16 AGO. 2024 Gaur X urte Gaur dira 47 urte Elvis Presley Rock and Rollaren Erregea hil zela Elvis Presley abeslari eta aktorea gaurko egunez hil zen duela 47 urte Memphisen. Rock and Rollaren Erregeak miloika disko saldu ditu eta musikaren figura nagusietako bat izaten jarraitzen du. Elvis Presley, 1958an. (WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Elvis Presley AEBetako abeslaria Rock and Rollaren Erregea bezala ezaguna izan zen, 50eko hamarkadaren erdialdetik aurrera rock musikaren interprete nagusietakoa. Elvis 1935eko urtarrilaren 8an jaio zen eta 1977ko abuztuaren 16an hil zen, 42 urte zituela. 1954an hasi zen abestiak grabatzen. Argitaratutako lehen singleak ‘That's all right’ eta ‘Blue moon of Kentucky’ abestiak dauzka eta, hainbat diskoren ondoren, 1956an Estatu Batuetan lehen zenbakia lortu zuen ‘I forgot to remember forget’ abestiarekin. Bere lehen albuma 1956an iritsi zen, eta hamar aste eman zituen lehen postuan. Gaur egun, Elvisen figura unibertsala da. Munduan zehar bere izena ezagutzen dute edo Rockaren Erregearen irudiren bat ikusi dute. Graceland, bere etxea, AEBetako etxerik bisitatuena da Etxe Zuriaren ondoren. Mila milioi disko baino gehiago saldu ditu eta bere ahotsa musika herrikoiak ezagutu duen handienetako bat da. 1977ko abuztuaren 16ko arratsaldean, Ginger Alden Elvisen bikoteak konorterik gabe aurkitu zuen bere komuneko lurrean. Medikuak suspertzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu. Abeslariaren heriotza 15.30ean eman zen jakitera ofizialki, Baptist Memorial Ospitalean. Elvis Presley Memphisen hil zen, 42 urte zituela, miokardioko infartu akutu baten ondorioz. Abuztuaren 16an, mundu osotik etorritako artistaren milaka jarraitzaile hurbiltzen dira Gracelanden etxera rockaren erregea gogoratzera. 2023an estreinatu zen ‘Priscilla’ pelikula, Priscilla Beaulieu Presley Elvisen emaztea zenaren memorietan oinarrituta. Jacob Elordi euskal jatorria daukan Australiako aktoreak abeslaria interpretatu zuen. Elvis Presleyren oinordekoek egindako kexen ondorioz sortutako polemikak proiektua astindu zuen. Kexa horiek, ohar baten bidez, filma bere baimenik gabe sortu zela adierazi zuten.