GAUR8 - mila leiho zabalik
HARRIS VS TRUMP

Genero arrakala, Trumpek uxatu ezin duen mamua

Kamala Harris demokraten hautagai izendatu ostean, inkestetan Trump eta Harrisen boto-emaileen arteko genero arrakala 18 puntura handitu da. Trump diskurtsoa egokitzeko ahaleginak egiten ari da, baina momentuz ez du asmatu. “Politico” hedabideak horren inguruko albiste zabala argitaratu du eta GAUR8n euskarara itzuli dugu.

Amerikako Estatu Batuetako zenbait herritar, Kamala Harrisen eta Donald Trumpen arteko eztabaida telebistaz jarraitzen. (Robert Nickelsberg | GETTY IMAGES)

Aurreko astearte gaueko eztabaidaren ondoren, Taylor Swiftek Kamala Harris babesteko mezua idatzi zuen Instagramen. Era oso adierazgarrian, honela sinatu zuen post-a: «With love and hope, / Taylor Swift / Childless Cat Lady» («Maitasunez eta itxaropenez, / Taylor Swift / Seme-alabarik gabeko katu andereñoa»).

Azken lerro horren bidez, James David Vanceri erantzun zion, presidenteordetzarako hautagai errepublikanoak esan baitzuen Alderdi Demokratan «seme-alabarik gabeko katu andereñoek» agintzen zutela. Bide batez, Donald Trump eta bere kideentzat gero eta kezkagarriagoa den korapiloa azalarazi zuen: errepublikanoek arazo larria dute emakumeekin.

Hauteskundeetarako bi hilabete baino gutxiago falta diren honetan, inoiz baino handiagoa da boto-emaileen arteko genero arrakala. Trumpen hauteskunde arazo premiazkoenetakoa da, eta badirudi ez dela arazoari behar bezala heltzeko gai izaten ari.

ABC News/Ipsosen inkesta berri baten arabera, Konbentzio Demokrataren ostean generoen arteko arrakala handitu egin da. Konbentzioaren aurretik, Harrisek +6 puntuko aldea lortu zuen emakumeen artean, eta +3koa gizonen artean. Bilkuraren ostean, egun, emakumeen artean %13 gehiagok egiten dute Harrisen alde (%54-41); gizonen artean, berriz, %5 gehiago dira Trumpen aldekoak (%51-46). Hortaz, guztira 18 puntukoa da genero arrakala.

Konbentzio aurreko egoeratik ez ezik, aurreko hauteskundeetatik ere handitu egin da arrakala. Izan ere, 2020ko hauteskundeetan 12koa izan zen, eta 2016an 11koa.

Gainera, bada Trumpentzat egoera are kezkagarriagoa egiten duen beste datu bat: 1980tik hona egindako hauteskunde presidentzial guztietan emakume gehiagok bozkatu dute gizonek baino. Hortaz, joera hori mantentzen bada, nekez irabaziko du.

Diskurtsoa moldatzeko saiakera

Trump bera ere jakitun da, eta diskurtsoa moldatzen ari da azken aldian. Abuztu amaieran, bere gobernua «emakumeentzat eta haien ugalketa-eskubideentzat bikaina» izango dela adierazi zuen. Handik gutxira, emakumeekin arazoa egiazki Alderdi Demokratak duela azpimarratu zuen. «Emakumeak beheratzen eta baztertzen ari dira», esan zion Trumpek Fox Newseko Mark Levini, irailean.

Kamala Harris, mitin bat eskaintzen. (Julia Beverly / GETTY IMAGES)

Duela gutxi Johnstownen egindako mitin batean, Trump hurbileko agertzen saiatu zen. «Norbaitek esan zuen emakumeei ez zaiela Donald Trump gustatzen», gaitz iritzi zuen. Horien aurrean, «hori gaizki dago. Maite nautela uste dut, maite ditut», erantzun zuen.

