09 NOV. 2024 Amestutako lanaren elkarrizketaren bila Ikasketekin lotutako lanpostu bat lortzeko aukerak ehunka gazte eraman ditu Bilboko Merkataritza Ganberaren II. Enplegu Azokara. Enpresek bilatzen dituzten askotariko profilen erakusleiho zabal horretan, gertuago ikusi zuten batzuek lana lortzeko aukera. Firma ezberdinen eskaintzak entzun eta curriculumak aurkeztea zen lehen urratsa. Hortik aurrera, enpresen deia jaso eta benetako lan elkarrizketa batera heltzeko itxaropena zen nagusi. Este navegador no soporta el elemento video. Nerea GOTI Bilboko Merkataritza Ganberak Enplegu Azokaren bigarren edizioa egin berri du, iaz abian jarritako ekimenaren bigarren deialdi bat, oso harrera ona izan zuen lehenaren ostean aurreikuspenak gainditu dituena, neurri handi batean. Enpresa gehiagok parte hartu nahi izan dute azoka honetan, eta ikasleen aldetik erantzuna ere aurrekoan baino handiagoa izan da. Izan ere, txiki geratu zen ganberako egoitza une askotan. Antolatzaileek eurek nabarmendu zutenez, bistakoa da enpleguaren bi alderdiak, enpresak eta langile gazteak, harremanetan jartzeko aukera paregabea dela azoka. Ikasle askok baliatu dute aukera hori, lan on baten edo ia ametsetako lana izan daitekeen horren bila. Alde bateko eta besteko parte hartzaileekin hitz egin du GAUR8k lan kontratu on bat produktu nagusia den espazio horretan, batzuek bilatzen dituzten eta besteek eskaintzen dituzten profilen inguruan galdetzeko. Bildutako testigantzen arabera, azoka, berez, ez da handik beso azpian lan kontratu batekin irtetea ahalbidetzen duen hitzordua. Lanpostuak eskaintzen dituzten askotariko enpresek betetzen dute espazioa, mahai ezberdinetan kokatuta. Mahai horietara hurbiltzen dira etengabe ikasleak, curriculumaren kopiez beteriko karpeta estu hartuta, euren profilarekin bat etor daitezkeen lanpostuetarako hautagai bilakatzera pasatzeko. Enpresa batzuek zuzenean hartzen dituzte curriculumak, beste askotan Internet bidez helarazi behar dute euren hautagaitza. Jasotako curriculumak aztertu ondoren deituko dute gaztea elkarrizketa batera, eta batzuetan, lan poltsa modukoak osatzeko informazioa izaten da, ordezkapenak egiteko. Oso sektore ezberdinetako enpresen artean, eskaintza oso zabala da; hortaz, mota askotako lan baldintza eta soldatak egon daitezke, baina gutxitan aipatzen dira azken hauek. Ikasketekin lotutako lanpostuaren bilaketa da errepikatzen den ideia nagusia. «Uste dut zortea egon daitekeela» Matematiketan graduatua da Paco, Castelloko gaztea. Softwarearekin lotutako zerbaitetan edo datuen analisian sar daitekeen lanposturen bat bilatzen du azokan. Azaldu duenez, profil horren bila dauden enpresa batzuk aurkitu ditu, baina beste hiri batzuetan dute egoitza nagusia. Bisitatu dituen stand ezberdinen artean, Bilboko Portuaren Agintzaritzarena aipatu du. Itxura onenekoa izan da hori gaztearentzat, «datuen arkitektura» lantzen dutelako, eta lan eskaintzaren bat hortik etor daitekeela uste du. «Curriculuma eman diet, eta uste dut zortea egon daitekeela», dio Bartzelonan ikasi duen eta irakasle gisa ibili den gazteak. Zehaztu du portuaren eskaintza horretan bere datuak plataforma generiko batera joango direla. «Datu base horretan, portuan lan egiten duten enpresak daude, eta ni ere indibidualki sar naiteke enpresa horietako bakoitzean lan eskaera indartzeko. Alegia, hautagai izan zaitezke enpresa