«Bidegabekeriak salatzeko balio duen hizkuntza unibertsala da artea, musika»
«Askatasun doinua» idatzi berri du, Mariñe Jauregik ilustratu duen ipuina, Palestinaren historia eta egoera umeei azaldu eta elkartasuna adierazteko.
Irakasle lanetan ari den ikastetxearen parean topatu dugu Mitxel Elortza Exea, Gasteizko Zabalgana auzoan. Irakaslea ez ezik, bertako guraso ere bada. “Askatasun doinua” ipuin argitaratu berriaren inguruan hitz egin digu, baita hura sortu zen testuinguruaz eta Palestinako genozidioaz ere.
Zabalganako hezkuntza komunitateko kide aktiboa da Elortza, eta komunitate horrek abiatutako ekimen bateko partaide. Auzoko guraso elkarteek abiatu zuten “Gure haurrak ere badira” Palestinaren aldeko ekimena, eta irakasleen babesa izan zuten. Azken agerraldia joan den asteazkenean egin zuten Gasteizko Parlamentuko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartearen, Ikastolen Elkartearen eta gehiengo sindikalaren babesarekin.
Egunotan Durangon dira Mariñe Jauregi, ipuineko irudien egilea, eta bera. Ondoren, aurkezpen gehiago egingo dituzte Euskal Herriko zenbait herritan, hala nola Bermeon; «Aurkezpen berezia izango da, bertako alkatea palestinar euskalduna da eta», dio Elortzak.
Nondik sortu zen “Askatasun doinua” kontatzeko ideia?
Ideia edo beharra. Joan den urtean eskola publikoko guraso elkartean mugimendu bat sortu genuen, “Gure haurrak ere badira”, palestinar haurrei elkartasuna adierazteko. Auzo honetan sortu zen, gainera. Lehenengo, institutuan egin zuten Palestinaren aldeko elkartasun egun bat. “Paz con Dignidad” elkartearen bitartez, mutil palestinar bat ekarri zuten institutuko nerabeekin solasaldi bat izateko, eta gero dirua biltzeko hamaiketako bat egin zuten. Oso ondo irten zen. Horren ondoren, eskolan zerbait antolatzen hasi ginen, eta gero, kasualitatez enteratu ginen [auzo bereko] Mariturri eskolan ere horretan zebiltzala; orduan, pentsatu genuen auzo mailan zeozer antolatu behar genuela. Hala, auzoko hiru eskolak elkartu ginen, Mariturri, Aldaialde eta Zabalgana, institutuarekin batera, eta abenduan elkartasun mobilizazio bat egin genuen, oso potentea, Bastida plazan.
Ondoren, Lakua auzoko bizilagunek lekukoa hartu eta han antolatu zuten mobilizazioa martxoan. Maiatzean, Gasteiz mailan zeozer antolatu behar genuela pentsatu genuen eta Foru plazan egin genuen ekimen bat. Bildu dugun diru guztia Jabaliako Al-Awda ospitalera bidali dugu beti, “Paz con Dignidad” elkartearen bidez. Ekimen hauetan guztietan murgildurik nengoela, neure buruari galdetzen nion elkartasun keinu hauek guztiak, oso beharrezkoak eta interesgarriak izanda, nola azaldu gure haurrei. Eta ipuin baten bidez adieraztea bururatu zitzaidan. Mariñe Jauregirengana jo nuen proiektua azaltzeko, bere irudien eske, berak baiezkoa eman zidan eta marrazki zoragarri hauek egin zituen.
Ipuineko pertsonaia nagusiak Gaza eta Zisjordania umeak dira.
Umeei istorioa azaltzeko, hori pentsatu nuen, bai, Palestina pertsonifikatzea, hobeto ulertuko zutelakoan, gatazkak beti konplexuak baitira. Familia bat aurkezten dugu. Familia hori betiere Gaza eta Zisjordania baino gehiago da, ulertuz Palestina historikoa ez dela gaur egungo Gaza eta Zisjordania soilik, baizik eta gaur egungo Israelgo Estatua osatzen duen lurralde hori guztia Palestina zela, horregatik irudikatu ditugu seme-alaba gehiago, nahiz ondoren ardatz hartzen ditugun Gaza eta Zisjordania. Txoriak ere agertzen dira, askatasun adierazpide gisa, eta islatu nahi izan ditugu Mediterraneo itsasoa, Jordan Ibaia eta Palestinako lurrak ere; esaldi ezagunak dioenez, «ibaitik itsasora, Palestina aske». Hori irudikatu nahi izan dugu lehenengo irudian.
Ondoren, gure pertsonaiak aurkezten ditugu: Zisjordania, Gaza… Nolabaiteko lotura kulturala egiteko, gastronomiaren aipamen txiki bat, eta, nola ez, musika. Familia musikaria da, Zisjordaniak “mijwiza” jotzen du, klarinete bikoitz bat, Ekialde Hurbilean jotzen dena, eta Gazak “üd” izeneko laute arabiarra.
