GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Nafar hezkuntzaren korapiloa

Eztabaida politikoaren erdian kokatu da Nafarroako hezkuntza sistema publikoa azkenaldian. Aldaketaren Gobernua sostengatzen duten alderdien artean bertan ere pitzadurak sortu dira eta oposizioak gaia baliatu du. Hezkuntza publikoaren auzian modu desegokian erabiltzen dira maiz kontzeptu asko. Goazen bada horiek argitzera.

Jose Luis Mendoza hezkuntza kontseilariak azaroan ekin zion oposizioak egin ahal izateko bideari. (Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS)

Zurrunbiloaren erdian dago azkenaldian Nafarroako hezkuntza publikoa. Polemika ugari sortu dira azkenaldian oinarrizko gai estrategiko honen inguruan. UPNren urte ilunek ondorioak utzi dituzte eta Uxue Barkosen Gobernuak zailtasunak ditu bestelako politikak indarrean jartzeko –tartean Madrilen esku hartzeak ere badira–. Eztabaidaren erdian, herritar arruntentzat zein politikarientzat beraientzat arrotzak diren kontzeptuak erabiltzen dira askotan. Adibidez, zerrenda bakarrarena. Pentsa, Geroa Bai taldeko eledun Koldo Martinez berak zer den azaltzeko denborarik ez zuela bota zuen astelehenean bertan. Aldi berean, baina, pedagogia beharrezkoa dela gaineratu zuen. Erronkari erantzunez, eztabaida politikoak maiz estaltzen dituen kontzeptuei buruz ariko gara.

Zerrenda bakarra

LABentzat zerrenda bikoitzarekin amaitzea lehentasuna da eta ondorioz Aldaketaren Gobernuak proposatutako lan eskaintza publikoa ezin duela onartu adierazi du. EH Bildurentzat ere aldatu beharreko zerbait da. Geroa Bairentzat, ordea, ez da lehentasuna zerrenda bikoitzarekin amaitzea.

Baina zer da zerrenda bikoitza? Zer da zerrenda bakarra? Nafarroan –Vascuencearen Legeak ezartzen duen zonifikazioa albo batera utziko dugu momentuz– bi hizkuntza ofizial daude: gaztelera eta euskara. Administrazio publikoko langile izateko oposizioetan, horrenbestez, bi hizkuntzok jakitea eskatzea izango zen normalena. Aldiz, Estatu espainolean bi hizkuntza ofizial dituzten beste erkidegoetan ez bezala (EAE, Galizia, Katalunia, Valentzia eta Balearrak), bi hizkuntza ofizialak jakitea kaltegarria da Nafarroan irakasle izan nahi dutenentzat. Izan ere, bi lerro daude eta batetik bestera pasatzea ezinezkoa da. Euskarazko lerroan irakasle izan nahi dutenentzat oposizio bat antolatzen da, eta, gazteleraz lan egin nahi dutenentzat, beste bat. Azken urteotan egin diren deialdi guztietan, baina, egun berean egin dira euskarazko eta gaztelerazko irakasleen oposizioak. Horren helburua argia izan da: oposizio bakar batean soilik aurkeztu ahal izatea. Helburu zehatza, azken batean, euskaraz eskolak eman nahi dituztenei gazteleraz ere irakasle izateko bidea ixtea izan da. Izan ere, irakasle euskaldunak (edo gehien-gehienak behintzat) gai dira klaseak gazteleraz ere emateko. Beste modu batera esanda, bi lerroetan irakasle izateko formakuntza dute.

Bi hizkuntza ofizial dituzten Estatuko beste erkidegoetan zerrenda bakarra dago. Valentzieraz eskolak emateko valentziera jakin behar da eta hori kontuan izaten da. Zerrenda bakarretik valentzieraz dakitenak hautatzen dira valentzieraz eskolak emateko. Gazteleraz irakasteko edozein irakasle dei daiteke, guztiek gazteleraz dakitelako. Elebakarrek gazteleraz baino ez dakite. Elebidunek, bi hizkuntza ofizialak. Valentziera eta gaztelera. Edo euskara eta gaztelera.

