13 SET. 2024 Gaur X urte 15 urte bete ditu gaur Arenys de Munteko galdeketak Gaurko egunez egin zuten 2009an Kataluniaren independentziaren Arenys de Munteko herri galdeketa. Historikoa izan zen, Katalunian egin zen era honetako lehen galdeketa izan baitzen. %41eko parte hartzea izan zuen eta baiezkoak irabazi zuen. Galdeketan erabilitako papeletak. (Espiadimonis | WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Kataluniako independentziari buruzko Arenys de Munteko galdeketa Autodeterminazioaren aldeko Arenyseko Mugimenduak (MAPA) bultzatutako udalerri mailako herri-galdeketa bat izan zen. 2009ko irailaren 13an egin zuten, hots, duela 15 urte. Maresme eskualdeko herria da Arenys de Munt eta bertan egin zuten Kataluniaren independentziaren inguruko lehen galdeketa. Ez zen loteslea eta herri mailakoa zen, antolatzaileek ariketa gisa proposatu zutena. Honakoa izan zen herriko biztanleriari bota zioten galdera: «Ados al zaude Katalunia zuzenbide Estatu independente, demokratiko eta sozial bat bilakatzearekin, Europako Batasunaren barruan?». Arenys de Munteko galdeketa Kataluniako independentziari buruzko lehenengo herri galdeketa izan zen, baina atzetik 300 udalerritan antzeko ekimenak burutu zituzten 2009ko amaieratik 2010 bitartean. Nahiz eta guztiz sinbolikoa izan, Kataluniako eta espainiar Estatuko politikan berebiziko eragina izan zuen. Aldi berean espainiar Estatuko Gobernuak ekintza hau oztopatzen eta ilegalizatzen berebiziko ahaleginak egin zituen, lortu ez bazuen ere. Egunean bertan ezagutarazi zuten bozkatzeko tokia zein izango zen, gorabehera asko izan baitzituzten baimenak eskuratzeko. Jai giroa izan zen nagusi egunean zehar. Falangeak mobilizazioa egin zuen, 58 pertsonaren parte hartzearekin. Parte hartzea %41ekoa izan zen eta baiezkoak irabazi zuen, 2.569 bozka eskuratuta, hots, botoen %96,2a.