen artean Alpeetan ibili zen anaiarekin eta ondoren Ipar Amerikara joan ziren, Yosemite Parke Nazionalera, El Capitanera eta Half Dome mendira. 1990eko irailaren 29an Pumori tontorrera igo ziren, Himalaia aldean. Bi urte geroago Everestera iritsi ziren anaiak. 1993an K2 mendira igotzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. 1994an igo ziren Juanito Oiarzabalekin batera.

1995ean bi tontor erdietsi zituzten: Cho Oyu eta Lhotse. 1996an Kanchenjungara igo ziren Oiarzabalekin eta Shishapangmara, Josu Bereziartuarekin. 1999ko uztailean Nanga Parbat mendian bi anaiek mendizale kolonbiar baten erreskatean parte hartu zuen, tontorrera igo baino lehen.

2000ko udaberrian Manasluko gailurrera heldu ziren eta hamabi zortzimilako igotzea lortu zuten. Azkena Gasherbrum II izan zen. Tontorretik jaisten ari zirela, Felix Iñurrategi 400 metrotik behera amildu zen eta bertan hil zen. Gorpuak han jarraitzen du.