Hain zuzen ere, zerrenda bakarreko sistema hori da LABek eta EH Bilduk Nafarroarako nahi dutena. Modu horretan, hizkuntza bat gehiago dakitenek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitu nahi da. Oinarrizko eskaera da, kutsu abertzalerik ez duena. Merezimendua baloratzen da, ez besterik. Zerrenda bakarra izan dute azken urteotan Valentzian, bertako Generalitatea PPren adar ilunenaren esku egon bada ere (Francisco Camps, Eduardo Zaplana...). Geroa Bai eta Uxue Barkosen Gobernuarentzako, aldiz, zerrenda bikoitzarekin amaitzea ez da lehentasuna. Horrek tirabirak sortu dizkio bidaide duen EH Bildurekin.

Lan eskaintza

Oposizioak deitu ahal izateko, lehenengo dagokion lan eskaintza publikoa onartu behar du Nafarroako Gobernuak. Bide horri ekin zion azaroan Jose Luis Mendoza buru duen Hezkuntza Departamentuak. Asmoa, sindikatuekin negoziatzea zen (LAB, Steilas eta ELAk gehiengoa dute), beharrezko aldaketak egin eta urtarrilaren erdialderako lan eskaintza onartzeko. Baina prozesua nahaspilatu egin da.

Orotara 425 lanpostuk osatzen zuten Mendozak aurkeztutako lan eskaintza publikoa. Horietatik 334 lanpostu aurten jarri behar dira martxan eta beste 91 datorren urtean. Plaza gehienak Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako irakasle izateko dira, 320. Eta horien artean 228, euskaraz irakasteko. Gaztelerazkoak gutxiago dira, askoz gutxiago. Madrilek UPNk martxoan harturiko erabaki bati aurkezturiko helegiteak 120 plaza atzeratzea behartu du. Justu euskarako lerroarentzat zirenak.

Ustez euskarari emandako lehentasunak sutan jarri zuen orain oposizioan den UPN. PP, PSN eta UGT, CCOO edo Afapna sindikatuak ere oso haserre agertu ziren. Hori normaltzat ere har zitekeen, Gobernuak aurreikusitako gidoiko parte. Baina, ustekabean, sutan jarri zirenen artean Ezkerra (I-E) eta –maila apalago batean– Ahal Dugu ere bazeuden, Gobernuaren oinarri den hitzarmen programatikoa adostu zuten bi alderdi. Gainera, alderdi horiek guztiek Parlamentuak lan eskaintza publikoaren kontrako adierazpena onartzea ere lortu zuten indarrak batuta. Oposizioa eta Gobernua babesten duten alderdiak elkarrekin Gobernuaren aurka. Horrenbestez, EH Bildu eta Geroa Bairen sostengua baino ez du izan Gobernuak afera honetan.

