GAUR8 - mila leiho zabalik

Urtaranen arrain-oroimena


Pasa den astean jakin genuen Gorka Urtaranek debekatu egin duela Okupatu Gasteiz ekimenak urriaren 6rako Gasteizko Alde Zaharrean antolatu duen jaialdia. Jai egun horren asmoa zen hiriko herri mugimendurako erreferente diren lau proiekturen urteurrenak ospatuz beren lana balioestea. Izan ere, aurten Hala Bedi irratiak, Gaztetxeak, Auzolana pilotalekuak eta Errekaleor auzo okupatuak 35, 30, 10 eta 5 urte bete dituzte, hurrenez hurren. Lau proiektu hauek, garai eta testuinguru ezberdinetan sortuak izanik, badute kode genetiko komun bat: herri ekimenetik sortuak dira; herri ekimenak elikatuak; eta inguratzen dituen errealitatea eraldatzeko bokazioa dute. Ez da harritzekoa, beraz, hiria gobernatzen duten arrain handien gustukoak ez izatea.

Kontua da, gustuak gorabehera, oraingo udalburuak eskuinetik hartu diela aurrea antzeko ospakizunak baimendu zituzten bere aurreko guztiei. Horietako azkenak, Javier Marotok, 2015ean Gora Gasteiz Egunaren beita irentsi behar izan zuen. Urtaranek, aldiz, esparru publikoaren erabilera ukatu dio antzeko protagonistak dituen herri ekimenari. Auzapezak arrain baten oroimena izango ez balu, gogoratuko luke orduantxe hartu zuela berak maileguan botoen aginduz ez zegokion kargua, neurri handi batean, Gora Gasteiz plataformaren kanpainak eragindako itsasikarak hondora bidali zuelako PPko alkategaiaren kanpaina arrazista. Hauteskunde kiratsa sumatzen da eta udaleko lemazainak, nonbait, norabidea aldatu du eta eskuinaren kaletan dabil orain arrantzan. Izango al da amua irentsiko duenik? •