GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

HARITZ ZUBILLAGA

Gure imajinarioan marraztu dugun Txirrita handia da, oso handia, eta aulki batean lasai eserita dago, begiratua eta mingaina zorroztuta. Haritz Zubillaga gorputzez Txirrita zenaren erdia baino gutxiago izango da, baina grazian gehixeago hurreratzen da haren pisura. Horregatik aukeratu dute «Gabon Txirrita» antzezlanean Txirritarena egiteko.


K ontatzen denez, Joxe Manuel Lujanbio Txirrita-k 153 kilo pisatzen zituen hil zen egunean. Gizon handia zen eta gure imajinarioan ere halakoxea marrazten dugu; aulki batean eseritako gizon handikotea.

Haritz Zubillagak 1,67 metro neurtu eta 62 kilo pisatzen ditu. Itxuran ez dauka Txirritaren batere antzik. Baina bera da Txirrita Urnietako herriak eta Donostia 2016k martxan jarritako “Gabon Txirrita” antzezlanean. Lehen begiratuan ez da erraza Txirrita ikusten Haritzi begiratuta –nahiz eta antzezlanerako «moldatu» egiten duten bere itxura–, baina hizketan eta kantuan hasi orduko hasten da agertzen Txirrita ikuslearen begietara.

Haritz Zubillaga urnietarra da, nahiz eta azken urteotan Zizurkilen bizi den. Urnietako herria antzerkiari oso lotuta dago –eta segur aski horretan parte handia izan dute Xabier Letek eta Lourdes Iriondok– eta baita Haritz Zubillaga bera ere. Lanbidez delineatzailea den arren, barru-barruan darama agertokian eroso samar sentitzen den aktorea, bertsolaria, txiste kontalaria; «saltseroa», bere hitzetan.

«Urnietan antzerki dezente egiten dira eta duela zortzi bat urte proposatu zidaten antzezlan batean parte hartzeko. Gustatu egin zitzaidan eta antzerki tailerrean hasi nintzen parte hartzen. Eta oraingoan ere horrelaxe izan da; telefonoz deitu zidaten antzezlan batean parte hartuko ote nukeen galdezka. Txirritari buruzkoa zela. Joan nintzen froga egitera eta segidan eman zidaten Txirritaren pertsonaiaren testua. Hura irakurri eta berehala erabaki zuten ni izango nintzela Txirrita», kontatu du.

Esan bezala, “Gabon Txirrita” antzezlana Urnietako herriaren eta Donostia 2016ren ekimena izan da. Hain juxtu DSS2016EU-ren Bakearen itsasargiaren baitan kokatzen da proiektua. Printzipioz, bi emanaldi aurreikusi dira, joan den irailaren 10ean Donostiako Trinitate plazan izan zena eta datorren hilaren 23an Urnietan bertan izango dena. Hala ere, badirudi beste emanaldiren baten aukera mugitzen ari direla.

Proiektu berezia da, herritik sortua eta nagusiki herritarrek atondua. Antzezlanean parte hartzen duten 30 aktoreetatik bi baino ez dira aktore profesionalak. Urnietako herriarentzat, gainera, berezia da, 1982an Xabier Leteren zuzendaritzapean antzeztu baitzen Letek berak idatzitako lana herrian. Orain, 34 urte geroago eta testu originaletik oso gertu, Urnietak berriz eman dio bizitza Txirritari Historiaren Tribunalaren aurrean epaitzeko. «Gure etxean askotan entzun izan dut Xabier Letek zuzentzen zituen antzerki horien berri. Gurasoak Leteren lagunak ziren eta presente egon da beti gurean», kontatu du Zubillagak.

Txirrita gorputz txikiago batean

Txirrita alproja, festaren zalea, zirikatzailea eta umoretsua omen zen. Horretan izango omen dute antzik gehiena Txirrita originalak eta antzeztuak. «Gustatzen zait ingurukoak zirikatzea eta umoretik ibiltzea», aitortu du. Oso bertsozalea da, etxean txikitandik presente izan ditu Txirritaren liburuak, Lazkao Txikirenak... «gustatzen zait bertsoak kantatzea eta bertso zahar batzuk ere ezagutzen ditut». Eta Joxe Manuel Lujanbioren paperean oso-oso eroso sentitzen omen da euskalkiari dagokionez, «ni Urnietakoa eta hura Ereñotzukoa izaki, euskalki antzekoa daukagu-eta. Gipuzkera horretan euskara batuan baino askoz erosoago sentitzen naiz ni», segitu du. Bai, Haritz Zubillagak bazituen nahikoa tasun Txirritaren paperean sartzeko. Baina bazuen kontrako ezaugarri bat ere, lehen begiratuan nabarmenena gainera: itxura.

«Arroparen azpitik eskiatzeko buzo bat jarri didate, gorputza zabaltzeko. Aparte, txaleko moduko bat, tripa handi batekin. Galtzen azpitik galtzerdi lodi batzuk daramatzat, zabalxeagoa naizela emateko. Eta zazpi zentimetroko altuera duten zapatak. Makillajea ere berezia da, zaharragoa naizela irudikatzeko. Arropa hori guztia entsegu orokorrean baino ez dut jantzi, eta, antzezlanaren egunean, noski. Baina gainontzeko entsegu guztietan jantzi dut txalekoa eta tripa, alkandora eta txapela. Horiek jantzita askoz errazago sartzen nintzen entseguetan Txirritaren paperean eta besteek ere errazago ikusten ninduten Txirrita bezala», kontatu du Zubillagak.

Antzezlanean barna hamar bertso abesten ditu Zubillagak. «Bertsoak buruan hartzen ez dut arazorik izan, baina bertso bakoitzak doinu desberdina dauka eta horrek lan pixka bat eman dit, doinuak ondo ikasten eta bata bestearekin ez nahasten. Koldo Tapiak lagundu dit doinuak lantzen eta eskerrak», kontatu du. Azken hilabeteotan autoan egin dituen buelta guztietan Txirritaren bertsoak kantatzen joan da Zubillaga. «Baten batek pentsatuko du erotu ote naizen». Eta duela hilabete jaiotako bere seme Anjek ere horixe izan du mundu honetarako ongietorria: Txirritaren bertsoak bere aitak abestuak. Eskerrak, hala ere, Txirritarenak aparteko piezak diren.

«Txirritaren bertsoak errepasatzen konturatzen zara jenio bat zela eta bere garairako aurreratua zegoela. Irakurtzen eta idazten ez zekien, baina iloba jartzen zuen bere bertsoak idazten. Bertso horietan bere garaiko kronika egin zuen eta bazekien, nola edo hala, ondorengo belaunaldietara iritsiko zirela bertso horiek. Eta bere bertsoetan oso ikuskera berezia sumatzen zaio. Txirritari Oso informatuta zegoen, asko mugitzen zen eta inguruan gertatzen zenaren berri bazuen», esan du Zubillagak.

Hemendik eta datorren astera egunero autoan lanera doala Txirritaren bertsoak entrenatzen segituko du, Urnietako emanaldira puntu onean iristeko. Bestelako entrenamenduak ere egiten ditu; igeriketa, bizikleta eta korrika. Astean hiruzpalau egunetan. Izan ere, Zubillaga kirolari petoa da. Beti ibili izan da kirolaren bueltan eta azken hiruzpalau urteotan triatloian, duatloian eta mendiko lasterketetan dabil. Txirritak parranda adina kirol egiten du gaur egun Haritzek, nahiz eta aitortu duen garai batean parrandetan marka batzuk egindakoa dela.

Txirritaren herena da gorputzez, baina Txirrita handi bat ezkutatzen da hor barruan. •