11 SET. 2024 Gaur X urte Gaurko egunez jaio zen Mariano Ferrer kazetari ezaguna 85 urte beteko lituzke gaur Mariano Ferrer kazetariak; Donostian jaio zen gaurko egunez. Besteak beste, ‘Egin’-eko lehen zuzendaria izan zen. Mariano Ferrer. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Gaur dira 85 urte Mariano Ferrer kazetari ezaguna jaio zela. Egun ‘Herri Irratia’ denean ibili zen esatari lanetan eta ‘Egin’-eko lehen zuzendaria izan zen. Beste hainbat hedabidetan ere egin zituen kolaborazioak. Donostian jaio zen 1939ko irailaren 11n eta seminarioan ikasi zuen. Madrilen ikasi zuen kazetaritza eta Ameriketako Estatu Batuetako Siracusa Unibertsitatean jarraitu zuen, ondoren. 1971ean itzuli zen Donositara eta garai horretan ‘Radio Popular de San Sebastián’ zenean hasi zen esatari lanetan. Zeregin horretan aritu zen 2004ean erretiroa hartu zuen arte. ‘Egin’ egunkariko sortzaileetako bat izan zen eta baita lehen zuzendaria ere, 1977tik 1978ra bitartean. Ondoren, ‘El kiosko de la Rosi’ irratsaioan ibili zen. Astelehenetik ostiralera egunero egin zuen irratsaioa 30 urtez eta audientzia maila ona izan zuen, bereziki Gipuzkoan. Beste hedabide batzuetan ere kolaboratu zuen. Hala nola, ‘ETB’-ko ‘Sin permiso’ saioaren zuzendari eta aurkezlea izan zen, ‘El Mundo del País Vasco’ egunkariko argitalpen kontseiluko kide eta zutabegilea, ‘Noticias’ taldeko zutabegilea eta aldizkako kolaborazioak egin zituen ‘EiTB’-n eta ‘Radio Euskadi’-n. Euskaltzalea zen eta erretiroa hartu zuenean euskaldundu zen. 18/98+ Plataforman aktiboki hartu zuen parte eta Euskaraldiaren aldeko aldarria egin zuen. Erretiroa hartu zuenean bi liburu argitaratu zituen: ‘Derechos, libertades y razón de Estado (1996-2005)’ eta ‘Mariano Ferrer, lo que dije y digo’ azken hau Imanol Muruak koordinatuta. 79 urterekin zendu zen.