Iragan astearteko eztabaidan arazoa biderkatu egingo zen beldur, bere taldeak eztabaida prestatzen laguntzeko eskatu zion Tulsi Gabbard kongresista demokrata ohiari -2020ko primarioetan Harrisekin eztabaidatu zuen-. Eztabaidaren bezperan horren inguruko aurreikuspenei buruz aritu zen kazetariekin, eta Trumpen pentsamenduaren inguruko zenbait zertzelada eskaini zituen. «Trump presidentea oso zentratuta dago bere arrakastaren historia komunikatzen eta emakume asko kezkatzen dituen auzien inguruko politikak bultzatzen», esan zuen Gabbardek. «Trump presidenteak emakumeak errespetatzen ditu, eta ez du inongo beharrik sentitzen emakumeengana gizonengana zuzentzen ez den era berezitu batean zuzentzeko», gaineratu zuen.

Trumpek abortuaren inguruan egindako aldaketek erakusten dute argien genero arrakalari buelta emateko saiakera. Gero eta boto-emaile gehiagok, batez ere emakumeek, abortua jotzen dute kanpainako gairik garrantzitsuentzat, eta Trump posizioa egokitzeko ahaleginak egiten ari da. Horren lekuko, 2024ko kanpaina abortuaren inguruko konpromisoa agertuz eta promesa lausoak eginez hasi zuen.

Hitzetatik ekintzetara pasatzean, baina, zalantzati eta kontraesankor agertu da. Floridan, haurdunaldiko seigarren astetik aurrera abortua debekatu zuten, eta azaroaren 5ean erreferenduma egingo dute hori bertan behera utzi edo ez erabakitzeko. Estatu horretako kidea denez, magnateak ere bozkatuko du, eta posizioa argitzerakoan zabuka ibili da. Aurrena, bere alderdikideek ezarritako debekua kentzearen alde egingo zuela esan zuen, sei asteko epea «motzegia» zelakoan. Ondoren, bere bozka erabakitzeke zutela argitu zuten bere kanpainakoek. Azkenik, debekua mantentzearen alde egingo duela iragarri zuen, «demokratak erradikalak direlako». Edozein kasutan, zalantza horiek agerian utzi dute Ron DeSantis gobernadorearen erabakiak bere posizioa are gehiago ahuldu duela.

Beharbada horregatik, eztabaidan zehar ugalketa-eskubideei lotuta fokua aldatzen saiatu zen, in vitro ernalkuntzaren «lider» bezala aurkeztuz. Hala, familiak abiarazten lagun liezaieketen tratamenduetarako sarbidea galtzeaz kezkatuta dauden boto-emaileak interpelatzen ahalegindu zen.

Donald Trump, errepublikarren mitin batean. (Andrea RENAULT / STAR MAX / GC IMAGES)

Alabaina, Trumpek emakume boto-emaileak lortzeko duen ezintasuna ez da abortuaren inguruko jarrera makurrera mugatzen. Irailaren hasieran New Yorkeko Klub Ekonomikoan haurren zaintzari buruz egindako galdera bati erantzunez, esaterako, erantzun nahasgarria eman zuen. Tartean, honakoa esan zuen: «Haurren zaintza haurren zaintza da. Gauza hori ezin da... Badakizu, gauza bat da eduki egin behar duzuna… Baina zenbaki horiek konparatzen badituzu mintzagai izaten ditudan beste zenbaki batzuekin, hala nola atzerriko nazioetan zergetara ohituta ez dauden baina azkar ohitu beharko direnen mailan jartzearekin»… Antza denez, berarentzat haurrak gauza eta zenbaki soilak dira.

Hauteskunde eguna gerturatu ahala, badirudi kanpaina une erabakigarrira heltzen ari dela. Plan koherenterik gabe, orain arte Trumpek ez du asmatu genero arrakalari aurre egiten. Ikusteke dago hurrengo bi hilabeteetan ze estrategia garatuko dituen.