Itzea Urkizu Arsuaga

Pedal kolpeka

Iraila ez da uda luzatu nahia besterik. Errutina, baina gona motza jantzita; langile estresatuaren plazeboa, terraza-zuritotan. Edo, azaroko azterketaldiaren presioa sentitzea, igerilekuan etzanda. Inoiz oximoronaren nazioarteko egunik sortu nahi duenak, bukatzera doan hilabetean egin dezala, arren.

Iraila asmo handiegi edo agenda txikiegien aroa ere bada, ordea. Iraila aldapa da, aldapa luzea. Igotzaile onenak bizikleta gainean nola, hala heldu ohi diote, askok, iraileko maldari: ikasturtea hasteko grinaz, bidea gozatu, izerditu eta muinora iristeko, tontorrean zer dagoen argiegi ez badaukate ere. Baina, pedalei denak emanda joanagatik, irailari katea ateratzen zaio aldapa hasieran, beti. Betikoa. Tira, Kale Nagusikoa lasterketa maratonianoa da honezkero, eta, iraupen luzeko probetan, denborak bere lekuan jartzen du bakoitza.

Irailak bezalaxe. Bederatzigarrena baita, munduan dagokigun leku horretara bueltatzeko hilabetea: tokatzen zaigun jarrerara, eta tokatzen zaigun egiteko biologikoetara. Eta, parte hartze politiken aroan, badirudi azala nahikoa gogortu behar zaiola bati, ingurukoek zugatik erabaki nahi dutela irentsi behar izateko. 30ak udan bete berri, emakumea eta ezkondua: hazi bat sabelean, edo irailik ez.

Egia esan, uda amaieran ez nuen uste txoko honetatik aritzea tokatuko zitzaidanik, baina eskerrak irailak horrelakoak ere badituen: ezusteko oasiak, aurreikuspen eta planifikazioen basamortuan. Etorriko dira aldapa berriak, bai, eta lerrootatik saiatuko naiz haiei neurria hartzen, ez dagokidan tokitik batzuetan, eta pedal kolpeka beti. Ikasturte on! •