Komunikabideen bitartez Urquijok jarritako helegitearen berri jaso ondoren, Etxeratek oharra kaleratu du urgentziazko balorazio bat egiteko.
Lehenik eta behin, Etxerat bakea, elkarbizitza eta giza eskubideen alde egiten duen elkartea dela azpimarratu dute.
Haien helburua presoen senide eta lagunek pairatzen dituzten «egoera ankerren» testigantza eman eta haiei behar duten asistentzia ematea da.
Urquijoren erabakia, elkartearen iritziz, Etxeratek «azkenaldian pairatzen dituen kriminalizazio saiakeren» testuinguruan kokatzen da, «euskal gizartean krispazioa zabaltzeko beste saiakera bat da».
Horrez gain, nabarmendu dute «surrealista dela Urquijo bezalako bakearen arerio batek, euskal herritarrek inoiz aukeratu ez duten kargu batek, gure elkartea eta gure elkarteak giza eskubideen alde egiten duen lana iraintzea».
Etxeratek irakurketa hau egiten duen bitartean, gogoratu dute ehunka euskal herritar «espetxera bidean bizitza jokoan jartzen» ari direla.
«Euskal gizarteak dispertsioarekin amaitzeko eskatu du hamaika aldiz. Bitartean, bakearen etsaiek, eskubideak urratzen jarraitzen dute, astebururo, uneoro», esan dute.