@Belastegi
ERRENTERIA

Zozaiako Mari gogoan hartuz igaro da Errenteriatik Emakumeen Mundu Martxa

Zugarramurdiko epaiketetan kondenatua izan zen emakumearen omenez baso bat zabaldu zuten pasa den igandean. Ostegun honetan, Emakumeen Mundu Martxako karabanaren iristearekin batera baso hori landarez betetzeko haziak biltzen hasi dira.

Errenteriatik egin duten kalejirako une bat. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Errenteriatik egin duten kalejirako une bat. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Emakumeen Mundu Martxa Errenterian 10.00etan sartu da eta feministek karabanari herriko erdigunera arte lagundu diote manifestazioan. Emakumeen kontrako jazarpenak salatzen zituzten pankarta ugari eraman dituzte herrian zehar Xenpelar plazaraino iritsi diren arte. Bertan komunikatu bat irakurri dute eta, ondoren, hamaiketakoa egin dute. «Adi egon behar gara sistema berdintasuna dagoela sinestarazi nahi gaituen bakoitzean. Baliteke antzerako soldatak izatea, baina emakumeak etxeko lanak egiten jarraitzen dute», aipatu dute patriarkatuaren akatsetako bat azpimarratuz.

Ondoren, Zozaiako Mari oroitu dute, alegia, Zugarramurdiko epaiketetan harrapatu eta sutan hil zuten emakumea. «Gu bezain desobediente eta sugarretan amaitu zenaren omenez, ‘Zozaiako Mari basoan’ parte hartzera gonbidatzen zaituztegu», aipatu dute. Pasa den igandean inauguratu zuten baso hori emakumeen topaleku eta espazio feminista bat izatea espero dute.

Hamaiketakoa amaitu ostean, guztiak batera Gabierrotaraino kalejira egin dute, leloak ozen esanez eta dantzan. Lorategi horretan ekimen polit bat egin dute. Eskutik heldu dira bertaratutakoak eta, antolatzaileek zehaztutako erritmoari jarraituz, abesti bat kantatzen asi dira. Ondoren, multzo desberdinetan banatu eta haziak pasatu dituzte eskutik eskura. Amaieran, hazi batzuk karabanari eman dizkiete, herri guztietan egiten ari diren bezalaxe. Tafalla, Iruñea eta Hazparneko talde feministek, gainera, hazi batzuk eman dizkiote Zozaiako Mariren Basoan landatu ditzaten. Gabierrotako lorategi horretan Mundu Martxa bertatik pasatu dela oroitzen duen mosaiko bat dago orain.

12.00etan Errenteriatik atera eta Zumaiara abiatu da. Ondoren Hernanira joango da non umeentzako jolasak, musika, eskulan tailera, argazki erakustea eta luntxa izango diren. 19.00etan Tolosara joango da karabana eta bertan egingo du gaua.