GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Europaren ispilu iluna

Europak ez du ezagutu 2015eko errefuxiatu uholdea bezalakorik II. Mundu Gerraz geroztik . Eta ez du etenik izan; ez soilik bizi dugun negu hasiera leunagatik, gaurkoa ez den auziak jauzi kuantitatiboa eta, batez ere, kualitatiboa egin duelako baizik.


Zenbakiak izugarriak dira: Alemaniak milioitik gora etorkin hartu ditu bere lurraldean 2015ean, eta ehunka milaka dira Grezian eta Italian, baina baita Balkanetako hainbat herritan ere, Europako iparraldera noiz iritsiko zain daudenak.

Aurreko urteetan ere asko ziren gerretatik eta txirotasunetik ihesi Europara sartzen saiatzen zirenak. Tragedia ez da, beraz, 2015eko kontua. Adibidez, 2000tik 2014ra bitartean 26.000 pertsona hil ziren itota Mediterraneo itsasoan. Zer aldatu da, beraz? Udaberri Arabiarra bezala ezagutu genituen matxinadek arabiar herrialdeetako erregimen zaharrak, gehienak despotikoak, suntsitzen ahalegindu ziren. Erregimenen erantzun bortitzen eta nazioarteko potentzien interesen eraginez matxinadak gerra bilakatu ziren azkenerako.

Libiako kasuan NATOk matxinoen esku utzi zuen Muammar Gaddafi koronela eta modurik basatienean hil zuten Estatuaren batasuna nola edo hala bermatzen zuen agintari historikoa. Garai bateko bere asmo iraultzaileengatik Europaren barkamena lortu nahian, Afrika hegoalde eta ekialdetik heldutako etorkinak geldiarazteko harresi bihurtu zuen bere herria koronelak. Gaddafirekin batera, baina, Libiako Estatua, edo, gutxienez, Estatu itxura zuen Libia, desagertu egin zen. Ordutik hona etorkinen patua negozio bilakatu da Libian elkarren aurka ari diren milizientzat.

Libiako harresia hautsita, Afrikako etorkinen iritsiera –batez ere mendebaldekoena– ekiditen duen bakarra, Estatu espainolak Marokoko erregimenaren ezinbesteko laguntzarekin Ceutan eta Melillan kontzertina eta guzti altxatu zuena da.

Sirian, ordea, ez zen Libiako egoera errepikatu. Errusia eta Txina eskarmentua hartuta zeuden Gaddafiri gertatutakoarekin eta ez zioten utzi Mendebaldeari Baxar al-Assaden aurka erasoaldi militarra aurrera eramaten. Hasieratik Mendebaldeak Siriako erlategian sartzeko benetako gogorik izan ote duen zalantza handiak daude. Buru-belarri sartu zirenak eskualdeko potentziak izan ziren. Iranek, AEBen okupazioa amaitu zenetik bere menpe den Irakek, eta Libanoko Hezbollak bat egin dute Damaskorekin eta berauen laguntzarik gabe ezin da ulertu erregimenak jada lau urte luze iraun izana. Turkiak, Saudi Arabiak eta Qatarrek, aldiz, bat egin zuten matxinatuekin eta hauek –eta ISIS talde jihadista– erregimena suntsitzekotan egon dira 2015. urtean, Errusiak gerran parte hartzea erabaki duen arte.

1975etik 1990era Libano guztiz suntsitu zuen gerra gogora ekartzen duen Siriako egoerak: 300.000 hildakotik gora eragin ditu eta herritarren erdiak (11 milioi lagun) etxetik ihes egin behar izan du. 4 milioi inguruk inguruko herrietan aurkitu dute nolabaiteko babeslekua (2,2 milioik Turkian, milioi batek Libanon eta 600.000 inguruk Jordanian). Gehienek erregimenaren atzaparretatik egin dute ihes.