ezberdinetarako». Pacoren testigantzatik tiraka, azokaren funtzionamendura hurbildu gara, zeren azoka, berez, ez da berehalako lan kontratuak eskaintzen dituen plataforma bat. Esan duenez, gehiago funtzionatzen du lan poltsak osatzeko tresna gisa. Merkataritza Ganberan egin den azken hau 16 eta 30 urte bitarteko ikasleentzat izan da, eta profil guztiak kontuan hartu ditu. Azokan parte hartzeko, izena eman behar zen, eta lan egoera adierazi. Hortik aurrera, curriculuma eskuetan eramatea da gomendioa, enpresen standetan elkarrizketa egiteko unean dokumentazioa utzi ahal izateko, eta curriculum asko utzi dituzten asko aurkitu ditugu. Inpresio ona da orokorra, aurkitutako informazio argia eta enpresa horietakoren batean lanpostu «on» bat aurkitzeko itxaropena errepikatzen da elkarrizketatutako hautagaien artean, baita ‘zorte’ hitza ere. Bi ordu baino ez dira igaro Bilboko erdigunean egoitza duen ganberak azokaren ateak zabaldu dituenetik, eta jada zortzi elkarrizketa egin dituen gazte bat aurkitu dugu jendez gainezka dauden pasilloetan, enpresa gehiago bilatzen. «Uste dut lana aurkitu ahal dudala hemen. Elkarrizketa batzuk egin ditut Laboral Kutxan, Mapfren, Giroan...», kontatu du Camila izeneko neska batek. Gazteekin kontaktatzearen garrantzia Cemosa Euskocontrol firmaren mahaian, Aitor Agirre enpresako ordezkariak azaldu du oso profil ezberdinak bilatzen dituztela. Gogoratu du duela 52 urte Malagan jaio zen enpresak 1.200 langile baino gehiago dituela Estatu osoan, baita atzerrian ere, 16 laborategi kudeatzen baititu penintsulatik kanpo, eta azpimarratu du horrek lan arlo eskaintza zabal bat suposatzen duela. «Eraikuntzen kontrola egiten dugu, lursailen ikerketatik hasita, geoteknia, laborategiko saiakuntzak kalitate kontrolak egiteko, jasangarritasuna... eta asistentzia edota osasunetik hasita, eraikingintzan lan egiten dugu, bai obra zibilean, bai eraikuntzarekin zerikusia duen guztian», azaldu du. Formazio ezberdinetako langileen bila hurbildu da azokara Cemosa. «Informatikariak, administrariak eta Euskal Herrian batez ere ingeniariak bilatzen ari dira, batez ere asistentziak egiteko, sondistak, geologoak, laborategiko langileak...», azaldu du. Profil horien artean epe laburrean lanean hasteko moduan egongo litzatekeenik dagoen galdetuta, laborategiko langileak eta sondistak aipatu ditu berehalako lan kontratua lor dezaketenen artean. Agirreren esanetan, garrantzi handia dute horrelako hitzorduek enpresentzat, ikasleekin harremanetan jartzeko aukera ematen baitute, baita «jende gaztearengana heltzeko ere, ikasten ari direnengana edo ikasketak bukatuta dituztenengana». Bi orduko epean, 15-20 elkarrizketa egin dituzte, enpresaren lan jardunaren inguruko informazioa eman dute eta curriculum bat jaso dute standean bertan; beste asko webgunearen bidez. Cemosa da aurtengo edizioak bildu duen enpresa handietako bat. Bilboko Merkataritza Ganberako ordezkarien esanetan, hain firma garrantzitsuak biltzeak asko esaten du hitzorduaren garrantziaz. «Enpresentzat, azoka aukera bat da bilatzen dituzten profileko gazteekin kontaktuan jartzeko, eta gazteentzat, beren lehenengo lana aurkitzeko aukera izan daiteke», adierazi du Argia Andikoetxea Bilboko Merkataritza Ganberako Formakuntza eta Enplegu Teknikariak. Lan munduan mugitzen ikasteko Lan azokara bertaratu diren gazteek zenbait hitzaldi ere izan