13 MAY. 2017 BRASIL Indarkeriak faxismoaren atarian ipini du Latinoamerikako potentzia nagusia Bortizkeria bazter guztietara iristen ari da Brasilen. Herritarren heren bati senide edo lagunen bat hil diote era biolentoan. Egoerak okerrera egin du Michel Temer kontserbadorea agintera iritsi zenetik eta gehiago larriagotu daiteke armak kalean eramateko arauak gehiago lasaitzeko proposamena aurrera ateraz gero. Jose Angel Oria Joko Olinpikoak hartu zituen Rio de Janeiro hiriak gaiztotzen ari den infernua bizi du azken bolada honetan. Herrialde osoan gero eta herritar gehiago dira indarkeriaren biktima eta plazaratu berri den inkesta baten arabera, dagoeneko brasildarren %35ek lagun edo senideren bat galdu du era biolentoan hil dutelako. Rio de Janeirori dagokionez, 2017a hasi zenetik, zenbait nerabe hil dituzte segurtasun indarren eta faveletako talde armatuen arteko borroketako “bala galduek”. Hiria erabat hunkitu du fenomenoak. Herritar askoren erreakzioa segurtasun gehiago eskatzea izan da, agente gehiago ikusi nahi dituzte kalean, arma gehiago, norberaren askatasunak atzera egiten badu ere. Samira Bueno Segurtasun Publikorako Brasilgo Foroko zuzendariak era honetan esplikatu du: «Brasilgo gizarteak indarkeria etxekotu egin du, basakeriari aurre egiteko garaian defentsa mekanismo bat delako. Arazoa da tolerantzia horrek berak herrialdearentzat hondamendia diren efektuak eragiten dituela». Bere erakundeak Datafolha etxeari enkargatu zion inkestaren arabera, une honetan herritarren %56ak zilegitzat hartzen du faveletako etxeetara epaileen baimenik gabe poliziak sartzea, «borroka egoerak sortzen direnean». Lasai egoterik ez Zergatik eskatzen du polizia gehiago ezkerreko alternatiba politiko sendoak agintera eramateko gai izan den herri batek? Zergatik ez du kontuan hartzen agenteak beraiek izaten direla kasu askotan indarkeria eragiten dutenak? Nolaz Poliziarekiko horrenbesteko konfiantza, homizidioen %5 baino epaitu eta zigortzen ez diren herrialdean? Erantzuna Datafolha etxeak egindako lanak eskaintzen dituen datuek dute. Hamasei urtetik gorako 50 milioi brasildarrek hurbileko pertsonaren bat nola hiltzen zioten ikusi behar izan dute, aipatu ikerketa soziologikoaren arabera. Galdeketa erantzun zuten herritarren %12ri segurtasun agenteren edo poliziaren batek hil dio lagun edo senideren bat. Datuak negargarriagoak dira herritar beltzen kasuan: %38ri hil diote hurbileko pertsonaren bat, zurien kasuan %27ri gertatu moduan. Txostenak eransten du inkesta erantzun zutenen %4k esan dutela noizbait suzko armek zauritu zituztela; arma zurien kasuan proportzioa %8ra igotzen da, eta, heriotzarekin mehatxatutakoen kasuan, %12ra. Segurtasun Publikorako Brasilgo Foroak egindako beste ikerketa batek ondorioztatu zuen 2015ean Brasil osoan 58.383 pertsona hil zituztela era biolentoan. Vitorren hanka Soziologoen zenbakien atzean pertsona zehatzak daude, sekulako injustiziaren biktima izan direnak. Beraien izenak askotan ez dira hedabideetan ageri, batez ere Poliziaren jardueraren biktima izanez gero. Hala ere, kasu batzuek lortzen dute gizarte osoak ezagutzea zer gertatzen ari den Brasilen duten “drogaren aurkako gerrarekin”. Vitor Santiagok 30 urte zituen lanik gabe geratu zenean. Otsaileko arratsalde hartan sargori zegoen eta Beatriz 3 urteko alabari agindu zion biharamunean hondartzara eramango zuela, inauteri garaian horixe baitzen egin zezaketen planik onena. Umearen gurasoak banandu zirenetik, aitak ahal zuen denbora guztia egiten zuen txikiarekin, tokatzen zitzaionean. Baina arratsalde hartan Flamengo futbol taldearen partida zeukan, lagunekin taberna batean elkartu eta ondo pasatzeko aukera paregabea. Partida amaitzean pozik zeuden lagunak eta Mare izeneko favelako kaleetan lasaitasuna zen nagusi, baina etxera hurbiltzean auzokide eta soldadu asko ikusi zituzten. Kontrola. Autoa gelditu eta bertatik irten ziren. Soldaduek goitik behera miatu zituzten, beraiek zein autoa. Argi berdea. Aurreraxeago, beste kontrol bat. Militarrak berriz. Autoa mantsotu egin zuten, baina soldaduek tiro egin zieten. Vitor makurtu egin zen, baina bi balek zauritu zuten. Koman egin zuen astebete. Esnatzean, hanka bat falta zuen. Vitor Santiagok hiru hilabete egin zituen erietxean. Geroztik bere etxeko lehenengo solairuko gela txiki batean sartuta egoten da, gurpil-aulkiarekin ezin baitu eskaileratan gora eta behera ibili. Egokitutako etxe bat eskatzen du: «Besteek egiten dituzten gauza berberak egin nahi ditut. Sukaldera zerbait prestatzera joateko gauza ere ez naiz, ezin dut hozkailua zabaldu ere egin zer dagoen begiratzeko. Edonola ere, pasatakoa pasata dago, ezin dut atzera egin eta hanka berreskuratu. Baina teknologiak aurrera egiten