Sorturiko korapiloa askatzeko asmoz, hitzarmen programatikoa sinatu zuten lau alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) negoziazio prozesu bati ekin zioten. Ordu luzeak eman dituzte bilduta baina ez dira konponbiderik topatzeko gai izan. Gobernuak (eta Geroa Baik eta EH Bilduk) eskaintza publikoaren lanpostu banaketa teknikoa zela nabarmendu dute behin eta berriz. Ezkerrak (eta Ahal Duguk maila apalagoan) euskara gehiegi lehenesten zela errepikatu dute behin eta berriz.Hezkuntza Departamenduaren argudio nagusia proposatutako lanpostu banaketak gurasoen eskaerari erantzuten diola izan da. Nola uler daiteke, Nafarroa osotasunean hartuta, euskarazko eskolek gaztelerazkoek baino eskari handiagoa edukitzea? Azken urteotan UPNren Gobernuak ingelesa komunikazio hizkuntza gisa indartu zuelako PAI programaren bidez, besteak beste, D ereduaren garapena mozteko. Hori dela eta, Erriberan, adibidez, gurasoek nahiago izan dute haurrak ingelesa eta gaztelera uztartzen dituen lerroan matrikulatzea gaztelera hutsezko lerroan baino. Ondorioz, “zonalde ez euskalduna” bezala ezagutzen den eremu horretan gaztelera hutsezko lerroek atzera egin dute, irakaskuntza elebidunaren (ingelesa-gaztelera) mesedetan. Bien bitartean, Iruñerrian D ereduak gora egin du gaztelera hutsezko lerroaren aurrean. Eta PAI berak ere aurrera egin du. Ondorioz, gero eta ikasle gutxiago ari dira gaztelera hutsean ikasten. Eta, ondorioz, gaztelera hutsez aritzen diren irakasle gutxiago behar dira. Ez du zentzurik, beraz, gaztelera hutsezko plaza berriak deitzea. Euskarazkoak eta ingelesezkoak behar dira.

Zergatik prestatu du orduan Nafarroako Gobernuak euskarazko plazak nagusi diren lan eskaintza publikoa? Zergatik ez ditu ingelesezko plazak ere eskaintzen? Abertzalea delako? UPNk dioen bezala baztertzailea eta kolonizatzailea delako? Bada, ez. Gobernuak ez ditu ingelesezko plazak eskaini ezin duelako: Gobernu espainolaren dekretu batek ofiziala ez den hizkuntza batean lan egiteko plazak deitzea debekatzen du. Mendozak behin eta berriz esan du Gobernua ez dagoela ingelesaren garapenaren aurka eta aukera izango balu irakasle horien egoera normalizatuko lukeela oposizio baten bidez. Baina Madrilek ez du uzten.

Kontuak kontu, datorren astean aurkeztuko du Nafarroako Gobernuak lan eskaintza publikoa, azken orduan Madrilek aurkezturiko helegite bati aurre eginez. Erregimenaren sindikatu batek, Afapnak, Gobernuak Nafarroako irakasleak erbestera kondenatzen dituela bota du. Hau da maila.

D eredua

Aste honetan bertan, Nafarroako Gobernuak D eredua herrialdeko edozein tokira zabaltzeko aukera ematen duen erabaki garrantzitsua hartu du, aurrematrikulazio kanpaina abian jartzearekin bat. Guraso kopuru «nahiko» batek horrela eskatzen badu, D ereduko lerroa zabal daiteke edonon, adibidez, Corellan. Iaz Ezkerra, PSN eta Geroa Baik bultzatutako Vascuencearen Legearen aldaketan oinarritzen da oraingo erabakia. 2015eko otsailean Bildu eta Aralarrek (orduan oraindik bi talde desberdin ziren) sostengu kritikoa eman zioten aldaketa horri (LAB eta Steilas sindikatuek bezala). UPN eta PP izan ziren aldaketaren aurka azaldu ziren talde bakarrak.

Orduan, Bilduk eta Aralarrek aldaketa erdibidean gelditzen zela adierazi zuten, ratioen aferarengatik. Euskaraz ikasteko eskubidea, formalki, Nafarroa osoan onartzen zen, baina Gobernuaren esku gelditzen zen hori foru dekretu bidez arautzeko aukera. UPN zegoen orduan Gobernuan eta euskarazko lerroa zabaltzeko gutxienez hogei ikasle eskatzen zituen Iruñean eta hamabost beste udalerrietan (“zonalde ez euskaldun” zein “euskaldunekoak” izan, hau da, berdin zen Erribera, Lizarraldea edo Sakana).