Baina banatu egiten dituzte; lehenengo, biak familiarengandik, eta gero, elkarrengandik, bata hegoaldera bidalita, Gaza isolatua irudikatzeko, eta Zisjordania mendebaldera. Eta eurek, nahiz eta protesta egin, ez dute lortzen elkarrekin egotea. Ipuinak erakusten du, esate baterako, jolasteko gero eta leku gutxiago dutela, gero eta neurri zorrotzagoak jartzen dizkietela.
Beste pertsonaia bat sartu da: Israel familia.
Bai, eta pentsatu nuen zein den Zisjordanian dagoen arazo nagusia. Kolonoek palestinarrak euren etxeetatik bota egiten dituzte eta gainera etxeak suntsitu egiten dizkiete. Neskak eraikitzen dituen etxeak Israel izeneko familia batek apurtu egiten dizkio. Erakusten da, halaber, nola gainontzeko helduek, nazioarteak, nahiz eta Israeli esan hori ez duela egin behar, ez duten ezer egiten. Badakigu Israelek Nazio Batuek esandakoaren aurka egin duela 75 urtean, eta egiturazko neurriak hartzen ez direnez, behin eta berriro suntsitzen jarraitzen dute. Ondoren Zisjordania isolaturik gera dadin eraikitako hesiarena azaltzen da.
Gazaren kasuan, zer esan, aire zabalean dagoen kartzelarik handiena da, jaten eta edaten dutena kontrolatzen diete… hango herritarrek bizi dutena ulertzeko era errazena kartzela irudikatzea zela pentsatu nuen. Bihotzean min handia sentitzen du, eta inpotentzia, laguntza eskatzen du.
Elkartasun mezu batekin amaitzen da.
Bai. Azkenean, nazkaturik, bakoitzak bere lurraldean, musika tresna hartu eta inoiz inon entzun den musikarik eder eta latzena jotzen du. Eta haurrei galdetzen diegu: «Entzun duzue Gazak eta Zisjordaniak jo duten doinua?». Elkartasun keinuaren bila, ez dadila bakarrik izan ipuina entzun edo irakurtzea, eurak ere askatasun doinu hori mundu osoan zehar barreiatzera animatzen ditugu, protagonista izan daitezen. Elkartasuna susta daiteke artearen bidez, musikaren bidez, bakoitzak nahi duen moduan. Ipuinean esaten den bezala, artea, musika, hizkuntza unibertsala da, esandako guztia adierazteko balio duena, bidegabekeria horiek guztiak salatzeko.
Mariñe Jauregik egin ditu irudiak.
Bai. Collage estiloa erabili du, eta hau oso adierazgarria da, koloretako kartulinak eta paperak erabili ditu forma guztiak egiteko, eta gero dena eskuz egina da, xehetasunak eta atzealde batzuk akuarelaz egin ditu, eta eskaneatu eta xehetasun txikiak ordenagailuz. Nik uste dut horrek puntu berezi bat ematen diola liburuari, zeren gaur egun gehienek ordenagailuz egiten dituzte horrelako ilustrazioak, eta eskuz egindako lana berezia da. Egia esanda, ni oso pozik nago ikusita nik hitzez adierazi nahi nuen hori nola irudikatu duen modu zoragarrian, eta oso pozik berarekin proiektu hau aurrera eraman izanagatik. Oso ondo ulertu dugu elkar.
Zergatik Palestina eta ez, esate baterako, Ukrainako gerra?
Kasu honetan ikusten da argi nola estatu batek bestea zapaltzen duen, kolonialismo hutsa, saharar herriarekin gertatzen den berdina, esan genezake. Ukrainaren eta Errusiaren kasuan oso egoera desberdina da; bi estatu subirano dira, eta Ukrainak Estatu Batuen eta Europako Batasunaren babes osoa dauka. Bai, latza da han bizi dutena; baina, gainera, han ez zen duela bi edo hiru urte hasi gatazka, Donbass eskualdeak zortzi urte zeramatzan Ukrainaren errepresioa jasaten.
Nik ez dut gustuko ez Ukraina ez Errusia, eta egia esateko gehiago kostatzen zait enpatizatzea bai batarekin bai bestearekin, askoz ere konplexuagoa delako. Palestinan oso argi ikusten dut batzuk etorri direla beren lurretara, handik botatzera. Palestinar batzuek gaizki jokatu dutela…? Ez naiz horretan sartuko, iruditzen zait ez dela berdinen arteko gerra bat, genozidioa da. Hori ez zen duela urtebete hasi; 75 urte baino gehiago daramatzate.
Egin didazun galdera bera behin egin zigun pertsona batek. Ukrainaren alde zerbait egin nahi duenak egin dezala, jakina, guk ez diogu inori ezer galarazten. Hau antolatu dugu guraso gehienen sentsibilitatea jasota. Bidegabekeria hau salatu beharra sentitu dugu, eta, beste bat salatu beharra sentitzen duenak, aurrera.
