Zuzenekoak
Etxeko liburutegiak, garai batean adiskideak bisitan etortzen zirenean harrotasunez erakusten genituen horiek, iraganeko kultura baten adierazgarri bilakatu dira, antigoaleko altzari bat bezain alferrikako askotan, jabearen bizitzaren arkeologia egiteko balioko dute, baina beste ezertarako ez, horma beteko apal horietatik oso bakanak baitira egurastera tarteka ateratzen ditugunak.
Horregatik, orain urte batzuk erabaki nuen ez nuela nobedaderik gehiago erosiko lehen hogei orrialdeak liburutegi publiko batean irakurri gabe. Arazo txiki batekin egin nuen topo: nire kasuan Koldo Mitxelenan, edo antzera herriko liburutegian, dozena erdi bat irakurle harrapakari daude nobedadeak ehizatzera dedikatzen direnak. Haien eskuetatik igaro gabe besteok ezin izaten dugu liburu berririk irakurri.
Urte erdi bateko atzerapenarekin iritsi nintzen Euskadi Saria irabazi berri duen Jon Urzelairen “Su festak” eskuetan hartzera. Hogei orrialde ez, hamar irakurtzerako erabaki nuen erosi beharreko liburu horietako bat zela. Zuzeneko musikaren programazioa aztertzen du eta, jaialdi handien eta txikien araketa egitean, bakoitzaren atzean dauden interes turistikoak, ideologikoak, euskaltasunari buruzko ereduak, gure herriaz ematen duten ikuspegia eta beste mila zertzelada aztertzen ditu.
Norbaitek esan dezake, “zenbat jaialdi daude, bada, gurean, dozena erdi bat?” Nik ez ditut Jon Urzelaik aztertzen edo gainetik bederen begiratzen dituenak kontatu, baina dozenaka dira; Bilbok marka guztiak hausten baditu ere, ez baitago herririk kasik, ez behintzat turista batzuk erakarri nahi dituenik, udako jaialditxoren bat antolatzen ez duenik.
Egileak egiten dituen digresioak beti dira argigarriak eta, hala iruditu zait behintzat, musikaren ekosistema jasangarri baten aldeko aldarririk ere suma daiteke lerroen artean.
Biloba zaharrenak eta biok, tarteka, berari asko gustatzen zaion jolas bat egiten dugu etxean: liburutegitik hogei bat liburu ateratzen ditu eta banaka erakusten dizkit. Nik bakoitzaren epaiketa azkar bat egin behar izaten dut eta, ez duela gordetzea merezi ikusten badu, sofaren gainera botatzen du harrika.
Badakit egunen batean, Urzelairen liburuari bere txanda tokatzen bazaio, ez dugula destainaz sofaren gainera botako eta mimo handiz itzuliko dugula apalera, etorkizunean berriro irakurtzeko. •