Gobernuak orain egin duena ratio edo gelak irekitzeko gutxieneko kopuruak jaistea izan da. Hala, hemendik aurrera zortzi ikasle beharko dira euskarazko gela bat zabaltzeko. Aurreko kopuruarekin ezinezkoa zen kasu askotan, orain aukerak egon badaude. Izan ere, hainbat herritako ikasleak bildu ahal izango dira euskarazko gela osatzeko eta Gobernuak autobusa eta jantokia ere eskainiko ditu. Hezkuntza Departamenduak nabarmendu duenez, ez da inoiz euskaraz ikastera behartuko. Gurasoek egiten duten hautuaren arabera ikasiko dute seme-alabek hizkuntza eredu batean edo bestean. Orain arte euskararen kontra hainbat eskualdetan zeuden trabak kendu (edo arindu) dituzte. Besterik ez.

Euskara, balore bat

Sortzen taldeko eledun Sergio Iribarrenek ere hautuaren elementua nabarmendu eta euskarazko lerro berriak zabaltzeko gurasoen artean egin beharreko lana azpimarratu du. «Iruñerrian 80ko hamarkadan ematen zen egoera berberaren aurrean gaude. Nire gurasoek, adibidez, ez ninduten euskaraz matrikulatu. Bazegoen euskarekiko beldur eta ezjakintasuna. Egun, berriz, euskara jakitea balore bezala hartzen da Iruñerrian. Lan hori beste eskualdetan egitea tokatzen zaigu orain», azaldu du.

Aurrematrikulazio kanpainan murgilduta dago uneotan hezkuntza komunitate guztia. Egunotan gelditzen dira agerian gurasoen nahiak eta eredu bakoitzaren eskari zehatza. Horregatik, Sortzenek D ereduaren aldeko kanpainari ekin dio. “Zonalde ez euskalduneko” herrietan D ereduan ikastearen onurak zeintzuk diren azaltzeko mintzaldiak egingo dituzte. Lehenak Caparroso (Aragoi ibaiaren ertzean, Erribera eta Erdialdearen arteko mugan) eta Oteitzan (Lizarraldean). «Dena den, lan guzti hau ez da orain korrika eta presaka egin behar. Datorren urtean ere zabal ditzakegu euskarazko lerroak. Hobe da poliki aritzea eta ez dekretu bidez PAIrekin egin zuten bezala», dio Iribarrenek.

Nafarroa anitza da gauza askotan eta populazio banaketan ere hori gertatzen da. Ez da berdina Erriberako herri handietan bizitzea edo Lizarraldeko herrixketan. Edo Pirinioaurrean. Eta horiek guztiak ustezko “zonalde ez euskaldun” horretan kokatzen dira. Ez da berdina ere eskualde batean edo bestean euskararekiko atxikimendua. D ereduaren (eta euskararen) onurak azpimarratzea da Sortzenek bere gain hartu duen lana. Nafarroako bi hizkuntza ofizialak jakitea (atzerrikoekin batera) balorea dela nabarmentzen du. Horrekin batera, D eredua herri txiki eta ertain askotan eskola irekita mantentzeko tresna ere izan daitekeela nabarmendu du Iribarrenek. Ziraukiren kasua aipatu du, baina badira gehiago (Mañeru, Murieta). D ereduaren aldeko hautua egin dute gurasoek eta zonifikazioaren eraginez Garesera joan behar dute egunero. Bitartean, herriko eskola itxi behar izan dute gazteleraz ikasi nahi dutenak ez direlako nahiko. «D eredua etorkizuna da horretarako ere. Herrietan euskaraz ikasteko aukera emateak eskolak bizirik mantentzea suposa dezake», azaldu du Iribarrenek.

Auziak erpin asko ditu, hezkuntza eskubideak eta lurralde antolaketa bezalako gaiak hartzen baititu. Herri txikietan zerbitzuak eman behar direla aldarrikatzen da maiz eta eskola ezinbestekotzat jotzen da biztanleria mantentzeko edo erakartzeko. Horregatik, Sortzenen kezkaz ikusten dute Gobernuaren erabakiarekin eskualde mailako eskolak sortzeko joera egon daitekeelako herrietakoen kalterako.