Gazan izaten ari diren hildako zibilak, batez ere haurrak eta emakumeak... ez dut uste horrelako aurrekaririk dagoenik bigarren mundu gerratik hona. Afrikan ere hamaika gatazka dago, eta enpatizatzen dut hango jendearekin, baita errusiar eta ukrainar herriekin ere, sufritzen ari direnekin, baina, tira, Palestinakoa argi eta garbi genozidioa da.
Umeei proposatzen diezuen elkartasun keinua, oro har, jendarteari ere zuzendua da?
Bai. Eta kontuan izanda umeak direla biharko helduak, sentsibilitate hori nik uste dut txikitatik jorratu beharreko zerbait dela. Guk eskolan, guraso eta irakasle bezala ere, bizikidetza eta errespetua landu behar ditugu hasieratik. Duela bi aste bezala, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Badaude gai batzuk, zeinak landu behar diren txiki-txikitatik, etorkizunean haur matxistarik ez hezteko, elkartasuna zer den jakin dezaten edo euskal nortasuna txiki-txikitatik ezagutu dezaten. Gure ardura da, eta guk ere landu beharreko zerbait, bai gurasook, bai irakasleok.
Eta, bakerako deietatik edo gaitzespenetatik harago, ahalmen handiagoa dutenei zer eskatu behar zaie hori geldiarazteko?
Erakunde handiek ez dute ezertxo ere egiten. Alemaniaren adibidea onartezina da. Eurek egin zutenagatik orain besteek nahi dutena egin dezakete? Edozer gauza justifikatzen ari dira. Izan ere, dozenaka mila hildako, desagertuak, horietatik %70 haurrak eta emakumeak, eskola eta ospitaleak suntsituta... marra gorri guztiak zeharkatu dituzte. Eta nazioartearen, batez ere Estatu Batuen babesa daukaten bitartean, jarraituko dute egiten nahi duten guztia. Israel izartxo bat gehiago da AEBen banderan.
Zer egin daiteke? Egin daitekeen garrantzitsuena da, alde batetik, elkartasuna lau haizeetara barreiatzea, eta bestetik, oso kontziente izatea Israeli nola egin diezaiokegun mina, boikot kanpaina aktiboak aurrera eramanez. Eta hori militarki ezingo denez, munduko potentziarik handienaren babesa daukatelako, gutxienez izan dadila zigor ekonomikoen bitartez, izan dadila Israelgo produktuak ez erosiz, bestelako kanpaina batzuen bitartez. CAF bezalako enpresek Zisjordanian badaukate proiektu bat, beste euskal enpresa batzuek harreman zuzena dute genozidioa babesten ari diren Israelgo beste enpresa batzuekin. Nik uste dut honetaz guztiaz kontziente izatea oso inportantea dela.
Zuen dinamika hori Gasteizen hasi eta Euskal Herrian zehar zabalduz joan da?
Bai, Araban hasi zen, Bizkaian martxoan-edo hasi zen eta maiatzerako edo ekainerako Euskal Herri mailan lanean ari ginen. Ikasturte amaieran agerraldi nazional bat egin genuen Bilbon, sare guztiak bat eginda, Euskal Eskola Publikoak eta Ikastolen elkarteak. Azaroaren 20an, Haur eta Nerabeen Eskubideen Egunean, elkarretaratzeak egin genituen eskoletan; hemen hezkuntza komunitate osoa elkartu ginen. Abenduaren 4an Gasteizko Parlamentuko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean agerraldi bat egin genuen eskaera argi batzuk aldarrikatuz: diru partida bat suntsitutako eskolak berreraikitzeko, harreman akademikoak etetea eta haurrentzat korridore humanitario seguruak bermatzea. Ikusten duzunez, batez ere haurrei lotutakoak.
Ipuinaren lehenengo aurkezpena Zabalganako ikastetxean egin zenuten.
Bai, mugimendu guztia hemen hasi genuenez, inportantea iruditu zitzaigun lehen aurkezpena hemen egitea. Aurkezpen horretan bideo bat jarri genuen, liburuaren zenbait irudi erakutsiz, eta bitartean pianoarekin konposizio bat jo nuen, duela urtebete genozidioa salatzeko sortu nuena, “Gaza” izenekoa [Youtuben entzungai].
Izan ere, musika irakaslea zara, besteak beste.
Musika nire pasioa da, eta orain idaztea ere bai. Aurkezpenean, kontakizunaren ondoren, Mariñek bideo bat egin zuen umeek ikusteko Gaza eta Zisjordania pertsonaien sorkuntza prozesua, testurik gabe eta nik musikaz lagunduta. Amaitzeko, tailertxo bat egin genuen, haurrek Gaza eta Zisjordania etxera eramateko: paperean margotutako pertsonaiak eta arropak moztu eta, txikitan ebakigarriekin egiten genuen bezala, jantzi egin zituzten, umeek uler zezaten sortze prozesua.