dituzte. Horietako batean parte hartu berri duen Iker Sevilla gaztearekin hitz egin du GAUR8k. Marketin eta Publizitatea ikasi du gazte bizkaitarrak, eta gradu bat du Informatikan. Ez du aurkitu proposamenik publizitatearen arloan: «Esan didate momentu honetan Euskal Herrian eskaintzarik ez dagoela, egotekotan Madrilen, Bartzelonan... daudela, baina daukadan beste graduarekin lotutako eskaintzak bilatzen jarraituko dut». Azpimarratu duenez, azokak duen atal hori oso baliagarria da lan munduan murgiltzeko, ikusteko zer dagoen eta zer ez, zer bilatzen den gehien, eta nola jokatu behar den. Horrekin lotuta egon da goizeko hitzaldi bat. «Oso garrantzitsua da ematen duten informazio hori, zeren aholkatu egiten dizute, esaten dizute curriculuma nola aurkeztu behar den, zertan jartzen duten arreta enpresek... Lan munduan mugitzeko, estrategia horiek guztiak oso inportanteak dira». Formakuntza Bilboko Merkataritza Ganberaren ibilbidearen ikurretako bat izan dela azpimarratu dute enpresen jardunaren laguntzan lan egiten duten erakundean. Arlo horretan une honetan duen eskaintza zabala azpimarratu du. «Esperientzia luzea eta tradizio handia daukagu arlo horretan. Guretzat oso inportantea izan da betidanik, krisiak egon direnean funtsezkoa izan baita, eta lehiakortasun itzela dago gaur egun. Uste dugu gauzak ondo egiten ditugula, gauzak berriztu ditugu...». Bilboko deialdi honen atarian, ikasle talde batzuk aurkitu ditugu. Down Sindromeko Fundaziokoa da horietako bat. Zer lanpostu eskaintzen dituzten ikusi nahi dute. Administrazio laguntzailearekin lotutako lan eskaintzak bilatzen dituzte, haietako batzuek horrekin lotutako formazioa baitute, baina ariketa ere bada. «Lanerako gaitasunen entrenamenduan lan egiten ari garen talde bat gara, eta hau klaseko jarduera ere bada, elkarrizketak egin ahal izateko eta jakiteko honek guztiak nola funtzionatzen duen», azaldu dio GAUR8ri Vanesak, ikasle taldea gidatzen duen pertsonak. Angelentzat, aldiz, eskaintza txiki geratu da. Basozaintza ikasten ari den talde bateko kidea da, eta dioenez, haientzat «ez zegoen apenas ofertarik». Ordutegiak ere oztopo dira, «lanaldi osokoak dira, eta ikasten bazaude...». Eskertu du, halere, enpresen aldetik «oso ondo azaldu» dietela, eta azokak espazio zabalago bat behar duela gehitu du: «Ez dira stand guztiak ikusten, eta elkarrizketak egiteko espazio gutxi dago, ‘agobio’ apur bat ematen du». Esperientzia errepikatuko lukete, hala ere, «ea zorte pixka bat dagoen». Adin guztietako ikasleen joan-etorrien erdian bildutako iritzien artean, azokak kolpe batean inguruan dauden lan eskaintzak eta eskatzen diren profilak ezagutzeko eskaintzen duen aukera eskertu dute gazte askok Eskainitako lan arloen artean, izaera tekniko nabarmenekoak aurkitu ditugu, geoteknian, eraikuntzen ikuskaritzan edota lan arriskuen prebentzioan, kasu, baina baita profil zabalagokoak ere, dendari aritzeko, adibidez Sektore ezberdinetako enpresek hartu dute parte, aurreko edizioko zenbakiak apurtuz. Stand bat jarri dutenen artean, Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak, Cemosa Eusko Control edo Bilboko Portu Agintzaritza, besteak beste Merkataritza Ganberaren aldetik nabarmendu dute gazteei lana aurkitzen laguntzea dela helburu nagusia, baina parte hartzen duten enpresen artean, ikasleekin harremanetan jartzeko suposatzen duen aukera azpimarratu dute