PAI

PAI. Programa de Aprendizaje en Inglés edo Ingelesez Ikasteko Programa. Horixe da UPNren Gobernuak D ereduaren garapena oztopatzeko antolatu zuen ekimenaren izena. Horrela onartu zuen behintzat Yolanda Barcinak berak Madrilgo Intereconomia telebista ultraeskuindarrean egin zioten elkarrizketa batean. Planteamendua honakoa da: ingelesa modernoa da, Europan kokatzen baikaitu eta lana aurkitzeko hobea baita; euskara, berriz, atzerakoia eta abertzaleek bultzatzen duten bazterkeria indartzeko tresna da.

PAI atzerriko hizkuntza bat ikasteko programa bat da eta D eredua, berriz, hizkuntza eredu bat. Beraz, bi gauza ezberdin dira. D ereduan bertan ere txerta zitekeen PAI programa, G ereduan egin bezala, adibidez. Aldiz, Nafarroan bata bestearen aurrez aurre kokatzen saiatu dira beti eskuinaren eledun eta komunikabideek.

Zein da arazo nagusia PAIrekin? Ba gauzak hasieratik egin direla gaizki. Barcinak azaldutako planteamenduarekin ez da harritzekoa. Arrapaladan sartu zuen UPNk D ereduaren garapena mozteko, eta, ondorioz, hezkuntzaren kalitatea bigarren mailan gelditu zen. Ez zen taxuzko ikerketarik egin behar eta eskariak ezagutu eta ondoren eskaintza planteatzeko. Behin eta berriz salatu dute hori sindikatuek. Adibidez, ingelesez Matematika irakasten ari direnek ez dutela hizkuntza horretan eskolak emateko mailarik behin eta berriz salatu da.

Arazoak arazo, baina, kontrolik gabeko hazkunde azkarra izan du PAIk gaztelera hutsezko eskaintzaren aurrean. UPNren Gobernuak egin ez zuena egiteko, Jose Luis Mendozaren Hezkuntza Departamenduak PAIren garapena eten eta egoera aztertzea erabaki du. Horren aurrean, Erregimenaren alderdi, sindikatu eta komunikabideak sutu egin dira. Aste honetan bertan, Mendozak berriz esan du Parlamentuan sarri errepikatu duena: Gobernuak ez du ezer Nafarroako ikastetxeetan eskolak ingelesez ematearen kontra. Arazoa da orain arte gauzak ez direla behar bezala egin eta hobeto dela gelditzea, egoera aztertu eta hortik aurrera hoberena erabakitzeko. Bartzelonan Ada Colauk hotelen etengabeko eta kontrolik gabeko hazkundearekin egin duen antzera.

Zonifikazioa

Aste honetako titular batzuek kontrako irudia eman arren, Vascuencearen Legeak ezarritako zonifikazioak eta horrek dakartzan hizkuntza eskubideen urraketak indarrean jarraitzen dute. Egia da Gobernuaren azken erabakiekin hezkuntza arloko eskubide urraketak konpontzeko bidea ireki dela (haurrek “barne mugak” zeharkatzeko egunero kilometro ugari egitea kasu), baina beste urraketa askok bere horretan jarraitzen dute (osasungintzan adibidez).

Egoera benetan konpontzeko Vascuencearen Legearen aldaketa sakona beharrezkoa da, nafar guztiei eskubide berberak onartuz, non bizi diren kontuan izan gabe. Hori da euskalgintzaren aldarrikapen historikoa, hauteskundeak baino lehen Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldian berretsitakoa. Arazoa Parlamentuan horretarako indar nahikorik ez dagoela da. Lau alderdi daude Aldaketaren Nafarroaren alde, baina soilik bik dute euskararen aldeko jarrera. Eta bi horiekin ez da nahikoa.