Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Zuria eta beltza

Zuria eta beltza, txakurra eta katua, lana eta aisia. Edo lana ala aisia. Lana/aisia. Biak banatzen dituen marra etzanari itsatsita kabitzen al da zerbait? Kabitzen da militantzia? Komunitatea eraikitzea? Taldea egin eta elikatzea? Zuri begira ari naiz, niri, auzoari, ikastetxeko maila bereko gurasoari, urliari, berendiari eta espiritu santu eta ez santuari. Ez ezkutatu kapitalismo basatiak dakarren bizimoduaren kontakizunean. Ni bezain pribilegiatu zaren horrek, utzi ibai ertzean ezkutua eta ezpata, eta begiratu iezadazu begietara.

Kexa zerrenda luzatzeko lehenengoa zara, dena dago gaizki. Beharrik hamabost egun egin dituzun Kanarietan. Musika eskolan zure alabari iaz biolin klasea ostiralean egokitu zitzaiola eta, asaldatuta joan zara aurtengo ordu-ematera. Irakasleak gogorarazi dizu ostirala egokitu zitzaizula ez zinelako batzarrera joan. «Oporretan nengoen», erantzun diozu.

Aurten ere ez dituzu zuk apuntatu alaba eta lagunak futbol zazpiko herriko torneoan. Perikok egin du izen-ematea online, baina ordaindu bertan egin behar da. Hara doa Periko zu erosketak egiten ari zaren bitartean. Arrunt prestua da, jatorra, ez dakizu nola egiten duen.

Hagitz pozik zaude eskolako jantokian aldaketa handiak egin direlako. Tokiko ekoizleekin harreman zuzena dago, dilistak eta arroza ekologikoak dira eta ez da donutsik jartzen postretarako. Sekulako lana egiten hasi ziren duela hamar urte Periko eta beste guraso batzuk. Zuzendaritza beti agertzen da dardarizoz proposamenen aurrean, baina zein kontentu dagoen eman berri dioten ziurtagiriarekin.

Kexu azaldu zinen hasieran ikastolako kanpo espazioan egin zen eraldaketarekin seme-alabak lokatzez zerrituta etortzen zirelako etxera. Futbol zelaia kendu, errekatxoa lurgainera atera, belarra, lurrezko tontortxoak, haurrek irudikatutako espazioak, denontzat, jolas-librerako, solaserako espazioak. Orain eskertu duzu Perikok eta bertze guraso ahalguztidun estralurtar horiek proiektua diseinatzen eta gauzatzen inbertitutako denbora, izan ere, futbola gustatzen ez zaion zure semeak kontatzen dizu errekreoetan ez dela bazter batean ibiltzen.

Ez zenuen oso argi alabari mugikorra noiz eman. Zeinen ongi Perikok eta beste guraso batzuek gaia adarretatik hartu eta talde bat sortu zutela lanketa kolektiboa egiteko. Taldean sartu zinen. Pare bat batzar egiten dituzte urtean, baina iaz ere ezin izan zenuen joan. Miragarria da batzuen ubikuotasunerako gaitasuna. Zein interesgarriak diren antolatzen dituzten formakuntzak. Horietara ez duzu hutsik egiten. Gaur herrialde mailako telegram talde bat sortzeko proposamena iritsi zaizue bertan zuen herriaren ordezkari izateko. Ez duzu zure burua aurkeztu, ezta gainontzeko gurasoek ere, badakizu azkenean Perikok hartuko duela ardura.

Iritsi da. Asteburu pasa joanen zara lagunekin datorren astean. Zuk esan zenien berdin zitzaizula nora joan, ez duzula pentsatzeko astirik. Jan-edana eta lotarako leku erosoa dagoen bitartean, perfektu. Perikok hartu du landetxea eta erreserbatu ditu afaritarako bi leku eder. Zein ona den Periko antolaketa kontuetan. Goizeko mendi bueltak buruan dauzka. Pentsa, kotxea eramateko prestutasuna ere agertu du. Ziur poteoan ere botea berak eramango duela.

Ez dakit zergatik erraten dudan Periko, nire bueltan, Periko gehienak Perika dira.

Zein azal lodia. Zuria zuri eta beltza beltz. •