Txapelketako bikote gazteenak indartsu ekin dio Binakakoari. Jokin Altunak (21 urte) eta Julen Martijak (20) erakustaldi aparta eman dute gaur ere Labriten eta ligaxkako hirugarren garaipena poltsikoratu dute, lau partida besterik jokatu ez direnean.
Hasiera hobea eman diote neurketari Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak. Beraien pilotarekin nagusitu egin dira piloteoan eta 5-2 eta 6-3 aurreratu dira markagailuan. Zabaleta zartada ederrak ematen ari zen atzean, eta Ezkurdia ere jokatzeko zegoela ematen zuen.
Baina pilota aldatzearekin batera Jokin Altuna bilakatu da partidako protagonista. Airez jokoa behin eta berriro nahasiz, gorriak dantzan ipini ditu eta urdinen buelta etorri da. Kolore guztietako tantoak egin ditu amezketarrak –11 guztira, eta beste 3 sakez–, baina asko arriskatuz lortu du hori, eta pilota batzuk ere galdu ditu azkenerako –6 guztira, horietatik 4 zuzen-zuzenean txapara joan diren erremateak–.
Altunaren jokoak laukoteko beste hiru pilotariengan ere eragina izan du. Martija lasaitu egin da atzean, eta oso seguru jokatu du –pilota bat ere sartu du errebotean–. Zabaletak, aldiz, asko ibili behar izan du kantxan, eta Ezkurdiak ere, behin konfiantza galduta, sekulako arazoak izan ditu tantoa amaitzeko –5 egin eta 4 galdu–.
Saiatu arren, gorriek ez dute lortu joera aldatzea, eta aldeak apurka-apurka handitzen joan dira: 6-6 eta 7-7 berdinketak atzean utzi, 12-18tik igaro, eta 14-21 eta 15-22an amaitu, neurketa osoko alderik handienarekin.
«Julen urduri samar hasi da. Beraiek min egiten ziguten beraien pilotarekin, abiadura handian ibili dutelako, baina gure esperantza zen pilotak gastatutako zirela. Halaxe izan da eta hortik aurrera hobeto ibili gara. Julenek sekulako lana egin du eta nik lortu dut aurrean asmatzea, nahiz eta asko arriskatzen denean galdu ere egiten diren pilota batzuk», aztertu du Altuna III.ak Labriten gertatutakoa.