du eta aurki agian sentsibilitatea berreskuratzeko aukera izan dezaket. Eta zutik ibiltzekoa». Ordura arte beste norbaitek eraman beharko du Beatriz hondartzara. Gertatutakoa argitzeko ikerketarik ez da egin eta inor ez dute epaitu herritarrak besterik gabe tirokatzeagatik. Zirrara eragiten du horrelako kasuek zabaltzen duten mezuak: segurtasun indarren bortizkeria onartu beharrekoa dela eta bere egoeraren arduradunek aske jarraituko dutela, beste norbaitekin gauza bera egin dezaten. Terezinharen semea Eduardo de Jesusek 10 urte zituen 2015eko apirilean, Alemao favelako bere etxeko atarian eserita zegoela Polizia Militarrak buruan tiro egin eta hil zuenean. Terezinha Maria de Jesus amak 40 urte ditu: «Nik eztanda bat eta garrasia baino ez nituen entzun. Korrika atera nintzen eta orduan ikusi nuen irudi izugarri hura: semea lurrean erorita». Gorpuaren ondoan zeuden poliziei aurre egin zienean, agente batek buruan jarri zion bere arma. «Zure semea hil dudan moduan, zu ere akabatuko zaitut, gaizkigile baten semea hil baitut», esan zion, emakumeak kontatutakoaren arabera. Polizia Militarrak berehala desmuntatu zuen krimenaren lekua eta Eduardoren gorpua eramateko ahaleginak egin zituen. Auzokideek ez zieten hori egiten utzi poliziei. Agente batek arma bat ipini zuen gorpuaren ondoan, umeari krimenen bat leporatu nahian. Baina kasu hartan hiltzaileei normalean baino zailago egin zitzaien haurraren hilketa ezkutatzea. Biharamunean beren postuetatik kendu eta armak konfiskatu zizkieten, perituek analisiak egin zitzaten. Kasua aztertzen Poliziak duen Homizidio Dibisioa hasi zen. Geroztik biktimaren familiak makina bat mehatxu jaso ditu eta leku batetik bestera ibili behar izan du. Gainera, iazko azaroan oso berri txar bat jaso zuen: auzitegi batek erabaki du kasua amaitutzat jotzea. Poliziak egindako ikerketak ondorioztatu zuen umea hil zuen tiroa polizia batek egin zuela, baina agenteari ezin zaiola ezer egotzi, “bidezko defentsan” aritu zelakoan. Epaileek ontzat emandako bertsioaren arabera, gaizkile armatu batzuei aurre egiten ari ziren segurtasun indarrak agente batek tiro egin zuenean. Eduardoren etxean eta auzoan nabarmentzen dute umea hil zuten momentuan ez zegoela inolako borrokarik. «Eduardo erailtzeagatik inor ez zigortzeak zabalduko duen mezuak dio onartzeko modukoa dela Poliziak herritarrak hiltzea», Renata Neder Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeko kidearen iritziz. Arma gehiago kalean Terezinha de Jesusi Eduardo semea hil zioten, eta Vitor Santigoari hanka bat moztu behar izan zioten, bere bizitza salbatzeko. Vitorren ama Ironek, hala ere, alde positiboari begiratu nahi dio: «Gure bizitzak goitik behera aldatu dira, baina, gutxienez, Vitorrek bizirik jarraitzen du». Emakumeak behin eta berriz esaten du bere semeak zortea izan zuela esan daitekeela, gertatutakoaren eraginez Terezinha de Jesus ezagutzeko aukera izan zuelako. Brasilen egiten diren homizidioen %70 suzko armen bitartez egiten diren arren, Parlamentuan Armagabetzearen Estatutua eztabaidatzen ari dira, armak kalean eramateko arauak are eta gehiago lasaitzeko. Temerren alegiazko Brasil eta Nazio Batuak Michel Temer Brasilgo presidentearen Gobernuak Genevan egoitza duen Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluari aurkeztu berri dion txostenak «alegiazko Brasil bat islatzen du, ez errealitatea», Paulo Fernando Dos Santos PT Langileen Alderdiko diputatuak adierazi duenez: «Herritarrek ikusten dute estatu kolpearen ondorengo Brasil atzera egiten ari dela. Oso momentu larria bizi dugu, baina Genevan fantasiazko uharte batean biziko bagina bezala aurkeztu dute egoera». Luislinda Valois Temerren Gobernuko Giza Eskubideen ministroak onartzen du egoera zaila dela, «epe motzean sakrifizioak egitera behartzen gaituen egoera, baina aurrera begira hazkunde ekonomiko sendoa eragingo dute sakrifizio horiek eta aurki politika sozial garrantzitsuak abian jartzeko moduan izango gara». Beste agintari kontserbadore askoren mezuak errepikatzen dituzte Brasilgoek ere: erreformak beharrezkoak dira sinesgarritasuna berreskuratu, inbertsioak erakarri eta lanpostuak sortzeko. Erreforma horiek langileen eskubideek atzera egitea eragingo dute, PTkoek esan dutenez. Aipatzekoa da Gobernuak egin duen txostenean lorpen moduan aipatzen dela Beca Familia izeneko ekimena, Lulak abiarazitakoa. Eduardo de Jesusek 10 urte besterik ez zituen 2015eko apirilean, Alemao favelako bere etxeko atarian eserita zegoela Polizia Militarrak buruan tiro egin eta hil zuenean Kontrola. Autoa gelditu. Soldaduek miatu egin zituzten. Argi berdea. Aurreraxeago, beste kontrol bat. Militarrak berriz. Autoa mantsotu egin zuten, baina soldaduek tiro egin zieten