NAIZ
IRUÑEA

Sorian Europako esne ustiategi handiena eraikitzeko asmoaz ohartarazi du EHNEk

Nafarroako Valle de Odieta kooperatibak Soriako Noviercas herrian 20.000 esne behiko industria «erraldoia» sortu nahi duela eta horrek ekonomian zein ingurugiroan izango lituzkeen kalteez ohartarazi du EHNEk.

Ohar baten bitartez, EHNE kide den COAG, Nekazaritza eta Abeltzaintzako elkarteen koordinkaundeak «#Noviercas: #EstaGranjaNoEsLaLeche» lemapean, Sorian Europako esne ekoizpenerako industria handiena eraikitzeko asmo duen proiektuaren aurka hasi duen sentsibilizazio kanpainaren berri eman dute.

Madrilen bilduta, erkidegoetako esne sektoreko arduradunek Nafarroako Valle de Odieta kooperatibak Noviercasen (Soria) eraiki nahi duen proiektuak ekonomian zein ingurugiroan eragingo lituzkeen kalteak izan dituzte aztergai.

Euskal Herritik 200 kilometro baino gutxiagora dagoen herrian 20.000 esne behiko industria sortzeak kantauri isurialdeko baserri guztiak (Nafarroako 168 eta EAEko 360 barne) «kinka larrian» utziko lituzkeela ohartarazi du EHNEk. Urtean 180.000 esne litro ekoizteko gaitasuna edukiko luke ustiategiak, landa inguruneko 726 lanpostu suntsituz.

Zentzu horretan, EHNEk gogorarazi du ustiategi txikiak direla «kalitatezko produktuak ekoiztea bermatzen dutenak» eta salatu du 20.000 behiko ustiapena «bideragarritasunaren aurka» doala, «herri bakoitzak bere elikadura burujabetza lortzeko duen eskubide deuseztatzearekin batera».

Datozen asteotan, COAGek Kongresuko alderdiekin hasiko duen bilera errondari jarraituz, EHNEk bertako gobernuekin bilerak egingo ditu, txostenen ondorioak azaldu eta halako «munstro handi» batek ekar ditzakeen kalteen berri emateko. Europako Legebiltzarreko kideekin ere bilerak egingo dituzte.