Siria barnean bertan desplazatutako herritarrak 7 milioitik gora dira. 3 milioi Latakia eskualdean babestu dira, Al-Assaden erregimenaren gotorlekuan. Matxinoen erasoetatik ihes egin duten herritarrak dira. ISISen sorrerarekin hirugarren iheslari talde handi bat ere sortu da: kalifatoaren barrabaskerietatik eta jihadisten aurkako bonbardaketetatik ihes egiten duten herritarrak.

Zeintzuk dira, ordea, Siriatik Europara bidean direnak? Denetarik. Jaioterrira bueltatzeko aukerarik ikusten ez duten eta inguruko herrialdeetan ahal bezala bizirauten duten errefuxiatuak, Siria barnean bizi diren herritarrak, asko klase ertainekoak, eta Siriako egoera ekonomiko latza gerraren eraginez erabat gaiztotu dela ikusten duten profesionalak, irakasle eta ikasleak, familiak... Eta, azkenik, ISISetik ihes egiten dutenak. Hala ere, aurten Turkiatik Balkanetara bitarteko itsas bidaia arriskutsua egin duten 700.000 lagunetatik erdiak ere ez dira siriarrak –herena izan daitezke, askok bidaia samurtzeko siriarrak direla esaten dutelako–.

Zer dela eta errefuxiatu uholdea siriarrekin lotzeko saiakera? Siriako drama izan da ihesaldi erraldoiaren akuilua. Siriarren ondoren Mediterraneoa zeharkatzen duen giza talde handiena afganiarrek osatzen dute eta gehienak ez dira AEBek boterean jarritako erregimenaren errepresiotik ihesi: gerra irabaztear diren talibanen beldur dira. Iraken ere Sirian bizi den antzeko egoeran bizi dira asko, ISISen eta Bagdadeko erregimenaren artean erabat itota.

Zentzu batean, horrenbestez, guztiak dira siriarrak, baita Afrikako ekialdean den Eritreako egoera politiko ezin ankerragotik ihes egiten dutenak ere. Azken horiek, nigeriarrek eta sudandarrek bezala, zaila dute Alepon jaiotako siriar beltzak direla argudiatzeko. Uholde hori gertu-gertutik pasatzen zela baliatu asmoz gehitu zaizkien kosovarrek are zailago dute Europako Iparraldeko babesa lortzea. Merkelen hitzetan ez dira errefuxiatuak, etorkin hutsak baizik. Gutxi balitz moduan.

Guztiak ez dira siriarrak, baina bost axola jaioterriak. Errefuxiatuena ez da gaurko kontua, baina badirudi Europa fenomeno berri eta geldiezin baten atarian dela. Ez da kopurua bakarrik. Ekialde Hurbilak eztanda egin du. Errua norena den elkar aurpegiratzen ari dira gobernu, politikari eta analistak. Gauzak zeuden bezala utzi behar zirela –usteltzen, alegia– diote kontserbadoreenek, baina baita beren burua iraultzailetzat duten batzuek ere. Herrialde horietako egoera ekonomiko eta soziala hobetu egin behar dela diote besteek, hori nola egin daitekeen zehaztu gabe. Gerraren aldekoak eta kontrakoak elkar muturka ari dira Europan barna.

Ba nago ni, ordea, eztabaida horiek ez dutela ezer balio egoera berri honetan. Afrika gehienak bezala, Ekialde Hurbilak eta, oro har, arabiar herrialdeek porrot egin dute estatu iraunkorrak osatzeko orduan. Errua ez da beraiena izango –ditxosozko nazioarteko indarrak, beti ahulenak ahultzen!–, baina beraiek dira errua errotik ordaintzen ari direnak. Eta mundu globalizatu honetan ez daude prest etxean geratzeko, bonba bat noiz gainean eroriko edota esperantza faltaren amildegian noiz ito. Europa dute etorkizun. Eta Europa zaharkituari dagokio erantzutea, egoismotik bada ere; edota itsuarena egitea, bere irudirik ilunena emanez. Errefuxiatuek begi aurrean jarri dioten ispiluan.