10 AGO. 2024 { DATORRENA } Estrategia(k), zientzia fikzioa eta tarot jolasak Oier IMAZ ALIAS Strategy is mostly an illusion...» (Friedman & Zeckhauser 2024). Gertakarien segidak ez du gehiago etenik abuztuan. Garai batean horrela bizi genuen; abuztuan ez da ezer gertatzen. Teleberria betetzen zuten eguraldiak, bidaiek, kirolak edo kulturak. Gaitz erdi, egia esan. Aldiz, Iranek Haniyeh-ren hilketari emango dion erantzunaren zain gauden honetan, kezkaz jarraitzen ditugu Erresuma Batuko istiluak, konbentzio demokrata AEBetan, Gazako sarraskia, Venezuelako hauteskundeak… Eta gero eta zailagoa egiten zaigu, abuztuan ere, nazioarteko egoeraren argazkia zehaztea. Zein dira joerak? Zer diote gure etorkizunaz? Agian horregatik harritzen nau horrenbeste zenbateko ziurtasunarekin hartzen duen hainbatek posizioa nazioarteko kontuetan. Lau ezaugarri baliatu ohi dira, egun, munduko egoeraren argazki finko bat zehazteko zailtasunak aletzeko: lurrunkortasuna, ziurgabetasuna, konplexutasuna eta anbiguotasuna. Lehen hirurek argazkia osatzeko zailtasunari egiten diote erreferentzia. Gauzak asko aldatzen dira (lurrunkortasuna), ez daukagu helduleku sendorik (ziurgabetasuna) eta zaila da gertakarien segidak kausa-efektu sekuentzietan kokatzea (konplexutasuna). Laugarrenak, anbiguotasunak, egoeraren argazki finkorik gabe, erabaki estrategikoak hartzeko zailtasunei eta honek eragiten dituen dilema etikoei egiten die erreferentzia. Labur, nola erabaki garabiderik honena epe ertain luzean? Teorian, badira objektibatu daitezkeen aldagaiak. Adibidez, Jeffrey Friedman eta Richard Zeckhauserrek (2024) diote emaitzek ez dutela zehazten hartutako erabakien egokitasuna, ez behintzat beti. Aldiz, erabaki estrategikoen egokitasuna ebazteko, kontuan hartu behar dira, batetik, erabakian parte hartzen duten aktore desberdinak eta, bestetik, momentu bakoitzean eskura dauden arrazoizko aukerak. Bestela esanda, erabaki estrategikoak partekatuak dira eta haien egokitasuna erlatiboa da agintariak ezagunak dituen aukerekiko. Aurreikuspen erlatiboa (relative foresight) deitzen diote agintarien gaitasun honi. Praktikan, aldiz, ikusten dugu bi aukera nagusitzen ari direla. Bata da informazioaren kantitateari eta kalitateari erreparatzea. Gero eta datu gehiago, eta hobeak, aurreikuspen zehatzagoak eta, ondorioz, erabaki egokiagoak. Muturrera eramanda, distopia teknokratikoa. Bestea da lidergo indartsuak jarraitzea. Egoeraren aldagaiei erantzun beharrean, haien ekinbidearekin egoera berriak sortzen dituzten lidergoak; sendoak, ziurrak, tolesgabeak eta zehatzak. Muturrera eramanda, distopia autokratikoa. Horien kontra aldarrikatzen da pentsamendu utopikoaren inportantzia, zientzia fikzioa edo tarot jolasa; auzia ez baita etorkizuna ixtea, baizik eta, ziurtasunaren nostalgia atzean utziz, etorkizuna irudimenari (eta jendeari) irekitzea. • Lau ezaugarri baliatu ohi dira, egun, munduko egoeraren argazki finko bat zehazteko zailtasunak aletzeko: lurrunkortasuna, ziurgabetasuna, konplexutasuna eta anbiguotasuna