Gorka Elejabarrieta

Kanaky

Erromatar hauek zoratuta daude», zioen “Asterix” komikiko esaldi ezagun batek. Kanakyn (Kaledonia Berria) gertatzen ari dena aztertuta, sekuentzia bera datorkit burura. Frantses hauek zoratuta daude. Edo ez?

Dagoeneko, eta Noumeako Bake Akordioak esan bezala, independentziaren inguruko bi erreferendum egin dira Kanakyn. Hirugarrena abenduaren 12an egitea adostu zuten bi aldeek. Azken hilabeteetan, baina, covid egoerak dezente txarrera egin du eta kanak alderdi independentistak eta instituzioak erreferenduma atzeratzeko eskatu zuten aspaldi. Mantentzekotan, erreferendumean ez zutela parte hartuko ere iragarri zuten independentistek. Horregatik agian, frantses Estatuak behin eta berriro errepikatu du erreferenduma mantenduko duela. Azaroaren 12an, Errepublikako goi komisarioak adierazi zuen erreferendumaren datari eusteko erabakia mantentzen zuela. Kolonizaziotik 168 urte igaro eta gero, Frantziak Kanakyko jaun eta jabe bakarra dela adierazten du erabaki honekin. Erabakiak ez ditu Noumeako Akordioko printzipioak errespetatzen. Eta sen ona ere ez.

Frantses hauek zoratuta daude. Edo ez. 2018ko azaroan egin zen lehen erreferendumean baietzak %43,33 eskuratu zuen eta ezetzak, %56,67. Orduan, metropolian, inork gutxik uste zuen independentismoak horren babes handia eskuratuko zuenik. Horrek bigarren erreferenduma behartu zuen. 2020ko urriko bozketan, independentismoak goraka egin, eta %46,74 eskuratu zuen. Emaitzak Eliseoko alarma guztiak piztu zituen eta nire ustez estatuko jarreran aldaketa ekarri zuen. Paris konturatu zen, lehenengoz mende eta erdian, Kanakyren independentziarako bidea atzeraezina zela eta lehenago edo beranduago iritsiko zela. Noumeako Akordioak hiru erreferendum aurreikusten zituen, baina ez zuen zehazten ondorengo agertokiak zein izan beharko zuen. Ezetzak irmotasunez irabaziz gero, statu quoa zitekeen nire ustez estatuaren proposamena. Lehenengo eta bigarren erreferendumenetan hori gertatu ez zenez, eta hirugarren eta azkenean baietzak irabazteko aukera gutxitze aldera, Frantziak proposamen berri bat jarri zuen mahaiaren gainean. Proposamen horrek lehenengoz bi trantsizio bide marrazten zuen kanakentzat, baietzak edo ezetzak irabazten zuenaren arabera. Eta bietan esaten zuen statu quo-a ezin zela mantendu. Hor zegoen berritasuna. Independentziari ezetzak Frantzia/Kanaky arteko akordio berri bat, autonomian aurrerapauso berri bat, ekarriko zuela ematen zuen aditzera proposamenak. Adostua. Ez zen proposamen itxia. Konpetentzia gehiagori ateak irekitzea, independentzia denboran atzeratzea zuen/du helburu. Atzeraezina den hori gutxienez berandutu.

Erreferendum data mantentzeko burugogorkeria horrek helburu berdina izan dezake. Independentziaren aukera atzeratu eta Estatua/kolonia arteko elkarrizketa eta negoziazioak estatus berriaren, konpetentzia berrien, inguruan kokatzea. Edozein kasutan kanakek kanpaina gogorra daramate, erreferenduma atzeratzeko haien eskariak oinarri sendoak dituelako, eta gero eta gehiago dira eskaera babesten dutenak. Hirugarren erreferenduma, aurrekoa bezala, modu adostuan, elkarrekin burutu beharko litzateke. Alde batek ezin du bestearen kontra bere borondatea horrela inposatu. Unionistek erreferenduma egin nahi dute eta independentistek ez. Zentzurik ikusten al dio inork egoera honi? Ez ote da, aldeetako batek, unionistek, egoera koiuntural eta zail hau euren agendaren mesederako erabili nahi dutela? Normalean erantzun zentzuzkoenak izaten dira galdera zailenak erantzuten dituztenak. Kasu honetan ere bai. •