01 AGO. 2024 Gaur X urte Agur eta mila esker, ‘Ipurbeltz’ Gaurko egunez desagertu zen, 2008an, ‘Ipurbeltz’ euskarazko komikien aldizkaria. Ereinek sortu zuen 1977an eta 31 urtetan 362 ale kaleratu zituen, haur eta gazteei zuzenduta. Marrazkilari ugariren harrobia izan zen: Antton Olariaga, Jon Zabaleta, Alazne Rivero, Miguel Berzosa, Joxe Anjel Lopetegi, Antton Dueso eta Mattin, besteak beste. ‘Ipurbeltz’ aldizkariaren lehen alearen azala. (WIKIPEDIA) GAUR8 Egun tristea izan zen duela 16 urteko abuztuaren lehena komikiak eta euskara maite dituztenentzat: salmenta eta harpidetzen jaitsiera zela-eta, ‘Ipurbeltz’ euskarazko komiki aldizkaria argitaratzeari utzi behar izan ziolako Ereinek, 31 urteko ibilbidearen ondotik.Argitaletxea sortu berritan, euskal komikigintzari funtsezko ekarpena egin zion, 1977ko abenduan ‘Ipurbeltz’-en lehen alea kaleratuz. 2008ra arte, 31 urtetan, 362 ale plazaratu zituen. Makina bat gaztetxo euskaldun komikizale bilakatzearen ‘errudun’ izan zen, eta ezagutu zutenek seguru maitasun handiz oroituko dituztela bertako abentura eta jolasak. Denborapasak bete eta bidaltzeko aukera ematen zuen, eta sariak ere ematen zituen.Horretaz gain, marrazkilari aunitzen harrobia izan zen: Antton Olariaga, Jon Zabaleta, Alazne Rivero, Miguel Berzosa, Joxe Anjel Lopetegi, Antton Dueso, Mattin eta abar luze bat. 25. urteurrena ospatzeko, ‘Ipurbeltz Antologia’ liburua argitaratu zuen Ereinek, marrazkilari horiek omenduz, eta gaztetxoentzako komiki sariketa bat ere antolatu zuen. Oraindik ere, agurreko mezua irakur daiteke sarean, honelaxe dio: Ipurbeltz egin duten guztiei eskertu nahi die EREIN argitaletxeak: lehenik, irakurleei, 31 urte hauetan adinez eta belaunaldiz aldatuz joan diren arren, aldizkariarekiko kateari eutsi diotelako. Gure irakurleen ondoren, marrazkilari, gidoigile eta, oro har, aldizkariaren aitzakian, argitaletxera hurbildu diren guztiei eskertu nahi die. Eta, azkenik, nola ez, beren laguntzarekin aldizkaria babestu duten erakundeei.Guztiei esker mila. Hogeita hamahiru urte hauekin bete dugu bizialdi bat. Harro gaude, urtea joan urtea etorri, hilero-hilero gure gaztetxoen eskuetara helarazitako eskaintzarekin. Baina gizartea ere aldatuz doa, eta, harekin batera, haren gustuak eta joerak ere bai.Aurrera begiratu beharra dago, eta gauza eta eskaintza berrietan pentsatu. Izango dugu, beraz, aurrerago ere, non elkartu.Adiorik ez!EREIN argitaletxea.