GAUR8 - mila leiho zabalik

Irlanda


Irlandako hauteskundeak eginda, gaur egun horren maiz gertatzen ez den bezala, aurreikuspenak bete dira. Sinn Fein suertatu da alderdi bozkatuena eta hauteskunde emaitzekin batera enegarren krisi politikoa piztu da Irlandako iparraldean. Unionistak ez ei daude prest Ostiral Santuko Akordioa bete eta Sinn Feinek zuzenduko duen gobernu bateko kide bilakatzeko. Orain arte alderantziz izan da beti, eta hori gertatu den bakoitzean unionistek arazo gutxi izan dute Sinn Feinen babesarekin Stormont zuzentzeko. Egia da Ostiral Santukoaren biharamuneko agertokia eta gaur egungoa ez direla berdinak eta egia da, era berean, azken urteetan elkarrekin gobernatzea oso zaila suertatu zaiela. Eta ez da harritzekoa, jatorri eta helburu oso kontrakoak baitauzkate. Ziurrenik egunen batean, uste baino lehenago agian, 1998an adosturiko betebehar hori moldatu beharko da, Irlandako iparraldeko instituzioek euren lana egitea nahi bada gutxienez, baina bien bitartean unionistek ematen dituzten arrazoiek galtzen ez dakien eta baloia zulatzen duen umearen antza dute. Adi, batzuk antzeko musika jotzen saiatuko baitira gurean ere datozen udal hauteskundeak egin eta gero.

Irlandara bueltatuz, hegoaldean egin berri diren inkestek Sinn Feinek igotzen jarraitzen duela adierazten dute eta gero eta garaipen nabarmenagoa lortuko duela adierazi. Ekaitz perfektua, historian, momentu berean, hego eta iparraldean irabaztea. Oroitu azken hamarkadetan errepublikanoek batean eta bestean izan duten babesa oso ezberdina izan dela eta azken hamarkadan bereziki egoera hori zuzendu eta euren influentzia lurralde guztira hedatzea lortu dutela. Ez da kasualitatea; egungo garai likidoetan, oso erraza da politika konbentzionalaren zurrunbiloan galtzea, egunerokoan itotzea eta epe erdi eta luzera begiratzen ahaztea. Hori egiten duten mugimenduek momentu zehatzetan emaitza elektoral onak edo babes handia erdiestea lortu dezakete baina ez dute sekula garaipenik lortuko, eta ziurrenik denboraren poderioz urtzen joango dira.

Egia da Ostiral Santuko Akordioak erabakitze eskubidea aitortu eta arautu zuela. Baina egia da ere irlaren batasunaren inguruko erreferendumak, bi egin behar baitira, Sinn Feinek hego eta iparraldea zuzentzen dituenean bakarrik egingo direla. Irakaspen hau erabakitzeko eskubidea sekula aitortua izango ez duten estaturik gabeko nazioentzat ere irakaspen eta iparrorratz izan daitekeelakoan nago. Zein da, beraz, erreferenduma egiteko berme nagusia? Eskubidearen aitormen formala edo erreferenduma burutu nahi duen indar politikoaren indarra eta determinazioa? Aukeran emazkidazu biak faborez, baina dudarik ez izan autodeterminazio eskubidearen aitormenik ezak ez dakarrela bidearen amaiera. Eskozia kasu.

Eta egun hori gero eta gertuago dago. 1968, 1978, 1988, 1998, 2008 edo 2018an irlaren batasunak ametsa zirudien. Bada, ametsa errealitate bilakatzen ari da, eta ez da kasualitatearen emaitza, estrategia eta zuzendaritza politiko sendoak emandako emaitzen ondorio baizik. Urte, hamarkada luzeak, mota guztietako sufrikarioak, barne eztabaida amaigabeak, erabaki zailak, kontraesanez beteriko bidea… Gerry Adamsek berak momentu oso diferenteetan botatako bi esaldi ekarri nahi nituzke gogora, bide hori ongi ilustratzen dutelakoan: «Bakea egitea gerra egitea baino zailagoa da» batetik, eta «negoziazio zailenak etxekoekin izan dira», bestetik. Dudarik ez izan militante fin asko direla honen guztiaren erantzule. Batzuk bidean geratu ziren, beste batzuk bidearen une zehatz batean haserretu eta bide bazterrean geratu ziren, estrategia ezberdina bultzatzen hasi zirenak ere egon dira edo zuzenean behin kide izandakoen kontra jarritakoak, badira ere beranduago militantziara eta mugimendura gehiturikoak. Bertolt Brechtek adierazi bezala, guzti-guztiak dira beharrezkoak, baina ezinbestekoak egunero, beti egon diren, dauden, horiek dira. Irlandar haurren irribarre garaia iritsi da.•